QISSAT. Palestinako Emakumeen ipuinak
Raeda Taha

euskaratzailea: Xabier Monasterio
Erroa, 2016
armiarma.eus, 2017

 

METRO BAKAR BAT

 

      Ez zeukan Israelek emandako gidabaimena berriztatzeko modurik. Egun hartan, Ammanera joan beharra zeukan berak —aspertzen zenean joaten zen hirira, alegia—, baina bidean ez zuen inolako oztoporik topatu nahi. Zenbait egun lehenago, Jerusalemera eraman zuen bidaia hura nola edo hala saihesten saiatu zen bera, baina alferrik izan zen. Eta orain Jerusalemen zegoen, baina ezin zen bertan luzaroago geratu.

      Qalandiako kontrolgunea igarota, ahaide bat zain izango zuen, bidegurutzeraino lagun ziezaion. Berrogeita hamar bat metro egin zituen oinez kontrolgunerantz. Oinezkoentzako pasabidera iristean, hautsa blusaren botoi zuloetaraino ez ezik, larruazaleraino ere sartu zitzaion.

      Batere zalantzarik egin gabe, izerdiz, gorrotoz, gaiztakeriaz eta perbertsioz beteriko ingurumari horretatik irtetea erabaki zuen. Une batez bere burua irudikatu zuen oinezkoen multzo hartan haragiaren grinak jotako bi mutil gaztek estu sakatuta. Ez, berak ez zuen inoren masturbazioaren sostengua izan nahi edo inoren sexu fantasietan ohe lohi nazkagarri bateko izara horixkatuen azpian etzanda egon.

      Halako batean, honako hau pentsatu zuen bere arterako: «Haietako baten bat jo eta bertan begiak haitz bihurtuko al zaizkio?» Hori esanda, beste alderantz abiatu zen, kontrolguneko ofiziala zegoen alderantz. Dena ahalik eta lasterren gertatzea nahi zuen, kontrolguneak ateak itxi baino lehenago.

      Auto ilararantz joan zen korrika eta bosgarren kamioneta geldiarazi zuen. Hatz koskoekin leihatila jo, gidariari begiratu eta begiekin hutsik zegoen atzeko eserlekua seinalatu zuen.

      —Bakea zuekin —agurtu zituen gidaria eta haren ondoan zegoen laguna—. Garrantzi handiko bilera bat dut. Ez zaituztet eragotzi nahi.

      Eta kamionetaren atzealdean eseri zen, harro bere buruaz, garaipen historiko bat lortu izan balu bezala.

      Gidaria gazte bizardun bat zen, guztiz itxura lasaia zuena, eta haren lagunak ere mutil normala ematen zuen. Gidariak eskuan Koran txiki bat zeukala ohartu zen. Gainera, sutsuki irakurtzen ari zen, ezkutuko plazeren bat estaltzen zuen ahots doinu batean. Kontrolgunetik hiru automobil igaro ziren eta kamionetak aurrera egin behar izan zuen, baina gidariak ez zion Korana irakurtzeari utzi.

      Orduan, neskak honako hau pentsatu zuen bere arterako: «Eta lehergailuren bat eztandarazten baldin badu kontrolguneko soldaduak eta bere burua hiltzeko? Argi dago horixe pentsatzen ari dela. Ez dakit hemendik ihes egiterik ote daukadan; zerbait esaten baldin badit, ezin izango dut alde egin.»

      Eta orduan...

      Haien aurretik automobil bat besterik ez zen falta kontrola pasatzeko. Gidariak Korana itxi zuen eta alboko lagunari eman zion isilean. Orduan, grabagailu txiki bat piztu zuen eta bertatik xeik baten ahotsa irten zen. Behiaren sura irakurtzen ari zen.

      «Hauekin batera hilko naiz —pentsatu zuen berekiko—. Hemendik irten nahi dut. Negar egin nahi dut. Agian, andre heroia izan nahi dut.»

      Xeikaren ahotsa gero eta ozenago entzuten zen, baina berak bere pentsamenduak baino ez zituen entzuten: «Ez dut sufritu nahi. Ez dut neure burua txikiturik ikusi nahi. Nahiago nuke minik ez izateko adinako dinamita jarri izan balute.»

      Kontrolguneko soldaduen ondoan zeuden jada.

      Gidariak atzerako ispilutik begiratu zion. Berak soseguzko begirada bat eta etsipenezko irribarre bat itzuli zizkion.

      Metro bakar bat falta zen kontrolgunera iristeko.

 

 

Raeda Taha

 

Jerusalemen jaio zen, baina aspaldi samarretik Ramallahn bizi da eta lana ere bertan egiten du. Ahozko Komunikazioa eta Kazetaritza ikasi zuen Virginiako George Mason University delakoan. Jassir Arafat presidentearen prentsa bulegoan lan egin zuen zazpi urtez. Raedak 2002an Ali izeneko liburua eman zuen argitara, bere aita Ali Taharen biografia, alegia. Gehienbat, ipuinak idazten ditu. Bestalde, Khalil A1 Sakakini kultura elkartearen zuzendaritza taldeko kidea eta Riwaq arkitektura ondarea babesteko erakundearen lehendakariordea ere bada.

 

QISSAT. Palestinako Emakumeen ipuinak
Raeda Taha

euskaratzailea: Xabier Monasterio
Erroa, 2016
armiarma.eus, 2017