BLUMENFELD-EN HIRUROGEITA HAMARGARREN URTEBETETZEAN
Hannah Arendt

1954
euskaratzailea: Hedoi Etxarte
armiarma.eus, 2018

 

Dena esan dut jada

eta ez dut

kantatzeko besterik:

propagandista eta liderra

eta oratoriaren maisua,

izpirituaren arkitektoa,

hezitzailea: maisua eta oharrarazlea,

profeta eta ganbara musikako zuzendaria,

garai baten adierazlea,

iraultzaile kontserbadorea

eta beti deskontent,

erdibideen destainari,

haserrekorra, atsegina, xarmagarria,

begi distiratsuak

eta sibarita handi bat

gozamen onen zalea,

aliantzan anai

eta erasotzailea eta xaxatzailea,

ikertzailea eta aztertzailea,

eternitatearen balioekin eta orainaldiko lanarekin,

indartsuak soilik

egin ditzake aliantzak,

aita patuari maitasuna, eta amari eta aitonari,

eta seme-alabei eta bilobei,

iraultza pazientziaz,

ekialdearen eta mendebaldearen dibana eta Hatem eterno bat,

eta funtsezkoa dena: balio judutarren egilea,

Ranke-rekin eta Burckhardt-ekin,

eta Fichtek nazioaz zituen Diskurtsoekin.

Zer gehiago esan dezaket,

zezelka dezaket,

zure aurrean?

Deserrotzen handia

eta muturrera eramaten lagunak,

beti dutelako beldurra,

izuagatik ala dardaragatik,

sumendien labaren erupzioagatik

arerioek eta etsaiek zentzugabekeriekin

erreplikatzen duten aldiro.

O, maisua eta laguna,

askori ahaztu zaie

zure giza profila marraztea

zeren, distantziarengatik

eta uzkurkeriarengatik,

otoizlariak eta adoratzaileak direnez,

apaiz atseginak direnez,

esker onez, beren idolo gurtuaren sakrifizioari

topa egiten diotela.

 

Eta halako batean, hiri ezagun baten

azokaren plazaren erdian geunden,

han ikasi genuen eta han bizi ginen,

eta han ikasi eta egin genuen historia,

eta gaua oso sakona zenez

patxada hartzera

joan nahi izan genuen,

baina despedida hau

berriz ere eleberri eta erromantze bihurtu zen,

zeren amaitu beharrean

zu berriz ere hasten zinen,

zu berriz hasten zinena:

besteek gauzak bukatu zirela uste zutenean,

eguneko lana bukatu zela,

pentsamendu berriekin esnatzen zinen,

eta guk entzuten zintugun lilurarekin,

jakintza sokratikoarekin,

eta gustuz men egiten genion

geure gida gorenari.

Geldiki logureak menderatzen gintuen

eta zu gaueko oharrarazlea bihurtzen zinen.

 

Eta nola esertzen zinen gero

adeitasunez lezioak ematera,

distiratsu eta apetatsu,

garagardoa aurrean

eta lagunak inguruan,

nola hitz egiten zenuen hotsandiko ahotsarekin

handia den zerbaiti buruz hitz egitean bezala –

sukaldariekin

menuko plater desberdinei buruz,

saltsei eta errekiei buruz,

eta ardo hobezinak dastatzen zenituen,

gero emakume eta neskatilez hitz egiteko,

Shakespeareren eta Goetheren

pertsonaiak balira bezala.

–––

Kurt maitea: honetan datza

gizakiaren gizatasuna ulertzea.

 

 

Hau da Arendtek idatzi zuen 57.olerkia. 1954Ko maiatzaren 24an bidali zion, gutun bidez, Kurt Blumenfeld (1884 – 1963) lagunari. Arendt eta Blumenfelden laguntasuna politikoa zen, bereziki. Blumenfeld izan zen Arendt juduen aferetara iniziatu zuena. Asimilazioaren problemaz hitz eign zuen eta, Nordmann-en aburuz, Arendtentzako eragin filosofiko nabarmena eragingo zuen. Blumenfeld Ekialdeko Prusian (egun Polonia) jaiotako sionista alemana izan zen. 1911tik 1914ra Munduko Sionisten Erakundeko idazkari orokorra izan zen.

 

BLUMENFELD-EN HIRUROGEITA HAMARGARREN URTEBETETZEAN
Hannah Arendt

1954
euskaratzailea: Hedoi Etxarte
armiarma.eus, 2018