KINSLEY REPORT
Rosario Castellanos

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017

 

                         1

 

— Ezkonduta nagoen? Bai. Horrek esan nahi du            

aktaren bat bete zela inoiz bulegoren batean                   

eta horitu egin zela denborarekin                                               

eta izan zela elizkizunen bat ere nonbaiten                      

aitabitxi,  amabitxi eta guzti. Eta oturuntza,                     

eta astebeteko egonaldia Acapulcon.

 

Ez, dagoeneko ezin dut nire ezkongai arropa                   

jantzi. Umeekin, kezkekin, pisuan ez nahiz lehengoa.                

Ikusten duzu, ez da horien faltarik.

 

Sarri, aurrez ikusten dut gainera,                               

senarrak bere eskubideaz baliatzen da,                            

edo berak deitu gogo duen bezala,                                

ordaindu egiten du ezkontza-zorra.                                   

Eta atzea ematen dit. Eta zurrunga egiten du.                 

Ni mukertu egiten natzaio. Lotsagatik.                              

Baina, ia beti, amore ematen dut. Esana egiteagatik.                                

 

Ez, ez dut gustuko.                                                          

Edonola ere, ez nuke gustuko izan beharko,                               

ni garbia naizelako, eta bera, berriz hain materiala!

 

Gainera, hor dago beste haurdunaldi baten kezka.         

Eta arnasa-hots ozen horiek eta ohearen kirrinkek            

iratzarri egin ditzakete umeak, eta gero ezin                         

izaten dute ostera ere goizalde arte lo hartu.

 

                        2

 

Ezkongabea, bai. Baina ez birjina horregatik.                  

Hamahiru urte nituela banuen lehengusu bat.

 

Berak hamalau zituen eta ez genekien ezer.                 

Izutu egin nintzen. Zerbait eman zidan                                           

mediku batengana joan eta ez zen ondoriorik izan.

 

Orain mekanografoa naiz eta tartera                           

lagunekin ateratzen naiz. Zinemara eta afaltzera.                    

Motelen batean amaitzen dugu. Ama ez da enteratzen.                                                     

 

Hasieran lotsa ematen zidan, umiliagarria zitzaidan            

gero gizonek era horretan ikustea. Gogorik ez nuenean         

uka ziezadaten uko egiteko eskubidea                           

putatzat nindutelako.

 

Eta ez dut kobratu ere egiten. Ezin dut neure apetarik              

ere bete ohean. Denak dira zera batzuk. Zergatik egiten          

dudan? Bakarrik sentitzen naizelako. Bestela izorra hadi!                            

 

Zeren eta, ez duzu zeuk ikusten? Zahartzen ari naiz.           

Galdu nuen ezkontzeko esperantza, eta                             

nahiago dut beste orbanen bat edo beste                         

memoria kutxa huts bat bezala izatea baino.

 

                        3

 

Dibortziatua. Besteak bezain mandoa zelako.                    

Ezagutzen dut gehiago. Horregatik alderatzen dut.                                                           

 

Noizean behin hartzen dut arindu bat,                  

histerika ez bihurtzeko.

 

Baina eredu izan behar dut alabentzat.                                

Ez dut nahi haiek nik izan dudan adurra izan dezaten.

 

                        4

 

Jainkoari diot eskainia abstinentzia hau.                  

Mesedez, ez gaitezen xehetasunetan sar!

 

Batzuetan amets egiten dut. Batzuetan                   

isuri batean esnatzen naiz, eta ez zait erraza                    

egiten aitorleari esatea, berriz ere, erori    

egin naizela, haragia ahula delako.                                                                          

 

Utzi egin nion zinemara joateari. Iluntasunak                        

lagundu egiten du, baita igogailuetako jendetzak ere.

 

Erotu egin behar nuela pentsatu zuten, baina               

mediku baten eskutan nengoen. Masajeak.

 

Orain hobeto nago.

 

                        5

 

Ezinbestekoak (hala dira beren ustez)                     

lasai bota ditzakezu zakarretara,                                   

guk egin genuen bezala.

 

Laguna eta biok ondo konpontzen gara.               

Agintzen duena, ordainetan, gozoa da;           

esana egiten duena apaina den bezala,                              

gainera, bere mendekutxoak ere hartzen ditu.

 

Jai askotara joaten gara; bidaiatu ere, sarri;                    

eta hotelean gela eta ohe bakarra eskatzen dugu.

 

Barre egiten digute, baina geuk ere egiten dugu                    

haien lepotik, eta enpazean horrela.

 

Bakarrik egoteaz aspertzen garenean                               

biotako bat ume baten bila joango da.

 

Ez, horrela ez! Intseminazio artifizialeko                                         

laborategi batean. 

 

                        6

 

Andereñoa. Bai, bai, andereñoa.

 

Gaztea naiz. Diotenez, itsusia ere ez.       

Eramangarria. Eta egunen batean                                  

Printze Urdina etorriko da, miraria eskatu            

baitiot  San Antoniori. Orduan zoriontsuak                 

izango gara. Beti maiteminduta.

 

Zer axola dio pobre izateak! Mozkorra bada,                    

neuk kenduko diot bizioa. Andrezalea bada,              

hain erakargarri egongo naiz beti, hain                                

gainean egongo naiz haren nahierara,  

hain etxekoandre on eta ama emankor                

eta hain sukaldari bikain izango naiz 

non nire merituen sari, tartean eta handiena

daukadan pazientzia, fidel bilakatuko den.

 

Nire gurasoek eta senarrarenek bezalaxe,

meza aranditsu batez ospatuko ditugu  

gure urrezko ezteiak.   

 

Ez, oraindik ez dut senargairik izan.

Ez, bakar bat ez oraindik. Bihar.

 

KINSLEY REPORT
Rosario Castellanos

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017