OINAZEA
Alfonsina Storni

Ocre, 1925
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 58
2015

 

Urriko arrasti ezin ederrago honetan nahi nuke

itsas bazter urrunean paseatu;

urrezko hareatzak, eta ur berdeek

eta zeru hutsek igarotzen ikus nazaten.

Garaia, itzela, perfektua izan nahi nuke,

emakume erromatar bat iduri, bat etortzeko

olatu handiekin eta harkaitz hilekin

eta itsasoa mugatzen duten hondartza zabalekin.

Pauso geldoan, eta begiak hotz

eta ahoa isil, gogoa laxo utzi;

olatu urdinak granitoen aurka

nola hausten diren ikusi, eta kliskarik egin ez;

hegazti harrapariek arrain txikiak

nola jaten dituzten ikusi, eta itzartu ez;

ontzi hauskorrak uretan hondora

litezkeela pentsatu, eta zizpururik egin ez;

gizonik ederrena, zintzurra airean,

aurreratzen dela ikusi; maitatzea desiratu ez ...

Begirada galdu, oharkabean,

galdu, eta sekula berriro aurkitu ez;

eta, zutik jarrita, zeruaren eta hondartzaren artean,

itsasoaren betiereko ahanztura naizela sentitu.

 

OINAZEA
Alfonsina Storni

Ocre, 1925
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 58
2015