ARRASTIRIAN HONDARTZAN
Walt Whitman

euskaratzailea: Txomin Artola
Txomin Artola, 1978 (diskoa)
armiarma.eus, 2017

 

Arrastirian hondartzan
neska txiki bat dago bere aitarekin
sortaldeari, udazkeneko zeruari begiratuaz.

Hor goian ilunpetan, hodei gosetiak
hodei tristeak beltzunetan hedatzen direnean
zeru osoan mehatxuka eta lasterka jaisten
direnean
eter zerrenda bat argi eta garden
geratzen da oraindik sortaldean
horren erdian, haundi eta ezti, Jupiter,
izarretako nagusi igotzen da
eta gertuan, pixka bat goraxeago
Pleiadeak, arreba minberak, aidean.

Hondartzan, neskatxak
bere aitaren eskuari loturik
dena irentsi zorian
garaile jaisten diren hodei triste horiei
begiratzen dielarik
neskatxa, isilik, negarrez ari da.

Ez negarrik egin, nere
ez negarrik egin, maite
nere musuaz hire malkoak xukatzen utz
nazazan
hodei gosetiak ez ditun luzaroan garaile
izango
ez ditun zeruko nagusiak luzaroan izango
itxuraz bakarrik iresten dizkinate izarrak
itxoin ezan, begira iezaion beste gau bati
eta Jupiter birragertuko zain
Pleiadeak birragertuko zaizkin.

Argizagi guzti horiek hilezkorrak ditun
zilarrezkoek eta urrezkoek iraunkorrak
baitira
Eguzki zabal eta hilezkorrek,
ilargi iraunkor eta pentsakorrek
berriz dirdir egingo dinate.
Zer bada, ene bihotzeko
Jupiterrentzat bakarrik egiten ote dun negar?
Izarren ehorzketan bakarrik pentsatzen ote dun?

Badun zerbait
argizagiak baino hilezkorragorik
(ehorzketak anitz ditun
igaro eta suntsitzen diren gauak
eta egunak anitz ditun)

Badun zerbait
Jupiter argitsuak
inguruka dabilzkion edozein satelitek
edo eta Pleiade, arreba dizdiratsuak
baino luzago iraungo duenik.

 

ARRASTIRIAN HONDARTZAN
Walt Whitman

euskaratzailea: Txomin Artola
Txomin Artola, 1978 (diskoa)
armiarma.eus, 2017