Gerorako utzitako garaia
Ingeborg Bachmann

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2012

 

Sasoi latzagoak datoz.

Hurrengo agindura arte atzeratutako

garaia ostertzean ageri da.

Laster oinetakoak lotu beharko dituzu,

txakurrak paduretako etxoletara itzuli,

izan ere hoztu egin baitira

arrainen erraiak haizebean.

Ahula da eskuzurien argia.

Zure begirada behelainoa arakatzen:

Hurrengo agindura arte atzeratutako

garaia ostertzean ageri da.

 

Han hondoratzen zaizu maitea hondarretan,

haren adats-uhinetan gora igotzen da,

hitza ebasten dio,

isiltzeko agintzen,

hilkorra irizten dio,

eta gertu agurrerako

besarkada bakoitzaren ostean.

 

Ez begiratu atzera.

Lotu oinetakoak.

Eroan txakurrak bueltan.

Bota arrainak itsasora.

Itzali eskuzuriak!

 

Sasoi latzagoak datoz.

 

Gerorako utzitako garaia
Ingeborg Bachmann

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2012