GIZAKIA
Natsume Soseki

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016

 

      O-Saku goiztar zebilen, harat-honat egiten zuela errepikatzen baitzuen “Ile-apaintzailea ez al da oraino heldu? Ez al da ageri?”. Segur zen, alabaina, etortzeko eskatu ziola, bezpera arratsean. Hain zen arranguratua non ez baitzuen lo lasai hartu ahal izan “Ez daukat beste bezerorik, moldatuko naiz bederatzi orduren buruan hemen egoteko” entzun zuen arte. Alta, bederatziak jotzeko bost minutu baizik ez zituela behar erakusten zuen erlojuak. O-Sakuk begitarte gaitzitua erakusten zuenez, otseina jalgi egin zer gertatzen ote zen ikusteko. O-Saku, shôji baten aitzinean paratua zeukan ispiluari buruz zutik zegoela, hartara makurtu zen. Ahoa zabal ireki zuen, ezin egokiago ezarritako bi lerrokada hortz zuri erakutsiz. Une hartan, bederatziak jo zuten. Istanteko tentetu zen, eta ondoko gelaren fusuma lerratuz “Zer ari zara? Ba al dakizu bederatziak iraganak direla? Berandutu eginen zaizu jaikitzen ez bazara!”. Orduaz jabeturik, O-Sakuren begiraria agondu egin zen. Zirritutik ikusi zueneko: “Horra, jaiki naiz!”, eta zutundu egin zen biziro.

      Ordurako O-Saku sukaldetik heldua zen txotx, hortzore, xaboi eta xukaderarekin, eta gizonari luzatu zion dena “Tira, mugi!” esanez.

      —Bainua amaitutakoan eginen dut bizarra —argitu zion, sarrerako harrira jaitsiz oinetakoak janzteko. Kotoizko kimonoaren petrala ikusten ahal zitzaion gainetik zeraman zeta zatarra baino luzeago.

      —Unetxo bat beraz, banator berehala!

      Eta O-Saku lasterka ezkutatu zen ostera etxearen barrunbean. Berriro azaldu bitartean, gizona hortzetakoa egiten hasi zen.

      O-Sakuk komoda txiki baten tiradera ireki zuen, paperezko zorroa atera, zilarrezko txanpon bat sartu, eta harengana itzuli zen. Hortzak garbitzen ari zenez, hitzik atera gabe hartu zuen gizonak neskak luzatu zion zorrotxoa, ate leihoduna lerratu eta ataria iragan zuen. O-Sakuk jarraitu egin zion begiz apur bat, haren sorbalden lerroa nabarmentzen zen, eta urrats bakoitzeko kulunkatzen zen xukadera mutur bat… Baina etxeratu egin zen luze gabe, bere apain-mahaiaren aitzinean jesarri eta beha geratu zen berriro. Gero komodako tiradera erdiraino ireki eta burua makurtu zuen doi bat. Laster bizpahiru puska atera zituen, tatamien gainean paratu zituen eta haietaz gogoetatu zen ohartasunez. Atera zituen gauzetarik batto bereizi zuen eta tiraderan berrezarri zituen gainerakoak, arta handiz. Bigarren tiradera bat ireki zuen, gogoetatu aurpegia eginik. O-Sakuk ordu erdiren bat eman zuen gutieneko gauzak atera eta gorde,   hausnartu ondotik. Aldi honetan guztian ez zion utzi behako arranguratsuak egiteari erlojurantz. Noizbait amaitu zuelarik bere jantziak ateratzen, gelako zokoan utzi zuen oihal horiko lauki handi batean bildu zuen dena. Une hartan berean ile-apaintzailea azaldu zen otseinen atean, ozenki hitz eginez, “Penatua naiz berandutua!”, iritsi izana sinetsiko ez balu bezala. Eta estakuru bat aipatzen zuen, ahots hatsantuan.

      —Nerau naiz penatua etorrarazia, zabiltzan bezain okupatua! —esan zuen O-Sakuk, pipa mehe luze bat eskaintzen ziola.

      Laguntzailea gabe etorri zenez, bulta bat behar izan zuen O-Saku orrazteko. Anartean gizona bainutik itzuli zen, bizarra larru has eginik. Yuraku-za-ra zeramala bere patroiak kontatu zion ile-apaintzaileari O-Sakuk, eta Mii-chan gonbidatu zuela beraiekin joateko.

      — Nolako xantza duzuen! Ahal banu, neronek lagunduko zintuzket! —zioen ile-apaintzaileak txantxetan, atsegin egiteagatik. Azkenik, alde egin zuen egun ona pasa zezatela desiratuz.

      Gizonak kirika egin zuen oihal horiko karratuan.

      — Hau al da jantzi behar duzuna? —egin zuen galde—.  Nik esanen nuke hobeki doakizula lehengo egunean eraman zenuen soinekoa.

      — Baina Urtezaharrez Mii-chan-era joateko jantzi nuena da!

      — A, bai? Beraz, arrazoia duzu. Eta nik, kotoiz forraturiko haoria hartuko banu? Hotz samar dagoela dirudi…

      — A, ez! Horrelakorik! Kendu ideia hori burutik! A zer itxura! Beti berdin janzten zara!

      Eta tiraderan geratu zen kasuri marrazkiz apainduriko gainjantzia.

      Panpinatzen bukatu zuelarik, modako zeta josiko beroki bat jantzi zuen, larru iletsu bat itzulikatu zuen lepoan, eta berehala zen kanpoan bikotea. Karrikan, bere begirariaren besotik eskegia bezala zihoan O-Saku, solasean. Bidegurutze batera iritsirik, polizia postuaren aitzinean metatua zen jendetza oharteman zuten. Gizonaren jantziaren pleguei atxikiz, oin puntetan tentetu zen gertatzen zena  multzoan zehar ikustearren.

      Erdian, gizon bat balantzaka. Bizkarrean botiga baten ikurra markatua zeukan tunika soinean, ez zuen erdiesten zutik egoten edo zeharo jesartzen. Lokatzetan jausia zen noski behin baino gehiagotan, bere jantzi bustien kolore higatuak bristada hotz batean distiratzen baitzuen.

      — Zer ari zara? —egin zion galde hiriko sarjentuak.

      — Ni, ni gizaki bat naiz! —arrapostu zuen gizonak ahots loditu batez, harro antzean.

      Barre egin zuten guztiek. O-Sakuk ere barreari eman zion, behako bat  lagunarengana. Orduan, mozkorra haserretu egin zen. Beldurtzeko gisako begiak itzulikatuz, inguruan behatu zuen.

      —Zer, zer, zeri egiten diozue barre? Bai, ni gizon bat naiz, gizaki bat! Zer du barregarri? Halako itxura zera bat eduki nezake, baina…

      Bular gainera egin zuen bere kokotsak. Baina segundo baten aldira, dena oroimenera baletorkio bezala, oihuka hasi zen ostera.

      — Gizaki bat naiz!

      Horretan, auskalo nondik etorria, begitarte beltzaraneko gizaseme handi bat azaldu zen, tunika berdina soinean eta orgaxka bat garraio. Jendetza alboratuz, hiriko sarjentuarengana hurbildu eta zer edo zer esan zion belarrira. Ondoren, hordituarengana.

      —Igo hadi horra, haizen bezalako ergela! Nik eramamen haut!

      Irri batek argitu zuen mozkorraren begitartea, eta guztiz alegeraki eskertu zion. Orgaxkara igo eta ahoz gora etzan zen luzean luze. Bitan edo hirutan kliskatu zituen betazalak, zerura egiten zuen behako tristea ezkutatuz. Gero, oihuka:

      — Bilau koadrila ez bestea! Halako itxura zera bat eduki nezake, baina ni gizaki bat naiz!

      — Jakina gizaki bat haizela. Horregatik, hain zuzen, izan hadi zentzuzko!

      Eta gizaseme handiak soka batekin estekatu zuen horditua gogor. Hori eginik,   orgaxka garraiatuz abiatu zen ibilbidean aitzina, hinki-hanka, eta mozkorrak utzi egin zuen eraman zezan, zintzurra eginiko urdea iduri. Beti ere lagunaren jantziaren pleguei atxikia, O-Sakuk behakoaz jarraitu zuen ezkutatzen ari zen orgaxka, etxeen atariak apaintzen zituzten Urtatseko dekoratuetan zehar. Eta Mii-chan-en etxerantz abiaturik, bozkariotan zen bazeukalako istorio bat gehiago hari kontatzeko.

 

GIZAKIA
Natsume Soseki

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016