Etsipenezko kanta
Pablo Neruda

1924
euskaratzailea: Annie Etxeberri
Maiatz 34, 2000

 

Etsipenezko kanta

Gau huntan bertsu ilunenak idatz ditzazket.

Idatz dezaket, adibidez: «Gaua izartsua da,
eta argizagiak, urdinak, dildiratzen dira urrunean.»

Gaueko haizea itzulikatzen da zeruan eta kantuz ari da.

Gau huntan bertsu ilunenak idatz ditzazket.
Maitatu dut eta noiztenka maitatu nau ere bai.

Holako gauetan ene besoetan atxiki dut.
Hoinbeste besarkatu dut mugagabeko zeru pean.

Maitatu nau, noiztenka maitatzen nuen nik ere bai.
Nola ez nitzazke maitatu haren begi haundi eta geldiak.

Gau huntan bertsu ilunenak idatz ditzazket.
Ez dela enea pentsatzea. Galdu dudala senditzea.

Neurrigabe gaua entzutea, hura gabe are haundiagoa.
Arima barnerat isurtzen da bertsua ihintza pentzerat isurtzen den bezala.

Berdin du ene amodioak ezin duela atxiki.
Gaua izartsua da eta enekin ez dago.

Ez da besterik. Norbait kantuz ari da urrunean. urrunean.
Ene arima ez da kontsolatzen horren galtzeaz.

Hari hurbildu nahi balu bezala ene soak bilatzen du.
Ene bihotzak bilatzen du baina enekin ez dago.

Ber zuhaitzak xuritzen dituen gau berak.
Gu, garai hartako horiek, ez gira gehiago berak.

Ez dut gehiago maite, segur da, baina hainbeste maitatu dut.
Haizea bilatzen zuen ene bozak haren beharria hunkitzeko.

Beste norbaitena. Beste norbaitena litake. Ene musuena zen bezala lehen.
Haren boza, haren gorputz argia. Haren begi mugagabeak.

Ez dut gehiago maite, segur da, baina behar bada maite dut
Hain laburra den maitasuna eta hain luzea den ahanztea.

Holako gau batzutan ene besoetan atxiki dudalakotz,
ene arima ez da kontsolatzen horren galtzeaz.

Jasanarazten dautan azken mina balin bada ere,
idazten dizkiodan azken bertsuak baldin badira ere.

 

Etsipenezko kanta
Pablo Neruda

1924
euskaratzailea: Annie Etxeberri
Maiatz 34, 2000