DANTZA EGIN DUGU
Bernard Dadie

Nous avons dansé
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016

 

Dantza egin dugu, dantza,

Gure miseriak inarrosiz gure ametsek distira egin dezaten,

geure indar guziez eguzkia joz

kantuen burrustei jauzi egin arazteko.

Haizea, gure eskuetan, errautsetan abiatzen da berriz.

 

Gure bozkarioek suziriz

argitu dute gure zerua.

Eta oin minberatuek, atsedenean hatsanka,

biharko etapa dute kezka iturri.

Dantza egin dugu, dantza, dantza, dantza, dantza, «akitu arte».

 

Haiek ere etorriak dira, hilak

gure hilak

bestari dirdaia ematera;

tam-tamen erritmoan dantza egiten dute

Bizitzeko eskubidea

brontzezko ezkutu bihurtu zutenek

kantuak buruan

eta ametsak begietan.

 

Etorriak dira

larruazala balez hanpaturik

eta lurrari ostikoka ari dira kateak hausteko

eta esku zartaka ari dira mamuak ehizatzeko

Dantza egin dugu, dantza, dantza, dantza, «akitu arte».

 

Irudiz beterik ditut begiak,

belarriak kantuez beterik

eskuak ametsez beterik.

 

Sorta argitsua osatu dut

egunen batez mugarri militar gisa

xendran zehar barreiatuko dudana.

 

Horra irudiak, kantuak eta ametsak,

gosez hil diren guzienak,

gerra oinaztarriek argitutako suteetan

izialduraz orro egin duten guzienak,

pertsonak miseriaz beztitzen badira

banderak urreztatzea ezinezkoa dela

pentsatzen duten guzienak.

 

DANTZA EGIN DUGU
Bernard Dadie

Nous avons dansé
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016