REQUIEM UXIO NOVONEYRARENTZAT
Luisa Villalta

euskaratzailea: Itxaro Borda
Maiatz, 32. zkia, 1999

 

Pausa zaite

Hitzak betirako bizi diren gailurretan

Argitasun geldoan

Biloak harrotzen ez dituen haizean

Gure tristurari zabalegia zaion argitasunean

Bukaerarik gabeko jakintzan

 

Pausa zaite

Hasteko zen bertsoan

Esku hutsetan landutako iraultzan

Betirako erein asturuan

Inoiz heltzen ez den geroan

Sekula bukatugabeko iraganean

 

Ai hiraz higatu egunak

Hain laburki hatsartzen dugun hira hura

Askatzeko hira

Liburu bizien hira

Vietnam-cantoren hira

Etengabe berregiteko hira

Ez makurtzeko hira

Izateko ez izateko hira

Noizbait izatearen hira

Lurrez emokatu ahoz lurraren erraiteko hira

GALIZA izateko hira

Ez etsitzeko hira

IRAren hira

Joaiteko eta ez desbideratu ez okertu gabe itzultzeko hira

Gutarantza eta gurekin ibiltzeko hira

 

Ai orain hain ixilik dagoen hiraren egun joanak

         bizi izan arren hitz egiten ez duen herioa da

ixiltasuna

 

Ohore Sortuari betirako bizi delako

Bertso bakoitzean agertu egian

Bazter guzietan loratu bertsoan

Betirakotu ametsetan

 

Ohore Sortuari espero duelako

Galizaren izena musu bakoitzean

Galizaren keinua izen bakoitzean

Betirako Galiza

 

Ohore Sortuari gelditzen baita

Aldaketa guzien kurutzunean

Antsia ororen kurutzunean

Garaipen betirakotuan

 

Pausa zaite

Bestelakoa ezin ez izanaren eta izan ezaren bakean

Justizia zailaren segurtamen errazean

Tximista betirakotzen duen amodioaren bermean

Jarreraren koherentzia erakusten duen idazkian

Ametsen burua bizi den hariztian

         Pausa zaite gugan

         Pausa zaite gugan

         Pausa zaite gugan

 

REQUIEM UXIO NOVONEYRARENTZAT
Luisa Villalta

euskaratzailea: Itxaro Borda
Maiatz, 32. zkia, 1999