ZURE BEGIETAN
Bernard Dadie

Dans tes yeux
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016

 

Hain argiak diren zure begietan

pertsonaren ametsak ditut irakurtzen

hain guriak diren zure begietan

natura dut behatzen

loretan barreiatua

 

Hain gardenak diren zure begietan

begiak oro ditut berriz ikusten

ibaietako urdin

mendietako zuri

begiak oro hurbiletik berde

sugarretako eta izarretako gorri

beste munduetako begiak

begiak oro...

 

Zure gurgurian ditut entzuten

uraren zurrumurruak

pertsonen irriaren sinfonia

atzarrik dagoen unibertsoaren zurrumurruak oro

 

Aingeruzko zure eskuen hegal ukaldietan

tam-tam afinatuak oro ditut entzuten

Unibertsoko kantuak oro

Eta zure eskuak atxikitzen ditudalarik

egunsentien esku arrosak oro ditut atxikitzen

esperantzen esku birjinak oro

izakien eskua bezala elkar lotutako mendeen eskua ere

 

Hain argiak diren zure begietan

Pertsonaren ametsak ditut berriz irakurtzen

Eta zure betileei itsatsitako eternitateak

unibertsoaren melodia dit errepikatzen

Zure begietan, hain urdin hain urdin

amodioa da loratzen

 

Zure begietan, hain urrun hain urrun...

nire amodia da dirdiratzen

Zure begietan, hain hurbil hain hurbil...

nire bihotzak du ahapetik kantatzen

Zure ume begietan

natura dut behatzen

loretan barreiatua

 

ZURE BEGIETAN
Bernard Dadie

Dans tes yeux
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016