PATUA
Rosario Castellanos

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017

 

Oroimena ahaztu nuen,

urraturiko tarratadak utzi nituen

egotaldi laburra zoriontsua zitekeen

bazter hartan: mahai baten bueltan

alaitasunaren ogia jaten genuen,

eta gozamenaren fruituak.

(odol bakarra zen gorputz guztietakoa,

kopa askotara ateratako ardoa legez) 

Inoiz, ordea, hautsi egiten zaigu gorputza

eta isuri ardoa.

Baina batzuetan isiltasun-zuhaitz baten

sustrai handiaren ondoan datza kopa.

Eta bakarra da odola

bihotz neurrigabea astintzen

zorabiaturiko txori bat bezala

behin eta berriz baldar joaz

horma iraunkorrak,

zerua ezagutzen ez duena,

ez dakiena badela arlo bat

non agian hegoak hegan saiatuko ziren.

Emakume bat oinez doa bide antzuan barrena

ilunabarrik  soildu eta gaitzenerantz.

Emakume bat harri bat bezala part botea

basamortuaren erdi-erdian,

edo urrutiko su bat bezala

itzaltzen edo hozten dena.

Emakume bat astiro-astiro itotzen

txistu mingotseko zingira batean.

Ikusten duenak ezin dio ozpinez

bustitako belakirik gerturatu,

ez pozoi-ontzitxo bat

ezta ukabil estu eta mingarri bat ere.

Emakume bat bakardadea deitzen da.

Eromena  deituko da. 

 

PATUA
Rosario Castellanos

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017