QISSAT. Palestinako Emakumeen ipuinak
Natalie Handal

euskaratzailea: Xabier Monasterio
Erroa, 2016
armiarma.eus, 2017

 

UMM KULTHUM GAUERDIZ

 

      Asteburu oroz etortzen zen nire lehengusuekin futbolean jokatzera. Mutil garai argala zen eta ahots leuna zuen. Sebastian zuen izena. Nik ezin nion zuzenean begietara so egin, baina begirada beste alde batera zuzendu zuelarik, begi berde sakonak zituela ikusi nuen egun batez.

      Nire lehengusu Jamil ohartua zen ordurako nik Sebastian atsegin nuela. Baina arabiar neska jator batek ezin du atzerriko jendearekiko sentimendurik izan. Zer itxaropen nuen, ba, nik, ezin banintzen berarekin ezkondu? Kultura kontua zen. Familiak dena ematen digu eta guk begirune osoa zor diogu. Eta begirunea erakusteko biderik onena tradizioak behar bezala atxikitzea da.

      Larunbat arratsalde batez, mutilak futbolean jokatzen ari zirelarik, aitak Jamili hots egin zion. Berak ez zuen joan nahi, baina ezin zuen ezetz esan. Nagusi eta zaharren esanak betetzen irakatsi ziguten txikitan. Beraz, Jamilek autoa hartu behar izan zuen, aitak esandako mandatua egitera joateko.

      Jamilek eta biok elkarri begiratu genion. Zer pentsatzen zuen Jamilek nitaz? Eta zer pentsatzen nuen nik neure buruaz? Ezer okerrik egiten ari al nintzen? Eta baiezkoan, zergatik ez nintzen errudun sentitzen?

      Mutilak beste ordu batez aritu ziren futbolean eta nik inoiz baino hobeto ikusi ahal izan nuen Sebastian zelaiaren alde batetik bestera korrika. Lehen aldia zen haren bularraren forma ikusten nuela. Giharreak ezin nabarmenago antzematen zitzaizkion kamiseta zurian. Zangoak, ostera, beste mutilek baino argalagoak eta nahiko iletsuak zituen.

      Partida bukatu zen eta amonak haiei ura eramateko deitu zidan. Gogotik edan zuten jokalariek eta ur gehiago ekartzeko eskatu zidaten. Sebastianek eskerrak eman zizkidan, gainera. Nik orduan irribarre egin nuen eta berak begia kliskatu zidan. Bat-batean, ene baitan dena iraultzen ari zela hauteman nuen, baina Jamil bera ere hauteman nuen, nire atzean geldirik. Eta banekien bera zela, arnasots handiagoa ateratzen zuelako nekatuta edo urduri zegoenean.

      Jamil mutil argia zen eta bazuen neska askok hain atsegin duten halako begirada trinkoa, baina, halaz ere, berak ez zuen inoiz inorekin hitz egiten. Egia esan, mutil zorrotza zen oso. Zergatik ezin zen Sebastian bezain lasai egon? Jamilek neska lagunen bat topatzea nahi nuen nik, era horretan ni etengabe zaintzeari utziko ziolakoan.

      Izeba Samia etxetik irten zen eta gauean berak prestatutako xix barak gozoa dastatzera etorri behar zutela esan zien mutilei. Gure osaba-izebek afariak antolatzen zituzten ostiral gauetan.

      — Zer da hori? —galdetu zidan Sebastianek.

      — Gaur gauean jakingo duzu —esan nion eta gero ofizialki jakinarazi nion jende guztiari Sebastian ere etorriko zela.

      Jamilek orduan Sebastianekin hitz egin zuen eta bere arreba ere ekartzeko esan zion, Ann eta biok lagunak baikinen. Guk, egia esan, ez dugu inoiz kanpotarrik gonbidatzen senitartekoen jai eta ospakizunetara. Ez dakit zergatik, baina hala da, izan ere. Agian, gu lotsati samarrak garelako edo, agian, beraiek nolabaiteko urruntasuna gorde nahi dutelako gurekiko. Gure familian, esaterako, ez genuen inoiz mutil gazte ez arabiarrik gonbidatzen geure festetara, neska ezkongai asko genuelako. Jakina, Sebastianek ez zekien ezer horretaz.

      Arratsalde hartan, Sorayari, hogeita bi urteko lehengusina bati, eskatu nion apain eta dotore janzten laguntzeko. Soraya oso neska handia zen, begi beltzak zituen, eta bi sorbaldetan behera erortzen zitzaion belusezko ile beltz ederra.

      — Norentzat jantzi nahi duzu, ba, horren dotore? Roularen semearentzat... ? Ranzirentzat... ?

      — Nondik atera duzu ideia hori, baina?

      — Ya, habibi, mutila ondo dago, ba.

      — Badaiteke hala egotea. Baina, tira, berdin dio, ni ezin bainaiz berarekin egon.

      — Zer esan nahi duzu, ba?

      — Bera arabiarra dela.

      — Entzun ondo galdetuko dizudana: nork erakuts diezaioke bere egiazko “ni”-a beste inori?

      — Neronek egin dezaket hori.

      — Orduan, zergatik ez didazu esaten zer pentsatzen ari zaren oraintxe bertantxe?

      Sorayak ustekabean harrapatu ninduen. Ezin nion erantzun, une hartan pentsatzen ari nintzelako, bere iragan nahasia zela eta, agian bera ez zela egokiena niri aholkurik emateko.

      — Entzun ondo. Denek kritikatzen naute; material erabilia naizela diote. Zergatik? Brad Andersonekin maitemindurik egon nintzelako hamasei urte nituenean. Bai, berarekin lo egin nuen eta Said kaiku horrek mundu guztiari esan zion.

      — Nire ustez,...

      — Bost axola niri, herriko mutil guztiekin oheratu banintz ere! Baina ez nuen egin. Kontua da jendeak berba baino ez duela egiten, berba eta berba, eta komeni zaiona esaten duela beti. Egia eta errealitatea urruneko auzoak dira.

      Ordura arte, ezein emakumek ez zidan hain zintzoki hitz egin. Atsegin nuen Soraya, eta ez senitartekoa nuelako soilik, baita izaera berezia zuelako ere. Ordura arte, ez nituen inoiz gauzak hala ikusi.

      Une hartan, izeba Samia agertu zen eta gauzak prestatzen lagundu behar geniola esan zigun. Sorayak eta biok elkarri begiratu genion, bata besteagandik urrundu nahi ez bagenu bezala. Burua makurtu genuen aldi berean eta ate aldera joan ginen. Sorayak orduan apur batean itxaroteko eskatu zidan. Bere armairura joan zen eta eskuetan zerbait zekarrelarik itzuli zen niregana.

      — Irten baino lehen, jantzi hau —esan zidan, XX. mendeko palestinar txanponez eginiko besoko bat emanez—. Jantzi ezazu, zoriona ekarriko dizu eta.

      Hain da ederra! Ziur al zaude eman nahi didazula?

      Berak irribarre egin zuen. Eta une hartan bertan jakin nuen lehengusinaren kuraiak hurrengo urratsa ematen lagunduko zidala. Bai, ziur nengoen horretaz.

      Eskaileretan behera joatean, Umm Kulthum entzun genuen. Estereoan eta telebistan zegoen. Bera leku guztietan zegoen. Haren ahotsak gu guztion bihotzak bahitzen zituen. Soraya eta biok sukalderantz joan ginen. Izeba eta gainerako emakumeak Umm Kulthumen kantak abesten eta xaramelatzen ari ziren, lan egiten zuten bitartean. Gu heltzean, janariz mukururaino beteak zeuden hainbat plater eman zizkiguten, egongelako mahai gainean ipin genitzan.

      Gure osabak eta lehengusuak kanpoan zeuden, patioan eta lorategian. Tawoule-an jolasten ari ziren, argileh delakoa erretzen ari ziren eta politikaz eta noizbait Palestinara itzultzeko beren ametsez berriketan ari ziren. Osaba zaharrenak aspaldiko istorioak kontatzen ari ziren, aspaldiko istorio berberak, hau da, zein neskatxa izan zuten gogokoa gaztetan, nolako egunak pasatu zituzten alorretan lanean eta nolako oliba uzta bildu zuten hain urtetan eta hain lekutan.

      Elkarrekin jaten dutenetan, bata bestearen alboan esertzen dira eta Umm Kulthumen abestiak abesten dituzte. Gogoeta egitea bezalakoa da hori. Otoitz egitea bezalakoa ia-ia. Nor bere etxera itzultzea bezalakoa ia-ia.

      Hain dotore jantzita ikusi ninduenean, izeba Samiak esan zidan soineko beltzak ederki ematen zidala, emakume gazte baten itxura nuela.

      — Zergatik ez duzu ilea askatzen?

      Ez nuen ezer erantzun. Askotan egiten zidaten galdera bera. Oso ile kizkurra dut eta ile lehorgailuaz baino ezin nuen nola edo hala leundu. Ez naute ile kizkurragaz ikusi nahi, baina nik ez daukat hiru egunik behin ile apaindegira joaterik. Beraz, bildu egiten dut, eta kito.

      Mahaian azken platerak jartzen ari nintzelarik, nire begiek Sebastianen begiekin topo egin zuten.

      — Zertan dabil bera hemen? —galdetu zidan lehengusinak, hitzak belarrira xuxurlatuz.

      Harriturik begiratu nion, baina, erantzun orduko, izebak deitu zion, sukaldean zerbait egitera joan zedin. Sebastianengana hurbildu nintzen orduan.

      — Kaixo —agurtu nuen.

      — Kaixo, oso ederra zaude —esan zidan segurtasunez.

      Sebastianen hitzek zorabiaturik utzi ninduten. Beraz, ezin izan nuen ezer erantzun.

      — Eta besteak? Etorri al da Ann? —galdetu zuen.

      — Bai, hor nonbait dabil.

      Une hartan bertan, Ann eta Jamil hurreratu ziren. Elkarrekin zetozen. Nire eskariak entzunak izan ziren, antza. Zirudienez, Jamilek Annenganako joera agertzen zuen. Berarengan batere ohikoa ez zen modu lasai batean, besteekin biltzeko esan zigun goiko solairuan, telebista zegoen gelan.

      Hara igo ginenean, Sebastianek galdetu zuen:

      — Zergatik dago betaurreko ilunak dituen emakume hori etxeko telebista guztietan?

      Umm Kulthum da, arabiar abeslaririk ospetsuenetako bat —esan nion harrotasunez.

      — Arraioa! Izen errazik ez dauka, gero!

      Barre egin zuten denek, baina niri ez zitzaidan barregarria iruditu. Orduan, norbait deika ari zitzaidala entzun nuen eta nor zen begiratzera joan nintzen. Soraya zen, nik bere aitaren zigarroak ekartzea nahi zuena. Haren gelako mahaiaren lehen tiraderan omen zegoen tabakoa. Korridore zurian zehar joan nintzen gela hartaraino, atzetik Umm Kulthumen Enta Omri kantaren nota zoragarriak iristen zitzaizkidalarik. Kanta horrek zuzenean zaramatza zure maitearengana. Baina horra galdera: nor zen nire maitea?

      Gelara heldu, zurezko ate astuna ireki eta kristalezko mahai txikiaren lehenengo tiraderan begiratu nuen, baina han ez zen zigarrorik. Bigarren tiraderan zeuden, kuffiyeh baten gainean. Zapiaren azpian baziren liburuak eta aldizkariak eta, irakurtzea oso atsegin dudanez, kuffiyeh zapia altxatu nuen, liburuak eta aldizkariak ikustearren. Han ikusi nuenak ahoa bete hortzekin utzi ninduen, ordea. Behearen gainean eseri nintzen eta han egon nintzen denbora batez, zer egin jakin gabe. Azkenean, Jamil sartu zen gelara eta nire ondoan eseri zen.

      — Zer duzu? —galdetu zidan.

      — Ezer ez.

      Tiradera barrura begiratu zuen eta gero niri begiratu zidan.

      — Porno biguna besterik ez da.

      Ez dakit xuxen nola nengoen une horretan; ez dakit etsia ala eskandalizatua nengoen, baina, oroz gainetik, deus ere ez baneki bezala sentitzen nintzen.

      — Hipokrisia hutsa da dena. Guri, emakumezkooi, garbiak eta birjinak izan behar dugula esaten zaigu eta gizonezkoak, bien bitartean, pornoa ikusten...

      — Ez da horrela ere...

      — Mesedez eta faborez! Mendebaldeko gizartea kritikatzen dugu, baina ez gara haiek baino hobeak, inondik ere.

      — Guk badugu familia.

      — Baita haiek ere.

      — Ez guk bezala, ordea.

      Ez nion ezer erantzun. Gero, berak esan zuen:

      — Hobe genuke, beste ezer bainoago, guri geuri zer komeni zaigun gehien jakitea.

      Zarata txiki bat entzun nuen eta berehalaxe kuffiyeh zapia bere tokian utzi, tiradera itxi eta altxatu egin nintzen.

      — Zer? Aurkitu duzu tabakoa? —galdetu zidan Sorayak.

      — Hemen daukat —esan nion, zigarroak erakutsiz. Jamil gelatik atera zen eta ni Sorayarekin gelditu nintzen. Orduan, ea galdera bati erantzungo zidan galdetu nion eta berak baietz adierazi zidan buruaz. Hauxe zen jakin nahi nuena—: Nolakoa zen Braden familia?

      — Zergatik galdetzen didazu?

      — Jakin nahi dudalako.

      — Jende zoragarria zen. Han Brad zen doilor bakarra.

      — Zuk maite zenuen, ordea.

      — Bai, baina berak nirekin oheratzea besterik ez zeukan gogoan eta, gainera, elkarrekin egon ginela kontatu zion Said babu horri. Mutilak berdinak dira kultura guztietan.

      Ez nekien zer esan, baina, hala ere, zerbait esan behar niola iruditu zitzaidan.

      — Gure kulturan familia eta begirunea gorde ditugu. Ikusi Sebastianen kasua; gurasoak dibortziatuak daude.

      Soraya niregana hurbildu, tabakoa hartu eta esan zidan:

      — Sebastian ez da uste duzun bezain perfektua.

      Hitzok esan ondoren, gelatik atera zen. Esan nahi zidana ulertu niola uste dut.       Orduan, telebista zegoen gelara joan nintzen eta Sebastianen ondoan eseri nintzen, batere beldurrik gabe eta bera limurtu nahian. Ez nuen Sebastian ongi ezagutzen, baina berdin zidan. Adorez beterik sentitzen nintzen. Afalostean, bakoitza zertan edo hartan zebilelarik, nirekin joateko eskatu nion Sebastiani. Banekien abagune horretaz baliatu behar nuela, damutu baino lehen. Umm Kulthumen ahotsa ozenki entzuten zen eta jende guztia durduzatua bezala zegoen.

      Sebastian nire atzetik etorri zen. Nik banuen adorea eta egin nahi nuen. Gau hartan, ondo ikasi nuen gizonak liluratu egiten direla emakumeekin eta emakumeek gizonak beren gogara limurtzeko gaitasuna dutela. Eta nik banuen kontrola. Korridoreak L itxura zeukan eta Sorayaren gela amaieran zegoen. Hara iristean, kanpoan itxaroteko esan nion eta atea erdi irekia utzi nuen. Ohe ondoko mahaitxoan zegoen argia piztu nuen, bizkarra eman nion eta arropak eranzten hasi nintzen. Musikaren oihartzunak etxea dardararazi egiten zuen, baina nik ahots bakarra entzuten nuen ene baitan.

      Nire blusa beltzak botoiak zituen goitik behera eta haietako bakoitza banan-banan eta astiro askatzen hasi nintzen. Blusa lurrera erori zen. Orduan, gizon baten aurrean sekula egingo ez nuela uste nuen gauza bat egin nuen, egin ere: ilea askatu nuen. Hori egin bezain laster, nire kizkur luzeak bizkarrean behera erori zitzaizkidan gerriraino.

      Sua sentitzen nuen izterren artean. Lasai gelditu nintzen, hala ere. Sentipen hori ez zitzaidan ezaguna gertatzen, baina oso atsegin nuen. Sentipen berbera izaten jarraitu behar ote nuen? Galdera ikur guztiak uxatu nituen neure burutik eta haren begiei ni zulatzen utzi nien.

      Atearen ondoan mugitzen sumatzen nuen bera, nik noiz deituko zain. Burua atzerantz bota nuen apur batean eta haren arnasa entzun nuen. Nik gehiago nahi nuen eta banekien berak ere gehiago nahi zuela. Gauerdia zen. Burua itzuli nuen, berari goitik behera begiratu nion eta esan nion:

      —Oso atsegin izan dut zure ahotsa beti, Jamil.

 

 

Natalie Handal

 

Palestinar idazle hau olerkigintzan zein antzerkigintzan nabarmendu da. Haren antzezlanak mundu zabaleko hainbat antzokitan taularatu dira eta haren ipuin eta saiakera lanak hainbat literatura aldizkari eta antologiatan agertu dira. Natalie Handalen liburu ezagunenen artean bi hauek aurkitzen ditugu: Spell, Will Soliman egiptoar musikariaren laguntzaz eginiko olerki CDa, eta The Lives of Rain olerki bilduma, Agnes Lynch Starrett Poetry Prize / The Piit Poetry Series izeneko sarirako hautatua izan zena. Horrezaz gain, Natalie Handalek kritika lanak egiten ditu Ingalaterrako Sable argitalpenerako, Nibras Theatre Collective taldeko kide da eta Kazbah Project ekoiztetxearen partaide eta garpenerako kudeatzaile ere bada. Ekoiztetxe hau egun Gibran filma prestatzen ari da. Menada saria eskuratua du, Mazedonian ematen den nazioarteko literatura saria.

 

QISSAT. Palestinako Emakumeen ipuinak
Natalie Handal

euskaratzailea: Xabier Monasterio
Erroa, 2016
armiarma.eus, 2017