HAIEK ERE ZERBITZUA EMATEN DUTE
Mervyn Wall

euskaratzailea: Jasone Larrinaga
armiarma.eus, 2014

 

        Arratsalde bateko lehen orduan, tarteko adineko gizon bat Dublingo Gazteluko hesiko atera heldu zen. Oinez ibiltzeko hain modu dotorea zeukan eta hain artez zihoan non guardiako poliziak bere kaskoa ukitu baitzuen errespetuz, gizonaren arropak modaz pasatakoak eta zabarrak zirela ikusi baino lehen. Carmody jaunak eztul egin zuen, urduri, hitz egin aurretik.

        "Barkatu. Hau al da Dublingo Gaztelua?"

        Poliziak arretaz begiratu zion, broma baten susmoa baleuka bezala. "Bai", onartu zuen, "hauxe da."

        "Watkins jaunarekin daukat hitzordua," azaldu zuen Carmody jaunak. "Non aurki dezakedan esateko mesedea egingo zenidake agian."

        Poliziak goitik behera begiratu zion eta zorrotz erantzun zion:

"Gobernuko zazpi sail daude Gazteluan eta bi mila langile baino gehiago."

        Carmody jauna urduri mugitu zen.

        "Arrantza Sailean dago."

        Poliziak urrats pare bat egin zituen eta besoa seinale baten moduan luzatu zuen.

        "Zoaz horrantz," esan zuen, "beheko patioa gurutzatu, Errege Kapera igaro, eta horma beltz batera heltzen zarenean, zoaz ezkerretarantz."

        Carmody jauna eskerrak ematen hasi zen, baina polizia kasu gehiagorik egin barik joan zen.

        "Arrantza Saila beste eraikin batera aldatzen ari dira gaur, baina bilatzen ari zaren gizona aurki dezakezu alde egin ez badu."

Carmody jaunak berriro eman zizkion eskerrak, guardasola besoaren azpian jarri zuen eta hesitik sartu zen. Beheko patioa gurutzatu zuen, Jantzitegi Dorreko almena beltzei begiratuz. Errege Kaperako izkina pasatu zuen, atearen gaineko latinezko inskripzioari miresmenez behatuz. Poliziak esan bezala egin zuen, eta minutu gutxitan ate baten parean zegoen talde batengana heldu zen. Funtzionarioak arin zebiltzan, sartu-irtenean, artxibo-kutxak eta paper-sortak kamioneta batera sartzen ari ziren behargin batzuei jarraibideak ematen. Carmody jauna besoetan gabardinak tolestuta zeuzkaten gizon gazte batzuengana joan zen.

        "Barkatu," esan zuen, "esango didazue, hau Arrantza Saila al da?"

        "Bai," erantzun zuen batek, "baina gaur egoitzaz aldatzen ari gara Barneko Sailari leku egiteko. Pertsona zehatzen baten bila zabiltza?"

        "Hitzordua daukat Watkins jaunarekin," azaldu zuen Carmody jaunak.

"Ez nago seguru alde egin duen al ez. Saiatu bigarren solairuan, zoaz eskuinetara, eta su-itzalgailu batera heltzen zarenean hirugarren atea ezkerretara da."

        Carmody jaunak eskerrak eman zizkion eta sartu egin zen. Eskailera‑atal bi igo zituen eta, eskuinetara eginez, eskailera-buru hartatik zenbait su-itzalgailu ikus zitezkeen. Korridore estu batean zegoen, geletako batera sartzeko adorea biltzen ate bat bat-batean zabaldu zenean, eta mahai pisutsu bat atera zen eta atzeko hormara immobilizatu zuen. Mahaiaren beste muturretik behargin baten aurpegi gorriak harriduraz begiratu zion. Carmody jauna askatu zenean eskerrak eman zizkion beharginari eta aurkitu zuen lehen atean jo zuen eskuarekin. Ahots batek esan zuen: "Sartu," eta Carmody jaunak arin kendu zuen kapela eta sartu egin zen. Gizon edadetu bat mahaian zegoen eserita, idazten.

        "Kaixo," esan zuen, "kutxa gotorra mugitzera etorri zara?"

        Carmody jaunak esan zuen Watkins jauna ikustera etorri zela.

        "Ez dakit Watkins jauna eraikinean dagoen ala ez," erantzun zuen gizon edadetuak. "Ikusten duzu, bulego hauek husten ari gara. Zertan lagun zaitzaket?"

        Carmody jaunak eztul egin zuen, apur bat lotsatuta. "Tira, lanpostu baterako zen," esan zuen. "Enplegu baten bila ibili naiz azken aldi honetan, eta norbaitek, nire lagun batek, Watkins jaunarekin hitz egin zuen, eta hark idatzi egin zidan eta bera ikustera etortzeko esan zidan."

        Gizon edadetuak zorrotz begiratu zion.

        "Ezin zara administrazio publikoan horrela sartu," esan zuen. "Sailkapen azterketa bat gainditu behar duzu eta ministroaren izendapen-agiri bat jaso behar duzu. Gainera, ez dut uste Watkins jaunak… nahiko maila apaleko postua dauka."

        "Ez zen administrazio publikoko lanpostu bat," Carmody jaunak esan zuen azkar. "Pentsatu nuen hirian zerbaiten berri izan zezakeela. Pentsatu nuen aholkuren bat emateko moduan egongo zela, zelan jardun behar nuen esango zidala."

        Gizon edadetuak Carmody jaunari begiratu zion une batez.

        "Zenbat urte dauzkazu?" galdetu zion.

        "Berrogeita bi."

        Gizon edadetua bat-batean lotsatu egin zela zirudien.

        "Hobe duzu Watkins jaunari itxarotea," esan zuen.

        Aterako bidea erakutsi zion. Carmody jaunak guardasola hartu zuen eta jarraitu egin zion. Carmody jauna goragoko solairura eramaten ahalegindu zen gizon edadetua baina behargin txiki bik eragotzi zioten, armairu handi batekin zailtasunak baitzeuzkaten eskubandak okertzen ziren leku batean.

        "Altzariak mugitzen ari dira," esan zuen gizon edadetuak. "Ez da oso segurua korridoreetan egotea."

        Carmody jauna ados egon zen.

        "Hobe duzu hemen barruan itxarotea," gizon edadetuak esan zuen, eta korridorearen amaieran zegoen gela batera eraman zuen. "Watkins jauna bidaliko dut agertzen denean."

        Carmody jaunak eskerrak eman zizkion eta aulki bateko ertzean esertzeko atrebentzia izan zuen.

        Gela txikia eta itsusia zen. Egutegi bat zegoen horman egun hartako datarekin, 1922ko urtarrilaren 27a. Altzari bakarrak bera eserita zegoen aulkia eta paperez betetako mahai bat ziren. Paper haien artean makinaz idatzitako berrogei orri inguruko txosten bat zegoen, letoizko grapa batekin lotuta. Carmody jaunak hautsari putz egin zion eta irakurri egin zuen: "Ballinacorrig-eko ostra haztegietako garapen industrialerako proposatutako Proiektua". Lehen orria zabaldu zuen eta interes lasaiarekin irakurtzen hasi zen.

        Ordubete igaro zen. Bat-batean konturatu zen dena zegoela oso isilik. Ez zituen beharginak korridoreetan entzuten. Oin-puntetan joan zen atera, zabaldu egin zuen eta burua atera zuen. Une batez ez zuen ezer entzun, eta gero hurbiltzen ari ziren oin-hotsak entzun zituen, eta gizon gazte batek izkina igaro zuen eta korridoretik etorri zen, oinez zihoan bitartean paper bat irakurtzen, eta ez zuen Carmody jauna ikusi bere ondoan egon arte.

        "Kaixo," esan zuen ahots harrituarekin Carmody jaunaren burua ikusi zuenean. "Norbaiti itxaroten al zaude?"

        Carmody jaunak bere hitzorduarena kontatu zion.

        "Arrantza Saila lekuz aldatu da," esan zuen gizon gazteak, "baina, noski, norbaitekin hitzordua badaukazu, etorriko da zalantza barik."

        Gizon gazte ilegorri eta atsegina zen, eta astia zeukala zirudien zeren, zigarreta eskaini zion Carmody jaunari eta gelan geratu zen, apur batean hitz egiteko.

        "Barneko Sailekoa naiz ni," azaldu zuen. "Gaur arratsaldean gatoz hona, eta aurretik bidali naute okupatuko ditugun gelen zerrenda batekin. Badaezpadan Eskulangintza Sailak gure geletakoren bat hartzen saiatzen bada da hori. Eraikin berean daude, badakizu. Handitzen ari dira, eurak ere. Arrantza Saila zegoen gela hauetako batzuk dauzkate."

        "Ez nekien Gobernuko sail bi eraikin berean jartzen zituztenik," esan zuen Carmody jaunak.

        "A, Jainkoa, bai," erantzun zuen gizon gazteak, "sarritan. Lekua dagoen heinean. Eraikin honetan Eskulangintza Saila Arrantza Sailarekin nahastua egon da, gela bat sail bat, hurrengo gela beste saila. Gurekin nahastuta egongo dira orain."

        "Ezohiko sistema," esan zuen Carmody jaunak.

        "Ah," adierazi zuen gizon gazte ilegorriak, "zer axola dio? Gure gelak zeintzuk diren azkar batean jakingo dugu, eta kanpoko batek galdetu besterik ez du egin behar."

        "Herrialde bateko administrazio publikoa erakunde miragarria da," esan zuen Carmody jaunak.

        "Bai," gizon gazteak irribarre egin zuen. "Begira, aste gutxi dira Irlandako Gobernuak britainiarrengandik boterea hartu zuenetik. Horrexegatik gabiltza eraikinetan lekualdaketak egiten. Eta ia-ia ez da arazorik egon. Administrazio publikoa ez da jendeak uste duen bezain erakunde berezia. Geldoa da, baina segurua." Leihora joan zen. "Uste dut Herri Lanen Saileko gizonak entzun ditudala altzariekin. Ez dakit zure gela hau nire zerrendan dagoen ala ez." Atea zabaldu zuen. "107. gela. Ez. Seguruenik, Eskulangintza Sailekoak etorriko dira hona."

        "Espero dut Watkins jaunak ez zuela ahaztuko nirekin hitzordua zeukala," esan zuen Carmody jaunak. "Ziur naiz ordubete baino gehiago egon naizela zain."

        Gizon gazteak zalantza-keinu bat egin zuen atean. "Agian atzeratu egin dute, nahasketa handia dago gaur langile batzuk beste leku batera doazelako. Agian merezi du apur batean itxaroteak, beste nonbaitera joateko presarik ez badaukazu, noski."

        Carmody jaunak ziurtatu zion ez zeukala presa berezirik inora joateko eta beste apur batean itxarongo zuela.

        "Agur, bada," esan zuen gizon gazte ilegorriak, eta alde egin zuen.

        Carmody jauna berriro eseri zen eta, burua eskuen artean jarriz, berriro hartu zuen bere irakurgaia. 23. atala berriro aztertzen ari zen, ez baitzegoen batere argi, eta oin-hots astunek eta noizean behingo danbateko batek jakinarazi zioten Gobernuaren altzariak berriro mugitzen ari zirela. Irakurtzen jarraitu zuen jardueraren zarata kanpoko korridorera heldu zen arte. Une batez arretaz entzun zuen, eta urduri jartzen ari zenez Watkins jauna beraz ahaztu zenaren beldurrez, berriro altxatu eta atea zabaldu zuen. Langileak mahaiak sartzen ari ziren ondoko gelan. Funtzionario bat zegoen bertan, paper bat eta arkatz gorri bat eskuetan. Behargin bat korridoretik etorri zen paper pila batekin.

        "Eskulangintzakoen gauzak", esan zuen.

        "Ondo," esan zuen funtzionarioak. "Sartu hemen."

        "Eta bukaerako gela?" galdetu zuen beste batek. "Ezer eraman behar da hara?"

        Funtzionarioak Carmody jaunaren gainetik irakurri zuen zenbakia, 107, eta bere zerrendan begiratu zuen. "Ez, guk ez daukagu 107a. Barneko Sailekoak etorriko dira seguruenik."

        "Hori da guztia, orduan?" galdetu zuen lehenengo beharginak.

        "Hori da guztia," esan zuen funtzionarioak, eta Carmody jaunari begiratu ere egin barik denak joan ziren korridoretik.

        Minutu batzuez atean geratu zen, eta gero berriro sartu zen gelan. "Arraroa da," esan zion bere buruari, "gela hau ez dago Barneko Saileko zerrendan eta ez dago Eskulangintza Saileko zerrendan, eta bakoitzak uste du beste sailarena dela."

        Eseri egin zen, pentsatzen zeinen erakunde handia den herrialde bateko administrazio publikoa eta, hala ere, zeinen erraz egin daitekeen horrelako akats bat. Luzaroan egon zen jesarrita, Ship kaleko etxebizitza-eraikin bateko teilatuaren gainetik argia zeruan zelan moteltzen zen begiratzen. Arratsaldea aurrea zihoan, gelan ez zegoen argirik, laster erdi-ilunetan egongo zen. Bat-batean kargutu zen Watkins jaunak bere hitzordua ahaztu zuela eta joan beharra zeukala eta biharamunean bulego berrietara joan, edonon zeudela ere; baina ez zeukan alde egiteko gogorik. Bihotza estutu egin zitzaion hiriko laino hotzetara itzuli behar zuela pentsatzean. Bere zoritxarreko egoera gogoratu zuen, lan baten bilaketa lazgarria, edozein lan, eta gizon arrakastatsu mespretxatzaileekin egindako elkarrizketak, bere herabetasunean eta estimuan min handia egiten ziotenak.

        Christ Church katedraleko kanpaiak ohartarazpen notak jo zituen eta gero, astiro, ordua eman zuen. Laurak. Ostatuko bere gela tristea gogoratu zuen, non ez baitzegoen surik eta errenta ordaindu barik baitzegoen. Bizitzen jarraitu behar hutsaren zorigaiztoaz pentsatu zuen. "Bostak arte egongo naiz, denek alde egiten dutenean," esan zion bere buruari; "hemen gutxienez berogailua dago eta gela epel dago." Zutundu eta argia pizteko giltza itsumustuka bilatu zuen. Berokia kendu eta atearen atzean eskegi zuen. Gero berriro eseri zen mahaian burua eskuetan zeukala eta irakurtzen jarraitzera behartu zuen bere burua.

        Lau eta erdiak jota zeudenean zerbaitek ustekabean harrapatu zuen, urrats azkarrak korridorean eta baten bat atea jotzen. Gizon gazte bat sartu zen.

        "Arratsalde on," esan zuen indartsu, eta mahaiaren gainean utzi zuen izenen zerrenda baten itxura zeukana. "Ez dakit non nagoen ere langileen mugimendu honekin. Zein da zure izena, mesedez?"

        Carmody jaunak esan zion, eta gizon gazteak azkar idatzi zuen izena zerrendan.

        "Hemen izango naiz hilaren hogeita hamaikan, hamaikak inguruan," esan zuen. "Hemen egongo zara ordu horretan, ezta?"

        "Hemen?" esan zuen Carmody jaunak.

        "Bai, hamaiketan barikuan, hilaren hogeita hamaikan. Gela honetan."

        "A, Watkins jaunaren partez zatoz?"

        "Ez," erantzun zuen gizon gazteak, nahastu itxurarekin, "O'Brien jaunaren partez."

        "Oh," esan zuen Carmody jaunak, tutik ere ez ulertuz.

        "Beti etorriko naiz hamaiketan," esan zuen gizon gazteak. "Arratsalde on," eta arin joan zen, Carmody jauna harrituta eta aho zabalik utzita.

 

        Barikuan, hamaiketan, Carmody jauna korridorearen amaierako gelan eseri zen, gizon gaztea noiz etorriko zain. Ez zuen ulertzen zergatik egon behar zuen han, baina Watkins jaunak jatorrian egindako hitzorduarekin nolabait lotuta egongo zela uste zuen. Gela aldatu barik zegoen, mahaia oraindik zegoen paper abandonatuez beteta. Hamaikak eta bostean gizon gaztea sartu zen, lehen bezain indartsu, eskuan papertxoen sorta bat zeramala.

        "Egun on," esan zuen. "Lan izugarria daukagu Finantza Sailean, Gobernuko aldaketarekin eta langileak hiri osoan mugitzearekin. Zure izena da…?"

        "Carmody," esan zuen besteak, hurrengo zer gertatuko zen bere buruari galdetuz.

        "Benedict Carmody," esan zuen gizon gazteak papertxo bat sortatik aukeratuz eta mahai gainean jarriz. "Hemen izango naiz ordu berean hilabete bakoitzeko azken egunean. Egun ona izan."

        Atea itxi zenean Carmody jaunak harriduraz begiratu zion papertxoari. 'Barneko Saila' izenburua zeukan eta hogeita hamar liberako txekea zen.

 

        Carmody jaunak hamazazpi urte daramatza gela txikia okupatzen. Goizero etortzen da hamaikak laurden gutxi inguruan eta egunkaria irakurtzen du, gero sabaira begiratzen du eta zigarretak erretzen ditu ahoko luze batekin bazkaltzeko ordua izan arte. Batzuetan, herrialde bateko administrazio publikoaren neurrigabetasunari buruz egiten du gogoeta eta bere buruari esaten dio ez dela jendeak pentsatzen duen bezain erakunde berezia. "Ballinacorrig-eko ostra haztegietako garapen industrialerako proposatutako Proiektua" beti dago mahaian, ez dadila gertatu lanean ez egotearen itxura emateagatik eskandalua sortzea bere gelan erratuta sartzen den edonoren aurrean. Hala ere, oso gutxitan egiten diote traba, bigarren urtean orri batean 'Pribatua' idatzi eta atean itsatsi baitzuen. Erabat seguru sentitzen da, zalantza barik sail bakoitzeko funtzionarioek beste sailekoa dela uste baitute korridoreetan ikusten dutenean, hau da, inoiz beragan pentsatzen badute.

        Arratsaldeetan kalean paseo bat egitera joan ohi da edo hiriko parkeetako batean esertzen da egunkarietako iluntzeko edizioak atera arte. Batzuetan astebeteko edo aste biko oporrak hartzen ditu, baina beti edukitzen du hilaren azken egunean itzultzeko kontua, papertxoen sorta bat daukan gizon gazte bati harrera egiteko.

        Sei urte falta zaizkio erretiratzeko adinera heldu aurretik. Pentsio bat emango dioten ala ez kezkatzen hasita dago.

 

HAIEK ERE ZERBITZUA EMATEN DUTE
Mervyn Wall

euskaratzailea: Jasone Larrinaga
armiarma.eus, 2014