POZIK AL ZAUDETE?
William Butler Yeats

"Are you content?"
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015

 

Seme, biloba edo birbiloba

esaten didatenei behar diet esan,

osaba-izebei, osaba handiei eta izeba handiei

epai dezaten nik egindakoa.

Hitzetan emanda hondatu egin ote dut

bizkar zaharrek ekarri zutena?

Heriotzak espiritu egin zituen begiek epai lezakete,

nik ezin dut, baina ez nago pozik.

 

Sligon aldean, Drumcliff-en

harri zaharreko Gurutzea altxatu zuen hura,

County Down-eko erretore kaskagorria,

Sandymount Corbets zamaltzain bikaina,

William Pollexfen zaharra, gizon aipagarria,

Middleton kontrabandista, Butles atzerago,

erdi kondaira diren gizonak.

 

Ahul eta adindu egon nintekeen

lagunarte ederrean

lana beti hastio izan dudan hau

itsasoari buruz barrezka,

edo neronen bizian frogatzen

Robert Browning-ek esan nahi izan zuena

jainkoekin mintzo zen ehiztari zaharrarenaz.

Baina ez nago pozik.

 

POZIK AL ZAUDETE?
William Butler Yeats

"Are you content?"
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015