JAINKOAREN JUDIZIOARI AKABERA EMATEKO
Tutuguri Eguzki beltzaren erritua
Eta behean, pendiza mingotsaren oinetan, bihotzetik krudelki etsia, sei gurutzeen zirkulua irekitzen da, oso behean, amalurrean sartuta bezala, lerdea darion amaren besarkada higuinetik erauzita bezala. # Ikatz beltzeko lurra da harkaitzeko artezian denik eta kokagune heze bakarra. # Erritua honetan datza: eguzki berria zazpi puntutik igarotzen da lurreko zuloan eztanda egin baino lehen. # Eta sei gizon daude, eguzki bakoitzeko bana, eta bada zazpigarren gizon bat beltzez eta haragi gorriz jantzita; bera da eguzki guztiz gordina. # Baina zazpigarren gizon hori zaldi bat da, zaldi bat eta berau gobernatzen duen gizona. # Baina zaldia da eguzkia bera eta ez gizona. # Danbor eta tronpeta hots luze arraroarekin lurrean etzanda eta kiribilduta zeuden sei gizonak erreskadan ernatzen dira ekiloreak balira bezala, eguzkiak bezala ez, zoru birakariak balira legez baizik, uretako lotoak nola, eta sorraldi bakoitzari danborraren gong hots gero eta ilunago eta apalago bat dagokio, harik eta bat-batean, arrapaladan, abiadura bizian etortzen ikusten den eguzkietan azkena, gizonetan lehena, zaldi beltza, gainean gizon bat biluzik, erabat larrutsik eta birjina daramala. # Jauzi egin ondoren, aurrera jarraitzen dute meandro zirkularrei jarraikiz eta haragia odoletan duen zaldia zoratu egiten da eta birak ematen ditu etengabe bere harkaitzaren gainean sei gizonek sei gurutzeak erabat inguratu arte. # Alabaina, Errituaren tonu maiorra, zehazki, gurutzearen abolizioa da. Birak ematen amaitzean, gurutzeak erauzten dituzte lurretik eta zaldi gaineko gizon biluziak zauri bati darion odolez busti duen ferra erraldoia jasotzen du.
JAINKOAREN JUDIZIOARI AKABERA EMATEKO |