NAHI NUEN
Roque Dalton

euskaratzailea: Jon Benito
Berria, 2010/05/16

 

Bizitzaz nahi nuen bere bazter guztietatik

musikari hitz erreka batean bildu nahi nituen

esaten ez diren amets eta izenak

egunkarietan lekurik ez duten bakartiaren minak

euriaren zokondoetan harrituta

maitaleen parabola hostokatuak berreskuratu eta eman

ume baten jolasen oinetan utzi

bere eguneroko txikizioa gauzatuz

bere beldurraren soinuak

bihotzak nondik egiten dion herren nabarmendu

ezagutzera eman tiro bat besterik merezi ez duena

bizkarretik nire herrietatik kontatu

inposatu exodoaz emigrazio

handiez munduaren bide guztiak ireki zituztenez

maitasunaz oraindik hortik dabilenaz

erretenetatik

trenez hitz egin

besteren aiztoarekin hil zen nire lagunaz

jende guztiaren historia urratuaz

itsukeriaz mitoaren harraldeaz

mendeaz nire hiru semeak akabatuko dituenaz

txoriaren mihiaz eta apar suharraz

lauoineko handiaren uxaldiaz

eta iraultzaz hitz egin nahi nizuen

eta Kubaz eta Sobiet Batasunaz

eta bere begiengatik maite dudan neskaz

ekaitz txikiko

eta egunsentiz betetako zuen bizitzez

eta nork ikusi zuen nork esan zuen hori dioten pertsonez

nola egin ahal da ni heldu nintzenean

zu baino lehen

eta naturaren gauza guztiez

eta bihotzaz eta testigantzez

suntsipenaren aurreko azken aztarna digitalaz

animaliatxoez eta samurtasunaz

hori guztia esan nahi nizuen eta kontatu

dakizkidan historia asko eta niri ere kontatu zizkidatenak

edo ikasi nituenak minaren logela handian bizitzen

eta nire aurretik beste poeta batzuk esan zituztenak

eta jakin beharko zenituzkeela uste ditudanak.

 

Eta ezin izan dizuet ezer gehiago eman

—poesiaren ate itxia—

hondar gainean nire hilotza zintzur eginda baino.

 

NAHI NUEN
Roque Dalton

euskaratzailea: Jon Benito
Berria, 2010/05/16