AINGERUEN ZUZENBIDEA
Angela Figuera

euskaratzailea: Gabriel Aresti
Egan, 1960

 

 

                            II

 

Kantatzen diot Etxeko Andreari,

hain zuhurra eta dexentea gaxoa,

hain inportantzi gabekoa,

ardi mantsoaren itxura dadukana,

haurreri deiadar egiten baldin badie ere.

 

Lixibak bigundurikako haren eskuari ere

astelehenetan eta astearteetan,

asteazkenetan eta ostegunetan, orratzak pikaturikakoak,

ostiraletan plantxak errerikakoak,

baratxuriak eta tipulak igurtzirikakoak.

(Larunbata berebiziko eguna da:

Eskaratza garbitu, bi egunerako erosi,

eta seiretan, hatzazkaletan barniza,

zinema merke batera joan

gizonaren besotikan).

 

Etxeko Andreari kantatzen diot

goizeko zortziretan,

arduraz partitzen duelarik

armozuko esnea,

erdi-apurturikako taza sakonetan.

(Joaniko asko haunditzen da aspaldi honetan:

Harentzako parterik hoberena).

 

Etxeko Andreari kantatzen diot,

orain hamabost urte hain polita izan zenari,

orain triste-xamar edertasuneko kontseiluekin

barre egiten duenari.

(Emaiozu egunero biloari

ordu-laurden bat).

 

Etxeko Andreari kantatzen diot,

suma eta suma egiten duenari, herraturik,

laurogetabost, eta bederatzi daramazkit...

zerren joan diren ehun pezeta,

eta oraindik eztiot ikazkinari pagatu.

 

Etxeko Andreari kantatzen diot,

gauean ohera joaten denean,

ezpaitu errosarioa inoiz bukatzen.

(Dolores beti beste argal dago,

Joaniko gaizki dabila estudioekin,

eta ttikienari ipurdiko haragiñoak

ikusten zaizkio, bai).

 

Etxeko Andreari kantatzen diot,

hain nekaturik lokartzen denean,

aingeru zuri eta atseginak

etorten baitzaizkio kontsolatzera.

 

AINGERUEN ZUZENBIDEA
Angela Figuera

euskaratzailea: Gabriel Aresti
Egan, 1960