ENKANTEA
Maria Fernanda Ampuero

Subasta, 2012
euskaratzailea: Maialen Otxandorena
arm,iarma.eus, 2026

 

        Lekuren batean oilarrak daude.

        Hemen, belauniko, burua makurtuta eta trapu zikin batekin tapatuta nagoela, oilarrak entzutean kontzentratzen naiz, ea zenbat diren, ea kaiolan edo eskortan dauden. Aita oilar-hazlea zen, eta ez zuenez ni norekin utzi, borroketara eramaten ninduen. Hasieran negar egiten nuen oilartxoa hondar gainean akabatuta ikustean eta hark barre egin eta neskato esaten zidan.

        Gauean, oilar erraldoiek eta banpiroek nire tripak irensten zituzten, oihu egiten nuen eta nire ohera etortzen zen eta berriz ere neskato esaten zidan.

        — Nahikoa dun, ez hadi izan hain neskato. Oilarrak ditun, arraioa.

        Gero jada ez nuen negarrik egiten oilar galtzailearen tripa beroak hautsarekin nahasten ikustean. Ni nintzen luma-bola hori eta erraiak jasotzen eta zakarretara eramaten zituena. Nik esaten nien: agur oilartxo, izan zaitez zoriontsu zeruan, han hamaika zizare eta landa eta artoa eta oilartxoak maite dituzten familiak daude eta. Bidean nindoala, oilar-hazleren batek beti karamelu edo txanponen bat ematen zidan hark ni ukitu edo musukatzearen truke edo nik hura ukitu edo musukatzearen truke. Beldur nintzen aitari esanez gero, berriz ere neskato deituko ote zidan.

        — Nahikoa dun, ez hadi izan hain neskato. Oilar-hazleak ditun, arraioa.

        Gau batean, oilar bati sabela lehertu zitzaion nik besoetan panpina baten modura neraman bitartean, eta orduan ohartu nintzen hain zangarrak ziren gizon horiei, oilar batek bestea goitik behera zabaltzeko oihu eta jo egiten zuten horiei, nazka ematen zietela kakak, odolak eta hildako oilarraren erraiek. Beraz, nahaste horrekin igurzten nituen eskuak, belaunak eta aurpegia eta ez ninduten gehiago izorratzen musu eta tontakeriekin.

        Aitari esaten zioten:

        — Hire alaba munstro bat duk.

        Eta hark erantzuten zien haiek oraindik munstro handiagoak zirela eta likore basoekin topa egiten zuten.

        — Hi munstroagoa. Topa.

        Oilartoki bateko usaina nazkagarria da. Batzuetan izkina batean lo geratzen nintzen, harmailen azpian, eta gizon horietakoren batek esnatzen ninduen eskolako uniformearen azpitik nire barruko arropari begira zegoelako. Horregatik, lo hartu aurretik, oilar baten burua sartzen nuen hankartean. Batena edo askorena. Oilartxoen buruekin eginiko gerriko bat. Gona bat igo eta erauzitako burutxoak aurkitzea ez zitzaien gustatzen matxo horiei.

        Batzuetan aitak esnatzen ninduen hesteak ateratako beste oilar bat zakarretara botatzeko. Batzuetan bera joaten zen eta adiskideek galdetzen zioten ea zer demontretarako zuen neska eta maritxu bat zela esaten zioten. Odola zurrustaka zerion oilar puskatua hartuta ateratzen zen. Atetik musu bat jaurtitzen zien. Adiskideek barre egiten zuten.

        Badakit hemen, nonbaiten, oilarrak daudela usain hori milaka kilometroetara egonda ere ezagutuko nukeelako. Nire biziaren usaina, nire aitaren usaina. Odol, gizon, kaka, likore merke, izerdi garratz eta koipe industrial usaina dago. Ez da oso argia izan behar jakiteko hau leku klandestino bat dela, auskalo nongo leku urrun bat dela eta oso baina oso izorratuta nagoela.

        Gizon batek hitz egin du. Berrogei bat urte izango ditu. Lodi, burusoil eta zikin irudikatzen dut, mahukarik gabeko kamiseta bat, galtzamotz eta plastikozko txankleta batzuk soinean, eta hatz txikian zein lodian azkazal luzeak dituela irudikatzen dut. Pluralean hitz egiten du. Hemen nitaz gain beste norbait dago. Hemen jende gehiago dago belauniko, burua makurtuta eta tela nazkagarri honekin tapatuta.

        — Tira, lasaitu gaitezen, zeren eta soinu bakar bat egiten duen putakumeari tiro bat botako baitiot burura. Denak elkarlanean aritzen bagara, denok osorik irtengo gara gaur gauetik.

        Haren sabela nabaritzen dut nire buruaren kontra eta gero pistolaren kanoia. Ez, ez dabil txantxetan.

        Nire eskuinean metro batzuetara dagoen neska bat negarrez hasten da. Pentsatzen dut ezin izango zuela pistola lokian sentitzea jasan. Zaplazteko bat entzuten da.

        — Polit hori. Hemen niri inork ez zidan negarrik egiten, aditzen? Edo jainkoari kasu egitera joateko presa dun?

        Gero, pistoladun lodia pixka bat urrundu da. Telefonoz hitz egitera joan da. Zenbaki bat esaten du: sei, sei putakume. Eta gero dio oso aukeraketa ona, ederra, azkenaldiko hoberena. Ez huts egiteko gomendatzen dio. Dei mordoxka bat egiten ditu bata bestearen atzetik. Momentu batez, gutaz ahazten da.

        Nire ondoan telaren ondorioz erdi itota atera den eztul bat entzuten dut, gizon baten eztula.

        — Banuen honen berri —esan du, ahapeka—. Uste nuen gezurra zela, elezahar bat. Enkante deitzen zaie. Taxi-gidariek dirua eman dezaketela uste duten bidaiariak aukeratzen eta bahitzen dituzte. Gero erosleak hona etorri eta haien gogokoenen truke dirua eskaintzen dute. Eraman egiten dituzte. Haien gauzen jabe egiten dira, eta lapurtzera behartzen dituzte, haien etxeak irekitzera eta kreditu-txartelen zenbakiak ematera. Eta emakumeei. Emakumeei.

        — Zer? —galdetzen diot.

        Emakumea naizela jabetzen da. Isilik geratu da.

        Gau hartan taxira igo nintzenean pentsatu nuen lehen gauza zera izan zen, azkenean.  Nire burua eserlekuaren kontra jarri eta begiak itxi nituen. Hainbat kopa edanak nituen eta izugarri triste nengoen. Tabernan itxurak egiten aritua nintzen: gizon hura eta biok adiskideak baino ez ginela antzezten. Gizonaren eta haren emaztearen aurrean. Beti antzezten dut, ona naiz antzezten. Baina taxira igo nintzenean arnasa bota eta neure buruari esan nion a zer lasaitasuna: etxera noa, negar bizian aritzera. Uste dut momentu batean lo geratu nintzela eta, bat-batean, begiak irekitzean, hiri ezezagun batean nengoen. Poligono batean. Hutsik. Ilun. Burmuina irakinarazten duen alerta: bizitza izorratu zaizu.

        Taxi-gidariak pistola bat atera zuen, begietara begiratu zidan, eta adeitasun barregarri batez esan zidan:

        — Iritsi gaitun, andereño.

        Gerokoak azkar gertatu ziren. Nik segurtagailua jarri aurretik atea ireki zuen norbaitek, trapua burura bota zidan, eskuak lotu zizkidan, oilartoki ustel usaindun garaje moduko hartara sartu ninduen eta izkina batean belaunikarazi ninduen.

        Elkarrizketak entzuten dira. Lodia eta beste norbait, eta gero beste bat eta beste bat. Jendea dator. Algarak entzuten dira, baita garagardoak nola irekitzen dituzten ere. Belar eta usain pikantedun beste zikinkeriaren baten usaina dator. Nire ondoko gizonak badarama aldi bat lasai egon nadin esan gabe. Bere buruari esaten egongo da.

        Lehen aipatu du zortzi hilabeteko haurtxo bat eta hiru urteko mutikotxo bat duela. Haiengan pentsatzen egongo da. Eta drogazale horiengan, bizi den urbanizazio pribatuan sartzen. Bai, hori pentsatzen dabil. Bere burua imajinatzen du autoa tailerrean dagoenetik gauero egiten duen modura segurtasun-zaindaria agurtzen, basapiztia horiek atzetik doazen bitartean, makurtuta. Emazte ederra, zortzi hilabeteko haurtxoa eta hiru urteko semea dituen etxean sartuko ditu. Bere etxean sartuko ditu.

        Eta ezin du ezer egin hori aldatzeko.

        Urrunago, eskuin aldera, zurrumurruak entzuten dira eta neska bat negarrez, ez dakit lehengo neska bera ote den. Gizon lodiak tiro egiten du eta denok lurrera egin dugu, ahal bezala. Ez digu guri tiro egin, baina tiro egin du.  Berdin du, izuak erdibitu gaitu. Gizon lodiaren eta haren adiskideen algarak entzuten dira. Gerturatu egin dira eta gelaren erdigunera mugitu gaituzte.

        — Beno, jaunak, andereak, gaur gaueko enkantea irekita geratzen da. Zer ederrak, zer itxura onekoak, jar zaitezte hemen. Etor hadi honago, polit hori. Hori dun.  Beldurrik gabe, laztana, ez dinat hozkarik egiten. Horrela gustatzen zaidan. Hartara jaun hauek zuetako nor eraman aukeratuko dute. Jaunak, arauak betikoak dira: diru gehiena ematen duenak perla handiena eramango du. Armak hemen utziko dizkidazue enkanteak irauten duen bitartean; nik gordeko dizkizuet. Eskerrik asko. Atsegin handiz hartzen zaituztet, beti bezala.

        Lodiak munduko telesail higuingarriena zuzenduko balu gisa aurkezten gaitu. Ezin ditugu ikusi, baina badakigu lapurrak daudela guri begira, gu aukeratzen. Eta bortxatzaileak. Seguru bortxatzaileak ere badaudela. Eta hiltzaileak. Agian hiltzaileak ere badaude. Edo zerbait are okerragoa.

        — Jaaaaaaaun eta andreeeeeeeak.

        Lodiari ez zaizkio gustatzen mainak egiten dituztenak, ezta umeak dituztenak eta etsi-etsian ez dakizu noren kontra zabiltzan oihukatzen dutenak ere. Ez. Eta oraindik gutxiago kartzelan ustelduko dela mehatxatzen duten horiek. Horiek guztiek, izan emakume edo gizon, sabelean ukabilkadak jaso dituzte jada. Jendea arnasarik gabe lurrera erortzen entzun dut. Ni oilarretan kontzentratzen naiz. Agian ez dago oilar bat ere. Baina nik entzuten ditut. Nire barnean. Oilarrak eta gizonak. Nahikoa dun, ez hadi izan hain neskato, oilar-hazleak ditun, arraioa.

        — Jaun honek, nola izena du gure lehenengo partaideak? Nola? Hitz egin ezak altu, motel. Ricardoooooo, ongi etorriiiii, markako ordulari bat darama soinean eta Adidas zapatila batzuk, onaaak diren horietakoak. Ricardoooook diiiiiiiiruaaaaaaa izan behar du. Ea zer dagoen Ricardoren diru-zorroan. Kreditu-txartelak, epaaaaaa, Messiren Visa Goooooolda.

        Txiste txarrak egiten ditu gizon lodiak.

        Ricardoren truke dirua eskaintzen hasten dira. Batek hirurehun eskaintzen ditu, besteak zortziehun. Lodiak, gainera, dio Ricardo urbanizazio pribatu batean bizi dela hiriaren kanpoaldean, Vistas del Ríon.

        — Txirook gerturatu ere ezin garen lekuan.  Hor bizi da gure adiskide Riqui. Riqui dei diezaaket, ezta? Riqui Ricón bezala.

        Ahots beldurgarri batek bost mila dio. Ahots beldurgarriak eramaten du Ricardo. Besteek txalo egiten dute.

        — Bibotedun jaunari bost milaren truke esleituta!

        Nancy, ahots mehe ahulez mintzatzen den neska, ukitu egiten du gizon lodiak. Halaxe ondorioztatu dut, begira zer titi, zer gozo, zer tente, zer titiburutxo esaten baitu eta lerdea zurrupatzen baitu eta gauza horiek ez baitira ukitu gabe esaten eta, gainera, zerk galarazten dio ukitzea, nork. Nancyk gaztea dirudi. Hogeita gutxi. Erizaina edo hezitzailea beharbada. Lodiak biluztu egiten du. Gerrikoa eta botoiak askatzen dituela entzuten dugu eta barruko arropa kentzen diola, nahiz eta hark hainbestetan eta hainbesteko beldurrez esaten duen mesedez, ezen guk gure trapu zikinak malkoz busti ditugun. Begira ezazue ipurditxo hau. Ai, zer gauzatxoa.  Gizon lodiak Nancy zurrupatzen du, Nancyren uzkia. Miazkadak entzuten dira. Gizonek xaxatu, orro eta txalo egiten dute. Eta gero haragiak haragia jotzean egiten duen hotsa. Eta uluak. Uluak.

        — Jaunak, hau ez dut bizioarengatik egiten. Kalitate-kontrola da. Hamar bat ematen diot. Hortxe, ondo garbitzen duzue eta gozamen hutsa da gure Nancy.

        Benetan ederra izan behar du segituan bi mila, hiru, hiru bostehun eskaintzen baitituzte. Nancy hiru bostehunen truke saldu dute. Sexua dirua baina merkeagoa da.

        — Eta urrezko eraztuna eta gurutzea daraman jauna da ipurditxo hau eskuratu duen zorteduna.

        Banaka-banaka saltzen gaituzte. Nire ondoko mutilari, zortzi hilabeteko haurra eta hiru urteko semea duenari, gizon lodiak atera ziezaiokeen informazio guztia atera dio eta orain ur handiko izugarrizko arraina da enkanterako: dirua hainbat kontutan, goi-mailako exekutiboa, enpresari baten semea, artelanak, seme-alabak, emaztea. Loteria da gizona. Segur aski bahitu egingo dute eta gero erreskatea eskatu. Bost mila eskaintzen hasten dira. Gero hamar arte igotzen da eta gero hamabost mila. Hogeian gelditzen da. Aurkari gisa inork nahi ez duen batek eskaini ditu hogei horiek. Ahots berri bat. Soilik horretara etorri da. Ez zegoen denbora txikikerietan galtzeko prest.

        Gizon lodiak ez du inongo iruzkinik egiten.

        Nire txanda iristean, oilarrengan pentsatzen dut. Begiak itxi eta esfinterrak irekitzen ditut. Nire bizitza osoan egingo dudan gauzarik garrantzitsuena da, beraz, ondo egingo dut. Hankak, oinak eta lurra zikintzen ditut. Gelaren erdian nago, gaizkilez inguratuta, abere bat banintz bezala erakusten naute eta abere batek egingo lukeen bezala, nire sabela husten dut. Ahal dudan modura hanka bat bestearen kontra igurzten dut eta tripak ateratako panpina baten jarrera hartzen dut. Ero baten modura oihuka hasten naiz. Burua astintzen dut eta ahopean lizunkeriak esaten ditut, asmatutako hitzak, arto eta zizare amaigabeekin bizi ziren zeruko oilarrei esaten nizkien gauzak.  Badakit gizon lodia ni tirokatzeko zorian dagoela.

        Aitzitik, zartako bat eman eta ahoa txikitu dit eta mihia ebaki dut hozkada batez. Odola nire bularretik behera erortzen hasi da, urdailetik behera, hala kaka eta gernuarekin nahastuz. Barrez hasten naiz, burua galduta, barrez, barrez eta barrez.

 

        Gizon lodiak ez daki zer egin.

        — Zenbat eskaintzen duzue munstro honengatik?

        Inork ez du ezer eskaini nahi.

        Lodiak nire ordularia, mugikorra eta diru-zorroa eskaintzen ditu. Dena merkea da, txinatarra. Titiak heltzen dizkit giroa berotzeko asmoz eta nik oihu egiten dut.

        — Hamabost, hogei?

        Baina ezer ez, inork ez.

        Patio batera jaurti naute. Autoak garbitzeko mahuka batekin goitik behera busti naute eta gero, blai eginda, auto batera igo eta hiri inguruan oinutsik eta zorabiatuta utzi naute.

 

ENKANTEA
Maria Fernanda Ampuero

Subasta, 2012
euskaratzailea: Maialen Otxandorena
arm,iarma.eus, 2026