ENGUS ALDERRAIAREN KANTUA
William Butler Yeats

The Wind Among the Reeds, 1899
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz - 62 zkia, 2017
armiarma.eus, 2017

 

Hurriztira irten nintzen

buruan sutea bainuen,

eta hurritz adar bat ebaki eta zuritu nuen,

eta aran bat hariari lotu;

eta tximeleta zuriak hegan ari zirela,

eta tximeletak bezalako izarrak dir-dir,

arana errekara jaurti nuen

eta arrankari urrekara txiki bat harrapatu.

 

Lurrean utzi nuenean

sua bizkortzera joan nintzen,

baina zerbaitek tarra egin zuen lurrean,

eta norbaitek neure izenaz deitu zidan:

Neskatila dirdaitsua bihurtua zen

adatsean sagar-loreak zituena,

neure izenez deitu eta arinka hasi zen

eta aire argi artean aienatu.

 

Nahiz eta haranetan eta mendietan

hara eta hona ibiltzeaz zahartuta nagoen,

aurkituko dut nora joan den

eta haren ezpainak laztanduko ditut eta eskuak hartu;

eta koloreetako belardi luzean ibiliko naiz,

eta ilargiaren sagar zilarkarak,

eguzkiaren sagar urrekarak

atxikiko ditut denbora eta egunak amaitu arte.

 

ENGUS ALDERRAIAREN KANTUA
William Butler Yeats

The Wind Among the Reeds, 1899
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz - 62 zkia, 2017
armiarma.eus, 2017