LEOPOLD SEDAR SENGHOR EUROPARREN IKUSPEGITIK

Le Robert des grands écrivains de langue française, 2000
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016

 

      Poeta bezala, Senghorrek, liburu batetik bestera irauten duten gaiez haraindian —maitasuna, baita erotismoa ere, mendebaldeko kolonialismoaren salaketa, erbesteratu beltzaren eta zahartzen ari den gizon beltzaren bakardadea mundu zuriaren altzoan bere biziaren “neguko loaldian”—, balio beltzak ospatuz eta goretsiz atera du bere inspirazioaren funtsa Chants d’Ombre bildumaz geroztik (1945):

   Emakume biluzia, emakume beltza

   Bizitza den zure koloreaz, edertasuna den zure formaz jantzia!

   (Emakume beltza, in Chants d’Ombre)

 

   Ethiopiques-eraino (1956):

 

   O, kanta ezazue poeta amodioaren esne beltzaz janaritzen gaituen Oraina.

   (Absentea, in Ethiopiques)

 

   eta Elegies majeures (1979) bildumetako azkeneraino:

 

   Nik Salomon errege blondak bezala

   kantatzen zaitut, dantza eraginez, dantzaraziz neure koraren hari arinak.

   Eta Ekialdean aro berri baten diamantezko alba da ageri

   beltza zarelako, ederra zarelako.

   (Elegie pour la reine de Saba, in Elegies majeures)

 

      Nozio ideologikotzat hartzen bada, esaten ahal dugu, Sartrerekin,  negrotasuna “arrazakeriaren aurkako arrazakeria” dela (Orphee noir, Senghorren Anthologie-ren Atarikoa), hots, garapen dialektiko baten uka-unea. Hala bada, aldi historikoari, deskolonizazioari hertsiki lotua da, eta ez luke balio unibertsala izateko asmorik. Bestalde, Senghorrek berak, ukatu gabe, negrotasuna “mestizaia” nozioarekin osatu eta gainditu egin du:

 

   “[Zibilizazio ideala] ez da mestizoa baizik izango, Historiako zibilizazio handiak izan ziren bezala”.

(1950eko testua, Liberte I-ean berrartua)

 

      Negrotasuna nozio poetikotzat hartzen bada, izendatzeko zaletasuna ezaugarri duen Senghor poetaren lana ulertzen laguntzen digu.

 

   “Nire izendatzean loratuko diren gauza ezdeusak izendatuko ditut beraz, bereziki Afrikako izen propioak, denak ere hain ahozkoak direnez: Mbaye / Dyob! zure izena eta zure ohorea nahi dut aipatu / Dyob! Itzuleraren masta garaira jaso nahi dut zure izena, garaitza jotzen duen ezkilak bezala jo zure izena, erritmoaren eta tam-tamaren obsesioarekin batera: irudi analogikoaren indarra ez da liberatzen erritmoaren indarraz baizik. Erritmoak bakarrik eragiten du zirkuitulabur poetikoa eta bihurtzen du kobrea urre, hitza ahozko [...]. Poemaren zilko, erritmoak, zirraratik sortua, zirrara eragiten du aldi berean”.

(Ethiopiques-en Ondokoa)

 

      Benetako musika partitura izanik, tresna lagungarrien oharrekin hornitua (“bi balafong eta gorong-etarako” edo “kalam-erako” adibidez), Senghoren poemak jotze “polierritmikoa” behar du bere funts beltza osoro agertzeko, “karam”erako (lau hariko gitarra antzeko bat) poema elegiazko honetan bezala, poetaren sorlekua den Joal-etik hogeita hamarren bat kilometrora dagoen malinke jatorriko errege ospetsuen santutegira, Fa’oye-ra, eginiko erromesaldia gogora ekarriz:

 

      Ez dakit zer garaitan zen, nahasi egiten ditut beti haurtzaroa eta Edena

   heriotza eta bizitza nahasten ditudan bezala —eztitasun zubi batek ditu lotzen.

   Banator Fa’oye-tik, eta gorenean zen izua.

 

   Eta espirituak ikusten diren ordua zen, argia gardena denean

   eta xendetatik aldendu beharra genuen, haien esku hilgarri eta senidekorra saihesteko.

   Herri baten arima taupaka zerumugan. Biziena ote, hildakoena ote?

   (Ez dakit..., in Ethiopiques)

 

      Musikaz laguntzeko garbiki egina ez denean ere, Senghorren poemak erritmoaren nagusigoa du ezaugarri, eta lerro libreak eta puntuketa minimoak dituzte indartzen jarioa zein aniztasuna.

 

Distiradura unibertsala

 

      Saiakeragile ugaria —artikuluak eta diskurtsoak Liberte-ko bost aleetan ditu bilduak—, politika gizon errespetatua, Senghorrek obra poetiko homogeneoa eta originala idatzi du, bere kultur etorburu doblea erakusten duena: fedeko eta hunkimeneko gizona, leial izan zaie bere sortzezko Afrikari eta adierazpide onena idazkera isurkor eta nasaian, bertso luzeetan aurkitzen den inspirazio beltz bati, Ethiopiques-eko edo Elegies majeures-eko poemetan adibidez. Bere kultur jarrerek, bere “estetika negro-afrikarraren” defentsak eta ilustrazioak (Diogene-en argitaraturiko artikulua, 1954), gero eta eztabaida gehiago ekarri zituzten 1950eko urteen ondoren, batez ere Cheikh Anta Diop (Nations negres et Cultures, 1954) eta Marcien Towa (Leopold Sedar Senghor: Negritude ou Servitude?, 1971) idazle afrikarren lanetan, beraien ustez sobera murriztailea eta gutxiesgarria zen negrotasunaren ikuspegiarekin  desados. Kritika hauetako bati “arrazoimen beltza” eta “arrazoimen europarra” kontrajarriz erantzun zion Senghorrek:

 

   “[...] Beltza ez da arrazoimenik gabekoa, esanarazi nahi izan didatenez. Baina bere arrazoimena ez da diskurtsiboa, sintetikoa da. Ez da antagonista, sinpatikoa da. Ezagutzaren beste molde bat dauka. Arrazoimen beltzak ez ditu gauzak pobretzen, ez ditu katonatzen eskema zurrunetan zukuak eta esneak kenduz; gauzen zainetan isurtzen da, inguru guztiak probatzen ditu errealtasunaren bihotzean ostatu hartzeko. Arrazoimen europarra analitikoa da erabiltzez, arrazoimen beltza intuitiboa da parte hartzez”.

(L’Esthetique negro-africaine, in Liberte I)

 

      Haatik, bere mestizaiaren goresmenak bakezko mundu baten itxaropena dakar, “kulturen elkarrizketak” bideratua “unibertsalaren zibilizazioaren” baitan.

 

LEOPOLD SEDAR SENGHOR EUROPARREN IKUSPEGITIK

Le Robert des grands écrivains de langue française, 2000
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016