PATIO BAT NIRE BIHOTZA
Marcos Ana

Mi corazón es patio
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2016

 

Lurra ez da biribila:

patio karratu bat da

non gizakiak eztainuzko zerupean

biraka dabiltzan.

Amets egin nuen:

mundua ikuskizun biribila zen

zeruak bildua,

hiriak zituen, eta soroak,

oro bake, garia eta musuak,

ibaiak zituen, mendiak eta

bihotzak eta itsasontziak

zebiltzan itsaso zabalak.

Baina mundua patio bat da

(gizakiak tarterik gabe biraka)

Batzuetan, leihora igota,

amesten dudan argizko bizitza

ukitzen dut eta orduan diot: “Mundua

patio hau eta higatzen nauten

lauza beldurgarri hauek

baino zerbait gehiago da”.

Eta muino askeak entzuten ditut,

ahotsak ezki artean, urkamendia

estutzen duen ibaiaren hizketaldi urdina.

“Bizitza da”, dioste lurrinek,

kardantxiloen kantu gorriak,

musikak egunaren edontzi zuri-urdinean,

mutil kozkor baten barreak…

Baina pizgarria da amets egitea

(nire burdin-sarea soroetara ageri den

amets baten saihetsaldea da)

Egunargitu egiten naiz, eta orduan

‑ametsetik kanpo‑ oro da patioa:

tarterik gabe gizakiak biraka dabiltzan patioa.

Hainbeste mende igaro da

horman artean jaio nintzenetik,

non munduaz ahantzi naizen,

ahantzi naiz zuhaitzaren kantuaz,

amodioak ezpainetan pizten duen pasioaz,

eta ez dakit baden giltzarik gabeko aterik

eta iltzerik gabeko beste eskurik.

Eta hala nago, ametsetik kanpo

dena patioa delakoan.

(Hobizko zerupe bateko patioa,

urratua, murruek eta tximistorratzek

sastakatzen eta zedarritzen dutena).

Eta orain ametsak ere ez narama

libre izan nintzen urteetara.

Orain dena, dena, dena ‑baita

ametsa bera ere­ patioa da.

Patio bat non nire bihotza,

iltzaturik, biraka dabilen;

nire bihotza, biluzik;

nire bihotza, aldarrika;

nire bihotza, patio baten itxura duena.

(atsedenik gabe gizakiak biraka dabiltzan patioa).

 

PATIO BAT NIRE BIHOTZA
Marcos Ana

Mi corazón es patio
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2016