JAINKOAREN JUDIZIOARI AKABERA EMATEKO
Antonin Artaud

Pour en finir avec le jugement de Dieu (1948)
euskaratzalea: Asier Sarasola
Tabakalera, 2017

 

 

Amaiera

 

—Eta zertarako balio izan dizu, Artaud jauna, irratsaio honek?

—Hasteko, zikinkeria sozial ofizialki bedeinkatu eta onartu jakin batzuk salatzeko:

1. Haurren borondate oneko esperma-ematea, oraindik jaio ez diren fetuak mende bat edo gehiago barru artifizialki ernaltzea xede duena.

#

2. Salatzeko, garai batean indioen kontinentea izandakoaren azalera osoa okupatu duten amerikar horiengan inperialismo guduzalea berpiztu dela eta, horren eraginez, gu baino lehenagoko gizarte guztiek Colon aurreko herri indigenak mespretxatu dituztela.

#

3. —Gauza zeharo absurduak esaten dituzu, Artaud jauna.

#

4. —Bai, gauza absurdu bat esan dut,

Colon aurreko indigenak, uste izan denaz bestela, oso herri zibilizatua zirela

eta, zehazki, krudeltasunaren printzipioan soilik oinarritutako zibilizazio mota ezagutu zutela.

#

5. —Eta zuk badakizu zer den zehazki krudeltasuna?

#

6. — Mota horretakoa ez, ez dakit.

#

7. — Krudeltasuna honetan datza: erauzi egin behar da odolaz eta odolez jainkoa, giza animaltasun zentzugabearen patu basa, egon daitekeen leku guztietan.

#

8. —Gizakia, kate motzean lotu ezean, animalia erotikoa da,

eta barnean ikara inspiratu bat du,

pultsu antzeko bat,

ezin konta ahalako piztiak sortzen dituena; antigoaleko giza jendeak horiei esaten zien jainko.

Espiritu ere esan izan zaie.

Alabaina, Ameriketako indioengandik jasotako espiritu hori nahinon ageri zaigu gaur egun zientziaz mozorrotuta. Hala, agerian geratzen da eragin kutsakor gaiztoa, ageriko biziozko izaera, bizio eritasunez betea,

izan ere, egin barre nahi duzuen guztia,

mikrobio deritzegun horiek

                      jainkoa dira,

eta badakizue amerikarrek eta errusiarrek zerez egiten dituzten atomoak?

Bada, jainkoaren mikrobioez.

#

— Seko pitzatuta zaude, Artaud jauna,

burutik joanda.

#

— Ez nago burutik eginda.

Ez naiz erotu.

Baiki, mikrobioak berrasmatu dituzte jainkoaren ideia berri bat ezartzearren.

#

Modu berri bat aurkitu dute jainkoa berriz ager dadin eta kaltegarritasun mikrobianoagatik atzemateko.

Hau da, jainkoa bihotzean iltzatu nahi dute

-gizakiak bertan duelako maiteen-

sexualtasun gaixoti baten itxuran,

orain bezala, gizateria osoa uzkurtu eta zoratzearekin laketzen denean

hartzen duen krudeltasun eri horren itxuran.

#

Nirea bezala, xalotasuna gorde duten kontzientzien izaera purua erabiltzen du, eta nahinora hedatzen dituen itxura faltsuen bitartez itoarazi. Hala, Artaud Momoak haluzinatuarena egin dezake.

#

— Zer esan nahi duzu, Artaud jauna?

#

— Esan nahi dudana da aurkitu dudala kixmi hori behingoz eta behin betiko akabatzeko modua

eta jainkoagan orain inor gutxik sinesten duela, baina jende guztiak gero eta gehiago sinesten duela gizakiagan.

#

Haatik, orain gizakia zikiratzeko erabakia hartu behar da.

#

—Nola?

                      Zer?

Alde guztietatik begiratuta ere zoratuta zaude, zoro garbia zara.

#

—Beste behin, eta atzeneko aldiz, autopsia-mahaian jarri behar da, anatomia berregiteko.

Berriz diot, anatomia berregiteko.

Gizakia gaixo dago gaizki eraikita dagoelako.

Biluzi egin behar da eta arraspatu egin behar zaio azkura hilgarri hori eragiten dion animalia mikroskopikoa,

                      jainkoa,

                      alegia, jainkoa

                      eta bere organoak.

#

Kateatu nazazue, nahi baduzue,

baina ez dago organo bat baino gauza alferrikakorik.

#

Eraiki iezaiozue gorputza organorik gabe;

automatismorik bat ere ez du izango eta egiazko askatasuna berreskuratuko du.

#

Orduan, berriro irakatsi ahal izango diozue alderantziz dantza egiten,

herri-dantzen eldarnioan bezala,

eta alderantzizko hori izango da gizakiaren egiazko aurpegia.

 

 

JAINKOAREN JUDIZIOARI AKABERA EMATEKO
Antonin Artaud

Pour en finir avec le jugement de Dieu (1948)
euskaratzalea: Asier Sarasola
Tabakalera, 2017