ATZEAN UTZIA NAIZEN NESKA
Muriel Spark

The Girl I Left Behind Me
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2018

 

      Seiak eta laurden ziren hain zuzen, bulegotik irten naizelarik.

      Teedle-um-tum-tum, doinu hura berriro nire buru inguruan itzulika. Gutun jaunak ziztukatzen aritzen dena egun osoan bere telefono dei zalapartatsuen eta bere ametsaldien artean. Zenbaitetan Poliki, poliki jira giltza ziztukatzen du, baina gehienetan Atzean utzia naizen neska izaten da, alboka erritmo arin batean.

      Autobusaren zain nengoen ilaran, nekatua, eta galde egin dut neure kolkorako zenbateraino jasan ahal izango ditudan Mark Gutun (Screws & Nails Ltd.) eta bere doinua. Noski, nire gaixotasun luzearen ondotik  proba latza da, izan ere. Baina erresumina sortzen didate Gutun jaunak eta bere doinuek, bere bat-batekoek eta aspertura egiten dituen bere barnetasunek, bere ile horiak eta bere hortz txikiek, baina batez ere bere doinu honek, bulegotik irten eta luzera egiten baitit burrundara buruan. Gutun jauna etxera ekarriko banu bezalako zer edo zer.

      Inor ez da nitaz ohartu autobus geltokian. Egia esan, zergatik egin behar zuten? Ez dut inor ezagutzen, baina gau honetan bereziki anonimoa sentitu nintzen herritarren artean. Denek begiratzen zuten nigan zehar eta, agidanez, ibilian ere nigan zehar pasatzen ziren. Udazkenaren amaierarekin ideia tristeetarako joera hartzen dut, gustura. Arabazozoak multzoan batzen dira bulego eraikin handietako erlaitz altuetan pausatzeko. Eta, nire sentimenduen urduriaren ganduan, bulegoan garrantzizko zerbait edo bukatu gabeko lanen bat utzia naizelako ziurtasun sendoa atzeman dut. Agian kutxa gotorra blokeatu gabe utzia,  edo agian huskeriaren bat izan liteke hain zorrotz hartzen nauena. Gogoaren erdia, nengoen bezain nekatua ere, atzera itzuli eta lasaitzekotan neukan. Baina autobusa heldu da eta gainerakoen artean estutu naiz. 

      Betikoa, jesarlekurik ez. Barrari heldu eta etsi dut batera eta bestera eragin nazaten beste pasaiariak bezala. Gizonezko baten oinaren gainean gelditu naiz. “O, barkatu!” esan diot. Baina gizonak beste aldera begiratu du erantzun gabe, eta deprimitu egin naiz. Gero baino gero sentitzen nuen sendoago izugarrizko garrantzia zeukan zer edo zer utzia naizela bulegoan. Teedle-um-tum-tum, doinua nire ezinegonaren oinarria etxean. Egunean egindakoak ekarri ditut gogora, sumatzen hasia naiz idatzi beharreko gutunen bat ote den, bidean postan uztekoa. Suhar batean aritu da lanean Mark Gutun goizean, bulegora iritsi naizelarik. Noizean behin goizeko zortzietan etortzen da, gutunak ireki eta ni azaltzen naizenerako, dozena erdiren bat telegrama bidalia izaten du alferrik. Nire gainjantzia kentzeko astirik gabe, egun oso baterako aginduak ematen dizkit, taxa gorrastaz estaliak dituen eskuak biziro dantzatuz bere aho berritsuaren erritmoan. Ohitura honek estuasunean jartzen nau, eta gauza bakarra dauka libertigarri, orduan esaten baitu, puntu bakoitza lantzeko instrukzioak ematen dituela, “Mark Gutun presakoa”. Barregarria egiten zitzaidan Mark Gutun jaunak horixe esatea, eta sarritan dituenez antzeko aldiak, Mark Gutun Presakoa jaunaz pentsatzen dut horrelakoetan.  

      Autobusean dilindan nentorrela, goizeko Mark Gutun Presakoa jaunaren demaseko energiaz oroitu naiz. Ohi duena baino presakoago  zebilen, eta horrenbestez, estuasunak itoa bezala jarri naiz. Neure hogeita bi urteetan arrunt zaharra sentitzen naiz, gogoa larri, amaitu gabe utzia naizenaren aztarrena hartzeko. Bada ongi ez dabilen  zer edo zer, autobusak bulegotik urrunago eraman eta sinetsiagoa nengoen. Ez dut  nire lana izugarri seriotan hartzen, baina Gutun jaunaren harroaldiak kutsakorrak dira, eta halakoetan ez dut onik izaten egun osoan. Etxeratutakoan hobeto egongo naizela pentsatuz kontsolatzen banaiz ere, ez nau berehala uzten urduritasun horrek.

      Eguerdian lasaitu egin da apur bat Gutun jauna, eta luntxaren aurreko ordubetean urrats handiz ibili da bulegoan batetik bestera eskuak sakeletan, bere hortz ilun eta txikien artean marinelen abestia baino ziztukatzen ez zuela, Atzean utzia naizen neska. Zabuka egin dut  Teedle-um-tum-tum. Teedle-um… erritmora zihoan autobusean. Luntxetik itzuli naizenean isiltasuna zen nagusi, eta Gutun jauna irtena ote zen egin dut  neure kolkorako, noiz ere entzuten dudan badatorrela doinu berria bat-batean bere bulego pribatu ñimiñotik, burrunba arin bat, azkentzen ari. Gero banekien arratsaldeko barnetasun haietakoren batean amilduko zela.

      Bere bulego kutxatxoan bisitatzen dut aldian behin, ametsaldi hauek hilduratzen dutenetan. Aulki birakarian jesarria aurkitzen dut, mahaiaren ostean. Gehienetan berokia erantzia izaten du eta aulkiaren bizkarrean ipinia. Eskuineko ukondoa mahaian emana, kokotsa eutsiz, eta krabata ezkerreko eskuan zintzilik. Krabata horri begiratzen dio, hori du hango ikustatearen helburu nagusia. Arratsaldean krabatari begira atzeman dut  berera joan naizenean paper batzuen bila. Ezpainak erdi zabal, hortz horitu eta separatuak, haur baten hortzak baino handiago ez. Haien artean ziztukatzen zuen bere doinua. Atzo Poliki, poliki, jira giltza, baina gaur bestea zen. Betiko geltokian jaitsi naiz autobusetik, tiketa eskuan neukala oraindik. Txanponak jaurti ditut ia tiketa zirelakoan, eta igarri diodanean, ez naizela inor pentsatu dut, txoferrak, bere presatuan, ez baitit jaramonik egin kobratzeko ere.

      Bi ordu eta erdi eman ditu Mark Gutunek bere isiltasunean. Zer ote da  amaitu gabe utzia naizena? Ez naiz gogoratzen zer esan duen bere bulegotik irtendakoan. Hura izan behar zuen nik tea egin dudan ordua. Gutun jaunak maite du kikarako bat bere eroaldian edo bere abstrakzioan ez baina arrunt eta berritsu dagoenetan. Bere hobbyaz jardungo du, zura lantzea. Ez dut uste Gutun jaunak bizitzarik duenik etxean. Berrogeita sei urte ditu, ezkonge dago oraindik eta bakarrik bizi da Roehamponeko etxe batean. Nire apartamentuko estratan gora nindoala gogoratu naiz krabata oraindik eskuan zintzilik zeukala azaldu dela Gutun jauna tea hartzera, alkandoraren lepoa zabal, kolkoa zuri eta bere Teedle-um-tum-tum hortz artean.

      Azkenean etxeratua naiz eta nire Yalea sarrailan sartu. Poliki, neure artean, jira poliki giltza, eta Jainkoak lagun barrura. Etxekoandra sukaldetik jangelarako karrajuan pasatu da gatz eta piper-hauts ontzi bana esku zimurretan. Maizter berriak dauzka. “Nire gonbidatuak” esaten die beti. Gonbidatu berriek lehentasuna kentzen diete zaharrei. Atsekabeak hartu nau. Ezina zait nire gelarako eskailerak igotzea garbitzeko eta gero jaistea zopa marroia jatea nire etxekoandra gonbidatu berriez arduratzen dela, niri ezikusia eginez. Sarrerako aulkian jesarri naiz une batez, indar hartzeko. Urtebeteko gaixotasunak erasan egiten dizu, baita gaztea izanik ere. Ezer ez batean, zopa marroiaren higuinak eta bulegoari buruzko kezkak hartaratu egin naute. Ez naiz nire gelara igoko. Bulegora joan behar dut ahaztuta utzia naizena ikustera.

      Teedle-um-tum-tum

      Neurosia gaina hartzen ari zait. Behin baino gehiagotan egin izan diot  barre ahizpari, oheratu ondoren senarra bidaltzen duelako behera, gasaren kanila guztiak itxiak, ate guztiak, atzekoa eta aurrekoa, giltzatuak dauden ikusteko. Ederto, ahizpa bezain tuntuna naiz, baina ulertu egiten dut bere obsesioa, eta nik atea zabaldu, etxetik irten eta, neure nekatuan, geltokira abiatu naiz, bulegora.

      Zergatik egin behar dut nik hau Mark Gutunengatik?, neure buruari galde. Baina, egiazki, ez naiz harengatik itzuli, neuregatik baino. Amaitu gabearen sentimena uxatzeko ari naiz, eta amorragarrizko arrain gorri batek bezala buruan igerian dabilkidan abesti hori ere bai.

      Galde egiten diot neure buruari, autobusak ibilbide ezagunean neramala, zer esan behar ote diodan Mark Gutuni oraindik bulegoan baldin badago. Maiz aritzen da, edo maiz geratzen da behintzat berandu arte, ez dakit zertan, iltze eta torloju negozioak ez baitu ordu estrarik behar. Esango nuke atxikimendua diola leku ilun hari. Beldur apur bat ere badaukat ez ote dudan aurkituko Gutun jauna bulegoan, zutik, azken hurrena ikusia nuen bezala, krabata bere eskuan dilindaka, nire mahaiaren ondoan. Erabaki dut bertan topatu ezkero hitzetik hortzera esango diodala atzean zer edo zer utzia naizelako natorrela.

      Erlojuren batek zazpiak eta laurdenetakoa jo du autobusetik jaitsi naizenean. Oraingoan ere tiketa ordaindu gabe etorri naiz. Ergeldurik begiratu diet eskuko txanponei segundo batez. Ondoren, zentzuna non ote daukadan pentsatu dut. Teedle-un-tum-tum… Doinua ahapetik kantari hartu dut arineketan saihetseko kaletik gure bulegoraino. Bihotzak eztarrian jotzen dit, urduri nago. Poliki, poliki, neure buruari kanpoko atearen giltza jiratuz. Arinki, arinki egin dut laster eskaileretan goiti. Ez naiz gelditu bulegoko ateraino, eta giltza bereizten dudala nire sortan,  ohartu naiz harrigarri samar ari naizela jokatzen usteko lukeela nire ahizpak. Atea zabaldu eta berehalako batean kendu zait tristura. Poz handiz atzeman dut atzean utzia nintzena, neure gorputza zoruan, zintzurretik itoa. Harengana amildu naiz tarrapataka eta maitale batek bezala besarkatu dut.

 

ATZEAN UTZIA NAIZEN NESKA
Muriel Spark

The Girl I Left Behind Me
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2018