Ihauteria
Monique Wittig

euskaratzailea: Itxaro Borda
armiarma.eus, 2013

 

     Norbait baldin bada ihauteri bat dela zalantzan jartzeko, urrutienetik ikusten dudanean oihu egiten diot: geldi. Eta aitzina jo aurretik, jakin ezan urdaila azkar behar dela. Hertze-larruak halatan ekartzen dira jada. Batzuk idi hertze-hutsez osatuak dira, besteak ardi hertze-hutsetik datoz. Moldeak anitzak dira ezaugarri komuna hantura duten arren. Zer erran pixistra horietaz, ez bada edonoiz argizaiolatzat harrarazten dizkigutela. Hori da jasangaitzena, ordu zenbaitez eguzkiak berotu eta gurin errearen urrina kirasten dutelakoaz aparte. Hargatik aldamenean biltzen gatzaizkie eta zoratzen gara. Pena da ikustea eta entzutea, eta galdezka nago zergatik ez dudan bizarrik Karlos Handiaren antzera haserrez sumintzen edo antsiaz nabilenean tiratzeko. Ezen norbederak hertze-larruekiko azaltzen duen zaletasunak ihauteriari irudi hitsa ematen diolako. Joak diren hedadurek eremu hutsak erakusten dituzte, besteetan guztiak lotzen, ihaurritzen, mordoiltzen, higitzen, burrunbatzen direla. Aski, pairamena da ikusteko eta entzuteko. Baina hor direnen atsegina erraldoia bide da beraien aurpegietarik dakusadanez, ahoaren alde bietarik heldera dariela, izerdiz eta malkoz bustiak baitira. Alta hauen estiretaz gozatzeko ordez gohaigarriak aurkitzen ditut. Hertze-larruak banan bana zartatzen doaz. Beude hertze-larruak, denak zartatuak dira orain eta dilindaz daude. Hatsa hartzen dugu. Trantze egoeratik askatu gorputzak libreki mugitzen dira berriro. Alaitu gaitezen beraz eta izpiritu triste bakar bat ere ez bebil, ez, are gutxiago han hertze-larru zartatuaren inguruan trantzean jende-saldo bat badela errateko. Alde egin nahi nuke, aizolbean jarri, zarataz eta mugimenduaz atseden hartu, etxera joan. Baina hemen bizi naiz ihauteriaren erdi-erdian. Eta bulkatzen edo laidoztatzen nautenean, ezin dut lekua utzi aktoreen irainak gustatzen ez zaizkigunean antzokian egin dezakegun eran. Halaz, egunetan, asteetan, hilabeteetan, urteetan zehar menturaz hedaduretara hertze-larru berriak garraiatzen dira. Bata bestearen ondotik zartatu eta dilindatzen dira. Ordezkatzen ditugu. Ez gara aspertzen.

 

Ihauteria
Monique Wittig

euskaratzailea: Itxaro Borda
armiarma.eus, 2013