Mugaz handiko egunsentiak
Vicent Alonso

euskaratzailea: Dani Salaberri
Pamiela, 12 aldizkariarekin banatua, 1986.

 

 

 

         I

 

Leunkiro oraindik

galtzen ari dira antzinako kantuen ahotsa,

antzinako bakardadea.

Agian, ez dugu oraindik izanen

goizalderantz begiak bete-betean zabaltzeko unea!

 

Hegan egin dezagun

ehiztariak zelatatu baino lehenago,

herio ez dezagun aurki

egunen putzuan.

 

 

         II

 

Laztan mutuak

sortuko ditu egunero zure abegiaren

soslai isilak:

ez zahar, alai!

 

Orain, baina

harizko oihalek

arrats-beherako argi hilkorra

eta kaio zurien zeru garrasiduna sortzen.

 

 

         III

 

Joana, argia bezala

zure abegitik ahaztua dut

irudi urruna.

Baina oraindik ukitzen

zure gorputzaren hotzikara

eta iluntzeko eguzkiak susmatzen

zure ezpainen bero mugaezina.

 

Nola erretzen duen nire grinak!

Eta nola su hartzen duen gauak

isiltasunaren herri-haizeaz!

 

 

         IV

 

Oraindik gesala ezpainetan dut,

uhin heineko itsas-gesala.

Jeloskor gordeko dut hitzaren elausa

ahazmenak ere garaitu ezin duena.

Ilargia zure begietan geratzen da,

eta oraindik han da, maitemindua.

 

Oroimenak gatibu ditut

oroimenaren miskelan,

eta itsas-belar bakoitzean

txoriak alaitasun-kantua aurkitzen du.

 

 

         V

 

Zein gozo handia maitasuna

izadi heinean!

 

Zu, zeu bakarrik,

poema honen muina zarenean,

sua eta lurra baino areago,

tira-biratuko du hitzen

ontziak.

Zugandik galdua

bakardadea itsasoan

murgilduko dut gorputza.

 

Zein gozo handia maitasuna

izadi heinean!

 

 

         VI

 

Haize harro batek bete

dezala nire ontziaren oihala.

Itsas barneratuko naiz

itsas biluziaren sekretu artean,

hitzen haitz txit antzinakoetatik

urrun.

 

Haize barro batek bete

dezala nire ontziaren oihala.

 

 

         VII

 

Iluntzea,

geratu zait azal heinean,

uneak garaituko balu bezala

aldaketan borroka.

 

Ez dago ezilkortasunik

zure gorputzean baino, isiltasunaren inguru

sakonean:

zure irudiak distira ezinean bezala

denboraren ispiluan.

 

 

         VIII

 

Ontzitegietatik urrun

itsasoratuko da ontzia, mugaz harantz,

ilargia pizten duten suzko izaro artean.

Geroxeago, agorrezina,

poztasunaren lorea berriro txirikilotuko zaio

goizaldeko ailleari.

 

Ez gara berriz itzulbide gabeko

bidaia honetatik itzuliko.

 

 

         IX

 

Zador barna

dena hasten da berriz, laztana.

 

Uhain etengabea ez da jada geratzen

eta suzko zeruak habia dagi zure begietan.

Ura eta Eromena.

 

Mugagabeko itsas ezezaguna

eta ozertz berria hitzen haragoan.

 

Dena hasten da berriz, laztana,

ezpain lotuetan.

 

 

         X

 

Birrindu ditugu

oroimenaren alorrak.

Argibelar-metak surtan dira

eta orduen azken zirtaka

oso urrun.

 

Porturatu da jada ontzia

eta isiltasunaren zuhaitzean,

ez du inork udagoieneko

hotzetatik bururik estaltzen.

Bestela eta bidaia luzea itxaronez,

zure barnean dagit habia,

non hitz bakoitza ugaritzen baita

eta ez da bakarra ere hiltzen.

 

 

         XI

 

Hain dago segretutan zure begietan

hainbat zador,

ametsak ere fikzioaren txorroa dario.

Isiltasuna zergatik hilten da

gizonak artaditik bide egiten jakinik,

eta hitzen mortua baino harago bizirik,

badakit nik zu gabe ez dela

olerkirik.

Hain dago berritan zure begietan!

 

 

         XII

 

Zenbatetan kriseilua bizturik,

islatu dugu

zadorra agertzen duen

argiaren argitasun xinglea!

Baina ez naiz zurekin mintza barnekoi hartaz:

kinu eta ametsen aurrean

elurrak zapi txit zuria atertzen duenekoz.

Jainko eta errautsak baino harago aurkitu zaitudala

badut itxaropen ezohia.

Baina ez naiz zurekin mintza zer barnekoi hartaz.

 

 

         XIII

 

Nola iruntsiten zuen denbora zeru aseezinak,

ilargiaren ganekada!

 

Mahler-ek ereiten zure begiak

otalore inarra,

oroimenek, ixiltasunaren iturriak

irekiten zuten artean.

 

Nola iruntsiten zuen denbora nire grinak

bizitzaz bat eginez!

 

 

         XIV

 

Gogoratzen duzu adu eta ametsen

ingurua margotzen zigun

goizaldi laburra?

Itsasoak abarrak egin zuen eguzki jaioberriaz:

zati bakoitza, zilarrezko txotxa.

 

Kinu jainkotiarra bezala,

uhinek diote, aldika,

zure abegiaren soslai mugaezina

 

 

         XV

 

Begirada, orain zabaltzen den

zerua baino areago bidaltzen duzu,

hizkuntza ongi maitatuaren antzinako

hitzak ahoskatzen dituzun artean.

 

Katulo gogoratu dugu:

"Xori, nire maitearen goxoak,

zuekin jolas eta bere paparrean gorde"

 

Zein gozotasuna iluntzean, txorien hegakada

urduri!

 

 

         XVI

 

Sartzen den sua itsas-haizeak jasangarri egiten dueneko

udako arrats-behera bezala.

Txoriak

oraindik orbeldian jolas:

sehaska urduria,

egunsenti orlegiaren ispilu.

 

Zure ezpainetan

ez dut gehiago jakin bakardadearen kilkerrez.

 

 

         XVII

 

Hainbeste sehaskatu unea

eta denbora

lokartu egin zaigu

egunean lo-gelan.

 

 

         XVIII

 

Tristezia dago oraindik begietan

antzinako udagoienetan

eskegitako oroimenez.

 

Utz dezagun pendulea, geldirik,

hainbat maitatzen den egungoaren

kanpo-ikurra izaten jarrai dezala.

 

Geroxeago

denboraren muino biribilen gainetik,

zain dugun etorkizuna nabarituko dugu:

aduzko etorkizun bat,

barnekoi eta beharrezko.

 

 

         XIX

 

Akaziaren itzal pitzatua bezala,

gure maitasunaren segretua ere

heroe eta ziurtasunaren itsas heinean.

Eta era berean,

orbeldiaren muga mugikorrei

eta estimaren sustrai indartsuei fidel.

 

Bidea egin beharko dugu,

zidor ezezagunetatik eta mugaz handiko egunsentietatik.

 

Mugaz handiko egunsentiak
Vicent Alonso

euskaratzailea: Dani Salaberri
Pamiela, 12 aldizkariarekin banatua, 1986.