AHIZPAREN LAUDORIOA
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Kirmen Uribe / Rikardo Arregi / Magdalena Wegzryn
Hegats, 17-18, 1997ko abendua

 

Ahizpak ez du poemarik idazten,
eta seguraski ez du jadanik poemarik idatziko.
Amarengandik datorkio ohitura, gureak ez baitzuen poemarik idazten,
eta aitarengandik, jakina, hark ere ez baitzuen poemarik idazten.
Ahizparen aterpean seguru sentitzen dut neure burua:
ahizparen senarrak ez luke inolaz ere poemarik idatziko.
Badakit nire hitzek Adam Macedofskiren' testu bat ekartzen dutela gogora,
baina etxekoen artean ez du inork poemarik idazten.
Ahizparen kaxoiek ez dute poema zaharrik barruan,
haren poltsan ez da poema idatzi berririk.
Eta bazkaltzera gonbidatzen nauenean ere,
badakit ez duela poemak irakurtzeko asmoz egiten.
Bere zopak gozo-gozoak dira eta ez dute esanahi ezkuturik.
Eta kafea ez da inoiz eskuizkribuetara erortzen.
Etxe askotan, inork ez du poemarik idazten,
baina kideren bat hasten bada, gutxitan izaten da bakarra.
Batzuetan, poesia ur-jauzien antzera erortzen da belaunaldiz belaunaldi,
eta elkarrekiko sentimenduen baitan zurrunbilo arriskutsuak ditu sortzen.
Ahizpak ahozko prosa dotore samarra du
eta literatur-lana postal turistikoetan agertzen du soilik,
urtero-urtero promesa bera errepikatzen duen testu honekin:
bueltan
dena
kontatuko du,
den-dena.

 

AHIZPAREN LAUDORIOA
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Kirmen Uribe / Rikardo Arregi / Magdalena Wegzryn
Hegats, 17-18, 1997ko abendua