EIBAR, HERRI ARMAGINA. TXIRRINGAK ARMEN ORDEZ. MUNDUA LANGILE JANTZITA.
Roberto Arlt

El Mundo, 1936/01/4
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017

 

      Gurutze-bideak eta lokatzezko momiak dituen Elorrioz hitz egin ondoren, hitz egin dezagun Eibarrez.

      Aldapa beherako kale bat da Eibar, non bailararen inbutuan, ehunka metrotan ibai zaratatsua daraman, agortzen duten presek baretzen lortzen ez dutena. Tiro handiko tximinia bakan batzuk, baina kale luze eta ilun bat, ehun metro luze diren etxeak dituena, lau solairukoak, lehortzen eskegitako izaraz eta barruko arropaz itsu leihoak. Urdinez jantzitako gizonak. Urdinez jantzitako umeak. Langile-ator grisez eta abarketaz neskatxak. Arma eginean ibili dira birraitonen aitonak. Burdina da jaio orduko entzuten duten hitza. 1262a zen Gaztelako Alfonso erregeak agindu zuenean herrian  bertan lantzeko mendian zeuden mea-zainak. XIV. mendean lonbardak egiten ziren Eibarren. 1500ean, Juan Orbeakoaren eta Juan Ermuakoaren fabrikak hamabost mila arkabuz egiteko enkargua onartu zuen. Eibarren armagintzarako jaiotzen zara, Bermeon Gran Soleko kaletan aritzeko jaiotzen zaren bezala.

      Langile-langile herria da Eibar. Umeak urdinez doaz. Mutil-koskorrak urdinez. Nagusiak urdinez. Edadetu batzuk, bibotea handi, amantal grisa daramate, sorbalda gaineko hiru botoietatik zintzilik. Proletarioen urdina ez daramatenak hain dira urri, jende aldrak jakinminez begiratzen baititu.

Ezin esan liteke nolakoak diren kaleak. Oina jartzen duzun tokian, hor egingo duzu estropezu altzairu txirbilekin. Lurra, gorabehera handikoa. Ibai gaineko hormazain bereiztuak hesiz itxita daude. Eibarren hesia jarri zaio ibaiari. Lur-mailen artean dauden aldeak hain dira handiak non, esaterako, espaloi bat etxetzar baten ertzetik doan, eta bat-batean, haren zimentuen pean tunel bat ageri den; sartzen zara eta beste kale batean agertzen zara.

Oso bakanak armarriak. Burdin txirbil multzoak etxetzar higatuen hormen kontra. Badira kaleak, heste itxuran, tailer bihurtutako patioen artetik doazenak; eta pasadizoak, ikatzezkoak diruditen harri beltzezko hormen artean sigi-sagan. Zuhaitz jiteko garoak, uztardura plutonikoetan sortzen. Burua altxatuz gero, etxeak burdinazko zubitxoz lotuta daudela ikusten da. Oinez segituta, mailu itxurako patioetan agertzen gara, eta barren ilunean, soplete oxidriko baten argi urdina ageri da.

       “Ez dago lurrik, ez dago lurrik”, esango dizute.

      Udaletxea bera ibaiaren gainean eraikia dago. Zinegotziek ur emariaren murmurio gorra entzuten dute zapaltzen dituzten oholen pean. Kanpotik, ibaia ikusten da bi aho beltzen barnean sartzen eta iluntasunean galtzen.

Begiratzen den tokira begiratzen dela, letreroak. Usotarako eskopeta fabrika; Ehiza eskopeta fabrika; Pistola automatikoen fabrika; Errebolber fabrika; Laban fabrika; Ezdakitzeren Fabrika... Barraka guztietan daude, gainetan, etxepeetan, patio beltzen barrenean, zurezko etxoletan. Badira fabrikak garai batean handi-jendearen etxe izan zirenak, haien italiar jardinetan, orbelak lizundutako ume irudi biluziak erdian, emakume langileak doaz batetik bestera, errebolber katuz beteriko otarretxoak daramatzatela, edo eskopeta kanoien kutxak.

      Ez dago hitzik herria nolakoa den esateko. Espaloian zoazela, zenbait etxetako teilatuak ikutzea dago. Espaloi berak pasadizoak ditu azpitik. Horra, berriz, beste kalexka bat goraka, buruan duen harrizko arkupea duela zain. Arkuaren gainean etxe bat egin dute, eta leihoetan, izarak haizeak astinduak.

      Estuago eta ilunago bizi da landa-herri honetan Bilbo bihotzean baino. San Andres elizak harri horizko gotorlekua dirudi. Harresian, horra: “Galarazita pilotan egitea, bi pezetako isuna”. Elizpean, dena zaintzen, XII. mendeko Kristo kubista bat.

      Ezin konta ahala taberna dago. Bi sexuen arteko harremana Errusian aurki daitekeenaren parekoa da ia. Frontoian sartu naiz; neska talde bat pilotan dabil mutilekin batera. Fabriketan sartu naiz. Tailer berean, gizonak eta emakumeak. Ez dakit zer dioten, euskaraz ari dira eta.

      Dena den, eta hau da bitxia, Eibarrek ez du ia armarik egiten. Ez dira egiten Espainian masa mugimendu iraultzaileak indartu zirenetik. Eskopeta bat erosteko beharrezkoak diren baimenek eta debekuek, gerra zibil batean eskopeta bat fusil baten moduan erabil daitekeela jakiteak, une jakin batean etxea su-arma bat izateak dakarren arriskuak, arrazoi horiek guztiek ekarri dute gailuok egiteari ia erabat uztea non eta armen hiriburuan. Gaur egun Eibarko ia fabrika guztiak bizikleta egiten ari dira. Barne eskaerak irensten du ekoizten den ia dena.

      Espainian kirolari zaion zaletasuna, industrialek eurek bultzatuta, arriskurik gabeko pedal-fabrika bihurtu dituzte lehen heriotzarenak zirenak. Iaz, horretan diharduen fabrika nagusiak 14.000 bizikleta egin zituen, denak Espainian saltzeko. Huskeria pentsatzen badugu Ingalaterran badela bat egunean 200 egiten dituena, hau da, 60.000 urtean.

      Baina hala ere, ez ezazue pentsa bizikletarena denik Eibarko industria bakarra. Duen doitasun-mekanikak josteko makinak eta arma zuriak egiteko aukera ere ematen dio. Damaskinatua egiten duten artistak bikainak dira, eta egia dena da herrian ez dagoela gela koxkor bakar bat artisau bat ez duena barnean, euskal industria handiaren sailen baterako lanean.

 

EIBAR, HERRI ARMAGINA. TXIRRINGAK ARMEN ORDEZ. MUNDUA LANGILE JANTZITA.
Roberto Arlt

El Mundo, 1936/01/4
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017