HOGEITA BOST EGUN
Adonis

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2016

 

1

Penetan, zarpaildurik

olatu eginda Gazan

eta bertako mitoetan legez

ageri dira irudiak.

Beirut txinpartetan sortu da

olatu egin da, gorantz doa

eta zikindu egiten du

alaitasunaren lurraldea.

 

2

Seme-alabengatik ardura. Non? Zer?

Errautsa da erantzuna.

Eskukada lur hartu du,

makurtu egin da, musu eman dio.

Eta negar egiten du.

Lur honen eta haren betazalen artean

maitasun eta promesa aroa dago.

 

3

Ken iezaiozue zabor zahar hori!

Urrundu estalkia egituratik:

zeruari eman dio betartea. 

 

4

Geure etxera itzuli

hondamendia eta gida-liburua?

 

5

Goizaldean margotzen

tunel bat beste baten barnean bezala:

argia izu da,

argiak zalantza begiak ditu.

 

6

Nola? (igo edo jaitsi, ez dago alderik)

Zertarako egin bidea elkarrekin?

Zertarako izan lagun?

Bidea ez da bide

eta zu ez zara zu.

 

7

Zurtuta eguzkia, kokoriko:

zer esango die udaberriak

bere seme-alabei neguan?

 

8

Burdina idazten dute eta nik

umeentzako himno bat. Majj,

ez ezazu argirik piztu etxean

gaur gauean.

Gure bila dabil burdina,

bekaitza digu,

sumendia lehertarazi eta zerua estaltzen du.

 

9

Ez da ohatzerik, har nazazu zuk nahi bezala

esfera balditu honetan.

Nora joan, orduan? Ez dago biderik baina…

hemen da bonba-zarta.

Infernu ero, erraria.

 

10

Zeruagatik, zeruari idatzi diodan horregatik

guztiagatik odolusten dira mitoak.

Eta Jauna ezproika artaldeari

-baporeak aire gainean lasterka.

 

11

Zerumuga zarratu, estua.

Zerumuga iheserakoa,

ez dut palmondoa beste lagunik nahi.

Zorioneko palmondoa!

 

 

12

Negarrez euria.

Aireak, errukituta, betazalak xukatzen dizkio.

 

13

Garretan urtutako gorputz bat.

Betiereko jauna ehizatzen duen garra

gorputzaren errautsetan.

 

14

Bakea irakurri behar dut

gorpu hauen artean,

hondamendi honen lazturan?

 

15

Ez dut bakea besterik gogoan,

baina gerra baino ez dut ikusten.

 

16

Otoitzik ez gerrari,

ez ditut hildakoak santutuko,

ez ditut herri baten hondarren gainean harro

dantzan dabiltzan soldaduak bedeinkatuko.

 

17

Ez dut nahi gure etxea erroi izaterik,

ez dut nahi tankeen lagun izan dadin,

ez dut nahi eskurik luzatzerik jenioei,

gerrari aterik zabaltzerik,

ez dut nahi faraoien edo Jehovaren

bandera izan dadin.

Suntsi ezazue,

eta idatzi haren hondarretan:

“Hemendik Jainkoaren soldadu bat igaro da”.

Argia, maitasuna izan dadila nahi dut etxea.

Gaixoa!

 

18

Lekutua! Ez da astirik lurrean

lurra maitasun bihurtzeko baino.

 

19

Hala esan zuen: “Arren eta arren,

hiltzen naizenean har nazazue,

hartu nire liburuak eta zabaldu

nire buru azpian, buruko bat bezala,

eta emaiguzue lur elkarrekin”.

 

20

Haizeak ezabaturiko lurraldea.

Nola idatzi? Zer?

Ezabatzen nauen hori idatziko dut?

 

21

Sakabanatze honen ostean

zauriaren eskutan utziko dut nire gorputza

eta matxinoak piztuko ditut.

 

22

Eta nire denborari

espazio izan dadila esango diot

-haren argi nire zauriak.

 Eta saiatuko naiz

begiak sortzen nire begi barnean

ikusteko.

 

 

23

Bere izena ahazteko zorian dagoen herri bat.

Zergatik erakutsi dit Damaskoko larrosa batek

Damaskoren magalean lo hartzen?

 

24

Hiltzaileak biktimaren baitan dirau.

Kantuaren sustraiak erauzten ditu.

Poeta, ez hadi tartean sar.

Lur hau matxinadak baino ez du zirikatzen.

 

25

Zer egingo dut sakabanatze honen ostean?

Bizirik den larrosa bat ureztatu?

Bonben errautsak estaliko dizkio hostoak.

Hautsa garbitu eta agerian utziko dut,

baita ontzi hautsia ere.

Errotik hasiko naiz gure etxea eraikitzen.

Bizirik nago eta maite dut.

Ez da bakerik maitasunean baino.

Ez da maitasunik bizitzan baino.

 

HOGEITA BOST EGUN
Adonis

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2016