Curriculum vitae
Ingeborg Bachmann

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2012

 

Luzea da gaua hil ezin duen

gizonarentzat, luzaro kulunkatzen da

farolenpean haren begi biluzia, eta

haren begia pattar hatsak itsutua,

eta azazkalpeko haragi bustiaren usainak

ez du beti durduzatzen, oi jauna,

luzea da gaua.

 

Makinen sabeletik sortu nintzelako

ez zait ilea urdintzen, Larrosagorrik

galipotez igurtzi zizkidan bekokia

eta tximak, itoa zuten ahizpa,

Edurra bezain zuri. Ni, ordea,

tribuko buruzagi, ehun mila arima

hamar bider zituen hiritik igaro nintzen,

nire oinek arimaren kakalardoak

zapaltzen zituen larruzko zeruaren azpian,

eta handik zintzilik ehun mila bake-pipa

hamar bider, hotz-hotzak. Aingeruen jabalaldia

opa nahi izan nion neure buruari gero,

eta ehizatokiak, adiskideen deiadar

ahalmenik gabez beteak.

 

Hankalepoka eta hegoak zabal

igo zait gainera gazteria,

simaurraren gainera, jasminarenera,

erro koadroaren sekretuaren

gau bazterrik gaberantz, herioren elezaharrak

lausotzen du ene leihoa orduoro,

emadazue esne-belarra eta isuri

eztarrian behera gure zaharren irria,

loaldi lotsagarrian

orri multzoen gainean etzaten naizenean,

ez nazan pentsatzeak sorgindu,

egin dezadan jolas sugeak

eskegitzen diren mortxilekin.

 

Gure amek ere egin zuten amets

senarren etorkizunarekin,

indartsu ikusi zituzten,

iraultzaile eta bakarti,

baina erretiroa hartu dutenetik

makurtuta ikusi dituzte ortuan

belar txar gartsuen gainean

beren maitasunaren emaitza

hitzontziarekin eskuz esku.

Aita goibel hori, zergatik

isildu zineten eta ez

duzue gogoetan jarraitu?

 

Suzko jauzietan galdurik, gau batez

tirorik egiten ez duen kanoi baten

ondoan, alua da bada gaua, ilargi horixka

mingotsaren karkaxapean, haren

behazunezko argiak garbialdi bat

ematen dio botere ametsaren arrastoari

ene gainean(eta nik ez diot eragozten)

trineoak historia edertuak daramatzatela.

Ez nengoen lo: itzarririk nenbilen,

bide bila hezurdura izoztuen artean,

etxean sartu nintzen, untza beso-zangoetan

bildurik nuela, eta hondakinak zuritzen zituen

eguzkiaren hondarrekin.

Jai egin nuen jai egunetan

eta bedeinkatua zegoenean baino

ez nuen ogia zatitzen.

 

Garai harroetan arin joan behar da

argi batetik bestera, herri batetik

beste batera, Erromako zubiaren azpitik

konpasorratza bihotzean,

gaua irrati hartuta.

Atez ate zabalik. Mendietatik

lakuak ikusten dira, lakuetan mendiak

eta hodei-multzoetan

mundu bateko kanpaiak kulunka.

Hori guztia, galerazia zait.

 

Ostiral batean gertatu zen:

—neure biziagatik nengoen baraurik

airea jarioan limoien zukutik

eta ahosabaian nuen arantza

orduan atera nuen arrain irekitik

ni jaio nintzenean jaurti

eta gauaren ibaian erorita

hondora joan zen eraztuna.

Gauera itzuli nuen ostera ere.

 

Oi, ez banintz heriotzaren beldur!

Hitza banu

(eta ez banu kalerik egingo)

ez banu kardorik bihotzean

(eta uko egingo banio eguzkiari),

ez banu betazala zabalduko

(eta ez banu soka ikusi izango)

Zerutik ari dira tiraka?

Ez banindu lurrak eutsiko

denbora da gauak

nahi nuen tokian nengokeela,

sudur-hegalak puztu eta

apatxak altxa ditzan baino lehen

beste kolpe bat emateko,

beti emateko.

Beti gaua.

Inoiz ez eguna.

 

Curriculum vitae
Ingeborg Bachmann

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2012