GIZADIAREN OREN GORENAK
Stefan Zweig

euskaratzailea: Edorta Matauko
Katakrak, 2023

 

 

13.
TREN ZIGILATUA

Lenin, 1917ko apirilaren 9a

 

 

Zapatariarenean bizi den gizona

 

      Suitza, bakezko leku txikia, alde guztietatik mundu-gerraren marea biziak inguratua, 1915, 1916, 1917 eta 1918 urteotan, etenik gabe, detektibe-eleberri pilpiragarri baten gertalekua da. Luxuzko hoteletan, herrialde boteretsu etsaituen mandatariak, duela urtebete bridge-okoan adiskidetsuki aritzen zirenak eta etxera elkar gonbidatzen zutenak, orain hoztasunez gurutzatzen dira eta egundo elkar ezagutu ez balute bezala. Haien geletatik jirabiraka dabil ezin asmatuzko giza irudien erlauntza oso bat. Ordezkariak, idazkariak, enbaxada-atxikiak, merkatariak, dama estaliak edo estaligabeak, haiek denak isil-gordean mandatu misteriotsuekin. Hotelen aurrean gelditzen dira automobil arranditsuak atzerriko ikurrekin, haietatik jaisten industrialariak, berriemaileak, birtuosoak eta itxuraz ustekabeko bidaiariak. Baina ia denek zeregin bakarra dute: zerbaiten jakitun egin, zerbait ikustatu, eta bai geletaraino laguntzen dien mutila bai haiexek garbitzen dituen neska behatzera akuilatuak dira, zelatan egotera. Nonahi organizazioak elkarren kontra trabailatzen dira, ostatuetan, jatetxeetan, posta-bulegoetan, kafetegietan. Propaganda deitzen zaiona bitik behin espioitza izaten da, amodioaren antza duena, saldukeria; eta kanpotar presati horien guztien ageriko negozio bakoitzak bigarren eta hirugarren bat ezkutatzen du atzealdean. Oro da ofizialki jakinarazia, oro kontrolatua; nolabaiteko maila duen aleman bat Zurich hirian sartu orduko, dagoeneko jakinean da enbaxada aurkaria Bernan, eta ordubete beranduago Paris. Egiazko eta gezurrezko argibidez beteriko txosten osoak bidaltzen dituzte egunez egun agente txiki eta handiek atxikiei, eta hauek birbidaltzen. Horma guztiak kristalezkoak dira, telefonoak kontrolatuak; paperontzi eta xukapaper-orrietatik edozein korrespondentzia berrosatzen da. Eta azkenean nahas-mahasa hain da zentzugabea, non askok ez baitakite gehiago zer diren, ehiztariak ala ehizatuak, espioiak ala espiatuak, salduak ala saltzaileak.

      Gizon bat bakarraz dago argibide gutxi egun haietan. Agian nabarmendu gabe dabilelako eta hotel dotoreetan ostatu hartzen ez duelako, kafetegietan esertzen ez delako, ezta propaganda-aurkezpenetara joaten ere, baizik eta bere emaztearekin bizi da guztiz erretiratua zapata-konpontzaile baten etxean. Limmat atzean bertan ostatatzen da, Spiegelgasse karrika-zulo mehar, zahar, bihurrian, hiri zaharreko teilatu gangadunekiko etxe sendo horietako bateko bigarren solairuan, horma belztuak dituena aldez denboragatik, aldez etxartean dagoen hestebete-fabrika txikiagatik. Haren etxelagunak okin baten andrea, italiar bat eta antzezle austriar bat dira. Hari buruz etxepekoek ez dela oso hiztuna, deus gutxi gehiago dakite, errusiarra dela eta bere izena ebakitzen zaila. Duela urte asko bere sorterritik ihesi dabilela eta ez duela ondasun handirik; inongo negozio etekintsutan ere ez omen dago sartuta, hori inork baino hobeto ugazabandreak daki, bikotearen jatordu pasakoak direla eta jantzi higatuengatik, beren puska guztiekin ozta betetzen dutenak heltzerakoan ekarri zuten saskia.

      Gorpuzkera sendoko gizon txiker hori ahalik gutxien deigarria da, eta bere bizimodua ahalik diskretuena. Jendartea saihesten du, gutxitan topatzen dute auzoek haren begi meharren behako sarkor eta iluna, gutxitan du bisitaririk. Baina jarraituki, egunean-egunean, goizero bederatziak aldean, liburutegira joan eta bertan gelditzen da hamabiak jo arte. Doi hamar minutu hamabiak eta gero etxean da berriro; gero, hamar minutu ordu bata jo aurretik, etxea uzten du, berriro liburutegian lehena izateko, eta bertan arratsaldeko seiak arte egoten da. Baina albiste-agentziek arreta ipintzen ez diotenez asko hitz egiten duen jendeari baino, eta ez dakitenez beti irakurtzen eta ikasten ari diren gizaki bakartiak mundua iraultzeko orduan arriskutsuenak direla, inork ez du txosten bat ere idazten nabarmendu gabe zapatariarenean bizi den gizonaz. Elkarte sozialistetan, bestalde, badute berri zehatzik hari buruz, Londresen errusiar emigraziorako aldizkari txiki eta erradikal baten erredaktorea izan dela eta San Petersburgon izen ahoskaezineko alderdi xelebre baten lidertzat hartzen dutela; baina nola gogor eta destainaz jarduten duen alderdi sozialistako kide itzaltsuenei buruz eta haien metodoak okertzat jotzen dituen, nola helezin eta orobat elkarrezintzat azaltzen den, ez dira beragatik gehiegi arduratzen. Arrats batzuetan kafe-etxe proletario txiki batean antolatzen dituen batzarretara hamabost edo asko jota hogei pertsona joaten dira, gazteak gehienak, eta horrela onez eramana suertatzen da morroi bitxi hau, te eta eztabaida askorekin buru-berotzen diren errusiar etorkin guzti haiek bezala. Alta bada, inork ez du gora handikotzat hartzen kopeta estuko gizon txikia, Zurichen hiru bat dozena jendek ere ez dute ardurazkotzat jotzen Vladimir Ilitx Ulianov delakoaren izena gogoan hartzea, zapatariarenean bizi den gizonarena. Eta baldin orduan astirik galtzeke enbaxadaz enbaxada ziztuan doazen automobil distiratsu horietako batek azpian harrapatu izan balu gizon hori kalean, bertan hilik utzita, munduak ez zukeen hura ezagutuko, ez Ulianov izenaren pean, ezta Lenin harenean ere.

 

 

Ametsen gauzatzea...

 

      Egun batean, 1917ko martxoaren 15ean, Zuricheko liburutegiaren arduraduna harriturik geratu da. Orratzek bederatziak markatu dute eta egunero liburu-mailegari guztietan puntualena esertzen den tokia hutsik dago. Bederatzi eta erdiak jo dute, hamarrak; irakurle nekaezina ez dator eta ez da berriro etorriko. Izan ere, liburutegirako bidean lagun errusiar bat hurreratu, hobeto esan, oldartu zaio Errusian iraultza piztu delako albistearekin.

      Hasieran Leninek ezin du sinetsi. Albisteak durduzatu antzean dago. Baina gero bere urrats xehe eta doiekin arin-arinka jo du aintzira ertzeko kioskora, eta bai bertan nola egunkariaren erredakzio aurrean zain gelditu da ordurik ordu, egunik egun. Egia da. Berria egiazkoa da eta egunetik egunera ederkiro egiazkoagoa bihurtzen da harentzat. Hasieran, jauregi-errebolta baten zurrumurrua baino ez eta, itxuraz, ministro-aldaketa huts bat; gero, tsarraren abdikazioa, behin-behineko gobernu baten ezartzea, Duma, errusiar askatasuna, preso politikoen amnistia. Urtetan amestu duen hura guztia, duela hogei urte ezkutuko erakundean, ziegan, Siberian, erbestean landu duen hura guztia, gauzatua izan da. Eta behingoz iruditzen zaio gerra horrek eragin dituen milioika hilak ez direla alferrik hil. Dagoeneko ez zaizkio zentzurik gabeko biktimak iruditzen, baizik orain gailen den askatasunaren, justiziaren eta betiko bakearen erreinu berriaren martiriak. Ameslari hau, ardurenean bare, hotz eta kalkulatzaile, edanda balego bezala sentitzen da. Eta a zer-nolako zirrara sentitzen eta poz-oihuak jaurtitzen dituzten orain beste ehunka emigrantek Geneva, Lausana eta Bernako beren bizitegi txikietan, berri ona entzundakoan: itzul daitezke Errusiara! Alegiazko pasaporte eta izenik gabe itzul daitezke bizia arriskatu gabe, herritar libre gisa, eta ez tsarren koroadun inperiora, herri libre batera baizik. Jada beren puska urriak prestatzen dituzte, egunkarietan ageri izan da-eta Gorkiren mezu lakoniko hau: «Itzuli denok etxera!». Alde guztietatik bidaltzen dituzte gutunak eta telegramak: Itzuli, itzuli etxera! Elkar zaitezte! Egizue bat! Orain ostera ere bizia jokatzearren ezagueran sartu zirenetik buru eta bihotz emanak diren egitekoaren alde: errusiar iraultza.

 

 

... eta etsia hartzea

 

      Baina egun batzuen buruan nahigabeturik aitortu behar dute ezen errusiar iraultza, zeinen albisteak arrano hegadan bezala jaso dituen haien bihotzak, ez dela amesten zuten iraultza, ezta errusiar iraultza ere. Tsarraren kontrako gorteko mutin bat izan da —diplomazialari ingeles eta frantsesek azpilanean bilbatua, tsarrak Alemaniarekin bakea sina zezala galarazteko—, eta ez bake hori eta bere eskubideak nahi dituen herriaren iraultza. Ez da haren alde bizi izan diren eta hiltzeko prest dauden iraultza, baizik eta gerran dauden alderdien, inperialisten eta beren asmoetarako trabarik nahi ez duten jeneralen azpijoko bat. Lenin eta beretarrek laster antzeman dute denek itzuli behar zutelako promes hark ez duela balio errotiko iraultza marxista benetakoa nahi dutenentzat. Jadanik Miliukov eta beste liberalak arduratu dira haiei itzulera oztopatzen. Eta moderatuak, Plekhanov bezalako sozialistak, gerra luzatzearen alde baliagarriak direnak, Ingalaterrak modurik adeitsuenean torpedo-ontzi eta ohorezko jarraigoarekin San Petersburgoraino lekualdatzen dituen bitartean, Trotski atxilotua da Halifax-en eta beste erradikalak mugan. Ententearen estatu guztien mugetan badira zerrenda beltzak, Zimmerwald-en III. Internazionalaren Biltzarrean parte hartu zuten haien denen izenekin. Etsi-etsian, Leninek bata bestearen atzetik telegramak bidaltzen ditu San Petersburgora, baina bidean atzemanak edo igorri gabe gelditzen dira; Zurichen ez dakitena, eta ia-ia inork ez Europan, oso ondo dakite Errusian: zein indartsu, zein kementsu, zein saiatua eta zein hiltzeko arriskutsua den bere aurkarientzat Vladimir Ilitx Lenin.

      Ahal ezinean, atxiloturik daudenen etsipenak ez du mugarik. Urteak eta urteak dira beren errusiar iraultza estrategikoki proiektatu dutela Buruzagitza Nagusiko ezin konta ahala bilkuratan Londresen, Parisen, Vienan. Ebaluatu eta aurrez probatu eta sakon eztabaidatu dute antolakundearen xehetasun bakoitza. Hamarraldiak zehar, beren aldizkarietan banan-banan zailtasunak, arriskuak, aukerak haztatu dituzte ikuspuntu teoriko eta praktikotik. Bere bizitza osoan gizon honek zehatz-mehatz hausnartu du ideia multzo bat, behin eta berriro haiek orraztuz eta formulazio zorrotzenetara eramanez. Eta orain hemen, Suitzan atxikia dagoenez, beste batzuek, herri-askapenaren ideia sakratua nazio eta interes arrotzen zerbitzura jarri dutenek, haren iraultza urardotu eta alferrik galduko dute. Analogia bitxi batean, egun horietan Leninek bizi du gerraren lehen egunetako Hindenburg-en patu bera, zeinak, berrogei urtez errusiar kanpainarako maniobrak egiten eta tropak trebatzen aritu ondoren, gerra piztu zenean etxean geratu behar izan zuen, zibilez jantzia, mapa batean banderatxoekin jeneral mobilizatuen aitzinatzeak eta hutsegiteak markatzen. Etsipenezko egun haietan Lenin ardurenean errealista sendoari ametsik zentzugabe eta fantastikoenak dabilzkio jira eta bira buruan. Ezin ote liteke aireportura joan eta Alemania eta Austria gainean hegaldatu? Baina ja, laguntzeko bere burua eskaintzen duen lehena, espioi gertatu da. Ihes-asmoak gero eta burugabeago eta nahasiagoak dira: Suediara idatzi du pasaporte suediar bat eskura diezaioten, bere burua mututzat saldu nahian, inolako argibiderik eman behar ez izateko. Zer esanik ez, biharamunean, sukar-ametsezko gau horien guztien ondoren, Leninek beti ezin-burutuzko eldarnioak direla aitortzen dio bere buruari, baina hau ere egun-argiz badaki: Errusiara itzuli behar du, bere iraultza egin behar du, ez besteena; bidezkoa eta egiazkoa, ez politikariena. Errusiara itzuli behar du, azkar, gero. Itzuli, kosta ahala kosta!

 

 

Alemanian barrena: bai ala ez?

 

      Suitza dago Italia, Frantzia, Alemania eta Austria artean estutua. Iraultzaile gisa, Leninek itxita dauka bidea herrialde aliatuetan zehar; Errusiako herritar gisa, hots, botere etsai baten kide gisa, Alemanian eta Austrian zehar. Baina konjuntzio absurdo bat suertatu da: Leninek erraztasun gehiago itxarotea dauka Gilen II.a Alemaniako kaiserraren aldetik Miliukov errusiarraren edo Poincare frantsesarenetik baino. Estatu Batuen gerra-deklarazioaren bezperan, Alemaniak bakea behar du Errusiarekin zernahi kosta. Hortaz, han Ingalaterrako eta Frantziako ordezkariei zailtasunak sortuko dizkien iraultzaile bat ezin da kaiserrarentzat izan kolaboratzaile ongi etorri bat baino.

      Baina halako urrats batek erantzukizun itzela dakarkio: berehalakoan negoziazioak abiaraztea Alemania inperialarekin, zeina ehunka aldiz iraindu eta mehatxatu baitu bere idazkietan. Zeren gaurdaino, gerraren erdian eta Buruzagitza etsaiaren baiespenaren pean herrialde aurkari batean oina ipintzea eta gurutzatzea, ikuspuntu moraletik, esan gabe doa, goi-saldukeria baita, eta Leninek inolako zalantzarik gabe jakin behar du ezen horrekin aurrena bere alderdia eta bere kausa konprometitzen dituela, susmagarria izango dela, gobernu alemanaren agente kontratatu eta ordaindu gisa Errusiara bidalia izango dela eta, berehalako bakearen bere programa gauzatu ahal izanez gero, Historiak betiko egotziko diola Errusiaren benetako bakea, garaipenarena, erdiesteko bidea eragotzi izanaren errua. Esan beharrik ez, iraultzaile moderatuenak ez ezik, Leninen irizkide gehienak ere izuak hartu ditu, jakitera eman duenean beharrezkoa bada bide horretaz ere, guztietan arriskutsuena eta konprometituena, baliatzeko prest dagoela. Zurturik errepikatzen dute jada aspaldi sozialdemokrata suitzarren bidez negoziazioak abiarazi direla iraultzaile errusiarren aberriratzea preso-trukearen bide legezko eta neutrala erabiliz bideratzeko. Baina Leninek aurreikusten du bide horren berankorra, gobernu errusiarrak zein amarru eta gibel-asmoz atzeratuko duen haien itzulera infinituraino, noiz ere berak bai baitaki egun bakoitza eta oren bakoitza erabakigarria dela. Helburua baino ez du ikusten; bitartean beste batzuk, gutxiago ziniko eta gutxiago oldarkor, ez dira ausartzen indarrean dauden lege eta ikuskera guztien arabera saldukeriazko ekintza batean nahastera. Baina Lenin barne-barnean erabakia dago eta, bere gain erantzukizuna hartuta, negoziazioak hasi ditu pertsonalki gobernu alemanarekin.

 

 

Ituna

 

      Bere aurrerapauso txundigarri eta probokatzailearen jakitun delako, hain zuzen, Leninek ahalik eta irekienik jokatu du. Beraren eskariz, Fritz Platten sindikatu suitzarraren idazkaria aurkeztu da mandatari diplomatiko alemanaren aurrean, zeinak jada lehenago negoziatu baitu oro har errusiar emigranteekin, eta Leninen baldintzak azaldu dizkio. Izan ere, iheslari txiki ezezagun horrek, bere geroko aginpidea igarri ahal balu bezala, gobernu alemanari inola ere ez dio eskaera bat egin, baizik eta aurkeztu dio zein baldintza pean bidaiariak prest egongo liratekeen gobernu alemanaren keinu adeitsua onartzera: ibilgailuari aitor dakiola estraterritorialitate-eskubidea; sarreran nahiz irteeran ezin egingo dela pasaporte edo pertsonen kontrolik; bidaiak beraiek ordainduko dituztela ohiko tarifen arabera; eta ibilgailuaren uztea ezin aginduko da, ezta norbere kabuz izanda ere. Romberg ministroak helarazitako berri horiek iritsi dira Ludendorff-en eskuetara, eta zalantza izpirik gabe babestu ditu, nahiz bere oroitzapen-liburuan ez agertu hitz bakar bat ere erabaki historiko horri buruz, agian bere bizitzako garrantzitsuena. Xehetasun batzuetan mandataria saiatu da zenbait aldaketa lortzen, Leninek protokoloa idatzi duelako berariaz hain modu anbiguoan, non trenean errusiarrek ez ezik, Radek bezalako austriar batek ere bidaia lezakeen kontrolgabe. Baina gobernu alemana ere Lenin bezain presatua dabil, zeren egun horretantxe, apirilaren 5ean, Estatu Batuek gerra deklaratu baitiote Alemaniari.

      Eta horrela, apirilaren 6ko eguerdian, Fritz Plattenek honako erantzun gogoangarri hau jaso du: «Kontu nahi bezala ordenatua». 1917ko apirilaren 9an, ordu bi eta erdietan, Zahringerhof jatetxetik gaizki jantzitako eta maletaz zamaturiko jende oste txiki bat abian da Zuricheko geltokira. Guztira hogeita hamabi dira, emakumeak eta haurrak barne. Gizonetarik ezagun egin diren izen bakarrak Lenin, Zinoviev eta Radek dira. Denok elkarrekin bazkari-legea egin dute. Eta elkarrekin sinatu dute agiri bat, non baieztatzen duten Petit Parisieneko adierazpena ezagutzea, zeinaren arabera behin-behineko errusiar gobernuak asmoa baitu Alemanian zehar bidaiatzen dutenak goi-traidoretzat tratatzeko. Letra baldar eta jas gutxikoaz izenpetu dute bidaia horretarako erantzukizuna beraien gain hartzen dutela eta baldintzak ontzat eman dituztela. Isil eta erabakiak, bidaia historikorako prestatu dira.

      Haien geltokiratzeak ozta sortu du ikusmirarik. Ez da berriemailerik ez argazkilaririk ageri izan. Suitzan, bada, nork ezagutzen du Ulianov delako hori, kapela zapaldua, beroki saretu bat eta mendiko bota astun eta irrigarriak —badaramatza Suediaraino— jantzita, han kutxa eta saskiz zamatu gizon eta emakume oste baten erdian, isilik eta inoren begia jo gabe, eserleku bat bilatzen duena trenean? Jende horiek eta Jugoslaviatik, Ruteniatik edo Errumaniatik datozen emigrante zenbatezinak, hemen Zurichen euren zurezko kutxen gainean eseri ohi direnak ordu pare batez atseden hartzeko, itsasbazter frantsesera eta handik itsasoaz haraindiko bideari jarraitzera behartuak izan baino lehen, ez dira oso desberdinak. Langileen Alderdi suitzarrak, jende horien irteerari gaitz irizten baitio, ez du ordezkari bat ere bidali; errusiar batzuk baino ez dira etorri, janari zenbait eta goraintziak aberrira eraman ditzaten; banaka batzuk ere, azkeneko unean, Lenini «bidaia burugabe eta kriminala» ez egitera etsiarazteko. Baina erabakia hartua dago. Hirurak eta hamarrean ikuskatzaileak seinalea eman du. Eta trena abian jarri da Gottmadingen aldera, mugaldeko geltoki alemanera. Hirurak eta hamar, eta oren horrez geroztik munduko erlojuak beste erritmo batean jotzen du ordua.

 

 

Tren zigilatua

 

      Mundu-gerran milioika balak erdietsi zuten jomuga. Jaurtigairik bortitzenak, potenteenak, helmen handienekoak asmatu zituzten ingeniariek. Baina ezeinek ez zuen helmen handiagorik izan, ezein ez zen patuaren erabakitzaileagorik izan berrikitango historian, Suitzako mugatik datorren tren hori baino, zeinak, mendeko iraultzailerik arriskutsuen eta deliberatuenez kargaturik, txistuka zeharkatu baitu Alemania osoa, San Petersburgora heltzeko eta han garaiko ordena zartarazteko.

      Jaurtigai paregabe hori Gottmadingenen dago errailen gainean, bigarren eta hirugarren mailako kotxe bat; bigarrengoan leku hartzen dute emakume eta haurrek, eta hirugarrengoan gizonek. Zoruan kleraz egindako marra batek errusiar agindupeko eremu neutrala markatzen du, eta aurrez aurre dago bi ofizial alemanen konpartimendua, ekrasita biziko garraio horri lagun egiten diotenak. Trenak aurrera egin du gauean gorabeherarik gabe. Frankfurten soilik ezustean oldartu zaizkio errusiar iraultzaileen igarotzearen aditzea izan duten soldadu aleman batzuk, eta beste batean zapuztua geratu da bidaiariekin hitz egiteko sozialdemokrata alemanen saio bat. Leninek ondo daki zer-nolako susmoak eragingo dituen, lur alemanean bertako batekin trukatzen badu hitz erdi bat ere. Suedian hotsandiko ongietorria ematen diete. Gosez hamikatuak, suediarrek prestatu dieten gosari-mahaia akometatzen dute, eta haien smorgasa sinestezineko miraria iruditzen zaie. Eta orain Leninek utzi behar die bere bota astunen ordez zapata berriak eros diezazkioten eta pare bat janzki. Azkenik heldu dira errusiar mugara.

 

 

Jaurtigaiak ituan jotzen du

 

      Leninen lehenbiziko keinua errusiar lurrean bere gisakoa da: ez ditu gizabanakoak ikusten, baizik ezer baino lehen oldarrean jotzen du egunkarietara. Hamalau urtean ez ditu Errusian oinak ipini, ez du bertako lurra ikusi, ez bandera, ezta soldaduen uniformeak ere. Baina, besteei ez bezala, borondate sendoko ideologo honi ez zaizkio begiak betetzen, ez ditu besarkatzen, emakumeek bezala, ustekabean harrapaturiko soldaduak. Egunkaria, aurrena egunkaria, Pravda, begiratzeko ea berripapera, bere papera, tankera nahiko doian egokitzen ote zaion nazioarteko iritziari. Hesteak jaten zimurtzen du egunkaria. Ez, nahikorik ez, oraindik abertzalekeria gehiegi dago, patriotismo gehiegi. Oraindik ez dago, bere ikusgunetik, iraultza huts nahikorik. Garai onean etorri dela sentitzen du, norakoa aldatzeko eta bere bizitzaren ideia aitzinarazteko, irabazi ala hiltzeko. Baina une egokia ote da? Hondarreko kezka, hondarreko beldurra. Miliukovek ez al du berehala Petrogradon —horrela deitzen da hiria oraindik, baina ez luzaroko— bera itxian sarraraziko? Trenean berarekin bidaiatu duten lagunek, Kamenev eta Stalin, irri zuri misteriotsu bat erakusten dute kandela-mutur batek argituriko hirugarren mailako konpartimendu ilunean. Ez dute erantzuten, edo ez dute erantzun nahi.

      Baina errealitateak orduan eman dion erantzunak ez du aurrekaririk. Trena finlandiar geltokian sartzen denean, aurreko enparantza zabal-zabalean langileak daude milaka eta milaka, baita armada-gorputz guztietako ohorezko guardiak ere, erbestetik datorrenaren zain. Internazionala jo dute. Eta Vladimir Ilitx Ulianov, artean herenegun zapata-konpontzailearen etxean bizi zen gizona agertzerakoan, ehunka eskuk heldu diote eta tanke baten gainera igoarazi dute. Etxeetatik eta gotorlekutik argi-proiektoreek bera fokuratu dute, zeinak orga blindatutik bere lehen hitzaldia egin baitio herriari. Dardarak kaleak hartu ditu, eta laster hasi dira «mundua astindu zuten hamar egunak». Jaurtigaiak inperio bat, mundu bat jo eta suntsitu du.

 

GIZADIAREN OREN GORENAK
Stefan Zweig

euskaratzailea: Edorta Matauko
Katakrak, 2023