GALKORRA
William Butler Yeats

Ephemera, an autumn idyl, 1884
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz - 62 zkia, 2017
armiarma.eus, 2017

 

“Zure begiak behinola nireekin inoiz nekatzen ez zirenak

gaur nahigabez makurtzen dira betazal zalantzation atzean

zeren gure maitasuna ahultzen ari baita”.

 

Eta neskak erantzun zuen:

“Gure maitasuna ahuldu arren,

gauden berriz ere aintziraren inguru bakartian,

biok elkarturik samurraldi honetan

non pasioa, ume gaixo nekatua, loak hartzen duen.

Zein urrunak diruditen izarrek,

eta zein urruna gure lehenengo musuak,

eta ai, zein zaharra nire bihotzak!”

 

Bidean zebiltzan gogoetan orbel iharren artean,

eta mutilak, neskaren eskutik helduta, astiro erantzun zion:

“Pasioak sarri higatu ditu

gure bihotz alderraiak”.

 

Basoak zeuden inguruan, eta hosto jada horituak

ilunantzean jausten ziren meteoro geldoak bailiran,

orduan untxi zahar eta herren bat bidean behera jaitsi zen mainguka.

Gainean zuen udazkena; eta orain haiek

berriz ere gelditu ziren aintziraren inguru bakartian.

Jiraturik, mutilak ikusi zuen neskak orbel hil batzuk jaurti zituela,

bustiak bere begiak bezala eta isilean batuak

bere bular eta ilearen gainean.

 

“Ai, ez zaitez atsekabetu”, esan zuen mutilak,

“zain ditugun beste amodio batzuetarako nekatuta gaudela-eta;

gaitzetsi eta maitatu ordu lasaietan,

gure aurrean eternitatea datza,

gure arimak maitasuna dira eta etengabeko agurra”.

 

GALKORRA
William Butler Yeats

Ephemera, an autumn idyl, 1884
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz - 62 zkia, 2017
armiarma.eus, 2017