ATARIKOA
Assata Shakur

Katakrak, 2022

 

 

ATARIKOA

 

Joseba Sarrionandia

 

Diseases and Peculiarities
of the Negro Race

 

      Drapetomania deitu zion Samuel Cartwright medikuak esklaboek plantazioetatik ihes egitea eragiten zuen eritasunari, δραπέτης (drapetes, “iheslari”) eta μανία (mania, “gaixotasuna”) 1851n argitaratu zuen zientzia aldizkarian. Ikuspegi ofizialaren arabera, sistema sozio-ekonomiko esklabista hain produktiboa izanik, eta esklaboaren bizimodua hain lasaia eta asebetea, gauzen orden naturalaren kontrakoa litzateke hori ukatu eta esklaboak ihes egiten saiatzea. Esklaboak burutik gaizki egon behar zuen ihes egiteko gogoa izateko. Askatasun gogo desordenatu hori, sindrome larrien zerrendan ipini behar izan zuen psikologia klinikoak.

      Abisatzen zuen Samuel Cartwrightek kontuz ibili behar zutela jabeek esklaboekin, berdin moduan tratatzeak gaixotasun hori eragin zezakeelako. Eta segregazio arau zehatzak aholkatzen zituen sumisioa mantentzeko, abereak edo umeak balira bezala gobernatuak izatea komeni zitzaielako beltzei. Biblian topatzen zituen gomendiook, esate baterako noizean behin azotatzearena esklaboak, badaezpada, prebentiboki, zigortu eta beldurtzeko “haiengan dagoen deabrua”.

      Samuel Cartwright mediku sudista horrek ez zuen oihartzun handirik izan Iparraldean; sistema esklabista baino produktiboagoa zen ordurako langile ustez libreena. Haren ikerketa zientifikoa esplotazio eta arrazismo ahaztu barregarri baten adibidetzat har daiteke gaur egun. Hala ere, desoreka sozialak ordukoak bezain larriak dira, eta edozein erresistentzia edo askatasun gogo desordenatu antzera dago kriminalizatuta.

 

 

My name is Assata Shakur
(slave name Joanne Chesimard)

 

      Joanne Deborah Byron 1947ko uztailaren 16ko bataio agirian, Joanne Deborah Chesimard 1967ko ezkontzagatik, Pantera Beltzen Alderdiko militantea, 1973an arrestatu zuen New Jerseyko poliziak. Zayd Shakur kidea eta Werner Foerster agente federala hil ziren. Assata, zaurituta, bularrean bala bat zeukala interrogatu zuten ospitalean. Kartzelan, jasaten ari zen eraso mediatikoari aurre egiteko, zinta bat grabatu zuen: To my people, gure jendeari. Manifestu hunkigarri bat, gogorarazteko jende beltzari bere esplotazio eta segregazio errealitatea American Way of Life guztiaren azpian, eta askatasunaren alde borroka egiteko eskubidea eta obligazioa:

 

      Anaia Beltzak, ahizpa Beltzak, jakin ezazue maite zaituztedala, eta espero dut zuen bihotzetan ere izango dela maitasunik niretzat. Assata Shakur deitzen naiz (esklabo-izena: joanne chesimard), eta iraultzailea naiz. Iraultzaile Beltza. Hau da, gerra deklaratu diot gure emakumeak bortxatu, gure gizonak zikiratu eta gure haurrak gosez utzi dituen indar orori.

      Gerra deklaratu diet gure pobreziaren abaroan aberasten direnei, irribarrea aurpegian gezurra esaten diguten politikariei eta haiek zein haien jabetzak zaintzen dituzten robot burugabe eta bihozgabe guztiei.

 

      Assata Shakurrek sei urte eta erdi pasatu zituen kartzelan. Harik eta 1979an Hunterdon Countyko kartzelatik ihes egin zuen arte. Terroristarik bilatuena bihurtu zen berehala. 1984an Kubara heldu eta errefuxiatu politiko estatusa eman zioten.

 

 

Life in progress

 

      Kuban idatzi zuen, 1987an argitaratu zen ingelesez eta eleberri bat bezala leitzen da, Amerikako emakume beltzen literatura work in progress amaigabearen atal baten moduan: Phillis Wheatley, Harriet Jacob, Harriet Tubman, Zora Neale Hurston, Toni Gwendolyn, Elizabeth Brooks, Maya Angelou, Toni Morrison, Angela Davis, Yaa Gyasi, Roxane Gay edo Jesmyn Ward.

      New Yorken jaio arren, gurasoak banatu zirenez gero, Assata amaren aldeko aittitte-amamarekin bizi izan zen umetan Wilmington, Ipar Karolinan, 1950eko hamarkadako hegoalde segregazionistan. Zoologikora edo atrakzio parkera ezin zuen sartu, eta ume beltzek ere itsusitzat zituzten ezpain lodiak edo ile kizkurrak. Eskolara, Queens-en, New Yorken, zuri artean eta, giro hartan, katolikoa izateko ere ametsak egin omen zituen. Bizimodua ez zen erraza ez Hegoaldean ez Iparraldean, baina eskaileran gora egitea zen amerikar ametsa.

      Vietnam, telebistako gezurrak, jakin-minak, irakurketak, aberatsen eta boteretsuen harrokeriaz nazkaturik, kontzientzia politikoa sendotzen hasi zitzaion. Ikuspegi kritikoarekin bizi beharko zuela pentsatu eta erabaki zuen ez zela aberastasunerako eskaileran gora igoko, behean azpiratuta geratzen den jendearen alde egin nahiago zuela.

      Bere ondoezean, elkarte drapetomaniakoetara hurbildu zen. Bazen alderdi bat Errepublika Beltz independente bat eraiki nahi zuena. Beste borroka batzuk ere baziren: indiar amerikarrena, txikanoena, asiatikoena. Harridura eta amorrua sentitu zuen Martin Luther King hil zutenean. Beltzen komunitateko liderrak erasopean bizi ziren erresistentzia gutxienekoa azalduz gero.

      Eskubide zibilen aldeko mugimenduen bileretan, mahaitik jausten ziren pentsamendu batzuk aipatzen dira Assataren autobiografian. Esate baterako: eskubideak erreklamatu beharko dira, apelazioak egin beharko dira. Baina, azpiratuek ez dute arrakasta handirik izango Auzitegi Gorenera joz. Ez da askatasuna sekula lortu zapaltzaileen oniritzi morala irabaziz. Inork ere ez du munduan, inork ere ez du historian, bere askatasuna arrazoia duelako bakarrik lortu.

      Borroka politikoa eta bilerak, eta errealitate aldaezina, ezinbestekoa. Errealitatea, errealismo politikoaren produktu moduan. Gauzak aldatu beharraz eta erreformei buruz hasten ziren solasean eta, gauzen logikaz, Iraultzari buruz amaitzen zuten hizketan azkenean...

 

 

Black Liberation Army

 

      Pantera beltzek autodefentsa taldeak antolatzen zituzten, copwatchinga, eta laguntza sozialeko zerbitzuak. Kalifornian, Black Panther alderdira sartu zen Assata. Izen abizenak aldatu zituen, esklabo-izena atzean utzi eta Assata (borrokalari) Shakur (eskertua) izendatu zuen bere burua, Zayd Shakur laguna gogoan. Alderdia ez zen marabilla bat: bera ez zegoen ados autokritika ezarekin; buruzagiak ere, Huey Newton eta enparauak, ez ziren hain maitagarriak; eta harrokeria armatuaz zer esan. Gainera, poliziak infiltratu zitzaizkien. Zatiketak izan zituzten. Halako batean, ezin etxera bueltatu eta Assata klandestinitatean murgildu zen, Black Liberation Army-n. 1973an arrestatuko dute, zaurituta, eta hasiko dira kartzelak, eta justizia edo, hobeto esan, injustizia sistema arrazista miserablea. Kondena, kartzela...

      Autobiografiaren amaiera aldera, Kakuya lau urteko alabatxoak bisitatuko du kartzelan, ama han apropos dagoela uste du, bera abandonatuta. Beste egun batean amamak egingo dio bisita, eta ametsetan libre ikusi duela diotso.

      Assata ametsetan bezala heldu zen Kubara, han bizi omen da oraindik ere, ia berrogei urte geroago. Islan, sistema esklabista mendeetan nagusi izan arren, ez du arrazismo zantzurik antzematen. Lotsa sentitzen du estatubatuarra dela esan behar duenean inperialismo amerikanoak hainbeste kalteturiko jendearen aurrean.

 

 

FBI’s Most Wanted Terrorist

 

      Aspaldian ezagutu nuen Assata Shakur Habanan, Autobiografia bat lehenengoz argitaratu eta urte batzuetara. Ez zen prentsa amerikanoan marrazten zen munstroa, baizik Ameriketako Estatu Batuetan nagusi zen arrazismoaren aurka beste asko bezala altxatu zen emakume normal bat. Protesta politikoaren aurka Estatuak erabiltzen zuen errepresio gogorragatik, militantzia armatua aukeratu behar izan zuena, nahiz eta jakin konfrontazio armatuaren bidez ez zutela irabazteko ezelango aukerarik.

      Emakume galtzailea, emakume erresilientea iruditu zitzaidan bere sotiltasunean. Estatu Batuetako aparatuen gezur eta iruzur guztiak jasan behar izan ditu urterik urte. Lintxamentu mediatiko etengabearen itua eta helburua hamarkadaz hamarkada. Terrorista arriskutsuen zerrendan dago oraindik, 2005ean milioi bat dolar ematen zuten ordainsari moduan hura harrapatzen laguntzegatik. 2012an bikoiztu egin zuten ordainsaria bi milioi dolarrera.

      Aurrez aurre, Assata ez da inolako mamua. Pertsona normala da, normal hitzaren zentzurik normalenean: lasaia, argia, lotsatia, umore onekoa, eskuzabala. Kontalaria ere ona, eta gauza asko interesatzen zaizkio, ez gutxien interlokutorea entzutea. Terroristatzat dutenean antzinako esklabojabeen oinordekoek eta Samuel Cartwrighten estiloko publizista posmodernoek ezagun da baduela zerbait kontatzeko bizi garen munduko botere harremanez eta pertsona orok geure baitan daramagun askatasun gogo desordenatuaz.

 

Durango, 2022ko abuztua

 

ATARIKOA
Assata Shakur

Katakrak, 2022