ARRATSALDE HONETAN
Alfonsina Storni

Languidez, 1920
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 58
2015

 

Orain zerbait urruna maitatu nahi dut...

Gizon bikain bat

goxoa xoriño bat bezala.

Ezin konta ahala emakume izan dituena

eta beste lurralde batzuk ezagutzen dituena, eta

hitza bere ezpainetan loratzen zaiona, lurrintsu:

oihan birjina bailitzan haizearen pean...

Eta nahi dut oraintxe bertan maitatu. Arratsaldea

leun eta nare dago goroldio sarria bezala,

dardaran dago nire ahoa, baita nire eri finak ere,

txirikordak desegiten dira txiri-txiri.

Murmur lausoa sumatzen dut... Lur guztia

kantuan ari da gozoro... Urrun,

basoak korolaz bete dira,

errekastoek ubideak gainditzen dituzte

eta urak lurrean irazten dira

nire begiak xarmaturik

amesten ari naizen begietan bezala...

Baina

orain eguzkia jaisten ari da mendi ostean,

hegaztiak euren habietan dira uzkurtzen,

arratsaldea itzali egingo da eta bera urrun dago...

Urrun inoiz alde egin eta uzten ez nauen

eguzki hau bezala, eskuak

txirikordetan hondoraturik, ahoa

umel eta dardarati, arima

leundurik, ezti eta eder

bihurtzen nauen maitasun mugagabe

honen esperantzan garturik...

 

ARRATSALDE HONETAN
Alfonsina Storni

Languidez, 1920
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 58
2015