EGIA HUTSA
Paco Urondo

La pura verdad
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2016

 

Zuen baimenarekin,

nahiago dut bizirik jarraitzea.

 

Dena dela eta ondo pentsatu ondoren, ez daukat

kexurako edo protesta egiteko motiborik:

 

beti bizi izan naiz zeruan: ezer

garrantzitsurik ez zait falta izan.

 

Egia da ez dudala egundo ezinezkorik eskatu; mundu

honetako gauzekin maiteminduta axolagabe

eta minez eta beldurrez eta estutasunez .

 

Oso gertutik ezagutu dut  alaitasun barkaezina; amets

          izugarriak eta maitasun onak, arinak eta errudunak izan ditut.

 

Lotsa ematen dit asmoz beterik ikusteak neure burua:

          oilo baldar,

melankoliaz joa, ahula, interes gabea,

 

haizeak mespretxatzen duen lumazko haizagailua,

denborak ezabatu duen bide zidorra.

 

Bulkadek hozkatu zidaten gaztaroa eta orain, ohartzeke,

          helduaro orekatu batean

sartzen ari naiz, edozein erotzeko edo bat batean

           edozein aspertzeko modukoan.

 

Nire akatsak behin betiko ahaztu dira; nire memoria

          hilda dago eta kexu da loan hondartutako

beste jainko-jainkosa batzuekin eta sentimendu txarrekin batera.

 

Galkorrak, zikinak, etorkizunak, ni nola kikildu asmatu zuen,

          baina betiko menderatu dut; badakit etorkizuna eta memoria

          egunen batean mendekatuko direna.

 

Oharkabean pasako naiz, gezurretako apaltasunez, Mari Errauskin bezala,

          nahiz eta

batzuk

 

xeraz oroituko nauten edo nire oinetako txikia aurkitu eta

          hala ere hiltzen jarraitu.

 

Ez dut alde batera utziko ospearen eta

dirutzearen aukera; grina lizunak eta aldarte txarrak.

 

 

Krudeltasunak ez nau ikaratzen eta  beti bizi izan naiz

alkohol hutsak, ondo idatzitako liburuak, haragi

          perfektuak itsututa.

 

Neure indarrekin eta neure osasunarekin fidatu ohi naiz

eta neure patuarekin eta  zorte onarekin:

 

badakit iraultza ezagutzera iritsiko naizena, geriza diodan eta

ferekatu dudan jauzi hori, gure utzikeriaren atea joka.

 

Seguru nago hitz baten bihotzean bizitzera iritsiko naizena;

berotasun hau, geldian ezertarako ez den eta usteldu

          egiten den halabehar hau elkar banatzera.

 

Hitz egin dezaket eta  maite

eta etsai eta gertu dudan larruaren argia eta kolorea entzun.

 

Ametsa eta akastasuna ukitu,

dardara maiztu bakoitzean, ihesean jaio.

 

Azkenetan diren behaztopak;

itxaropena eta samina eta nekea eta gogoa.

 

Hizketan ari, garaipen

honi, ukabil honi heldu; diosala egin, agur esan.

 

Harrokeriarik gabe esan dezaket

bizitza dela ezagutzen dudan gauzarik onena.  

 

EGIA HUTSA
Paco Urondo

La pura verdad
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2016