Egunero
Ingeborg Bachmann

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2012

 

Orain ez da gerla deklaratzen,

jarraitu egiten da. Aitorrezina

eguneroko bihurtu da. Heroia

borrokatik urrun dago.

Makala su-mugaraino iritsi da.

Egunoroko uniformea egonarria da,

ohore-domina, itxaropenezko

izar negargarria bihotzaren gainean.

 

Ezer gertatzen ez denean

ematen da,

kanoi hotsak isildu direnean,

etsaia ikusezin bihurtu denean,

eta betiereko armen gerizak

zerua iluntzen du.

 

Banderak abandonatzeagatik

ematen da, lagunaren aurrean

erakutsitako adoreagatik,

duin ez diren sekretuak zabaltzeagatik

eta agindu orori

men ez egiteagatik.

 

Egunero
Ingeborg Bachmann

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2012