QISSAT. Palestinako Emakumeen ipuinak
Huzama Habayeb

euskaratzailea: Xabier Monasterio
Erroa, 2016
armiarma.eus, 2017

 

HARI HAUTSIA

 

      Plastikozko oinetakotan, betiko kopurua dago. Ez dago ez bat gehiago, ezta bat gutxiago ere. Dena den, Nuwwarrek ez ditu oinetako horiek orain batuko. Ura atalasean dagoen isurbide estura heltzen denean batuko ditu, belarria apurtuta duten sandaliekin batera. Bizkarra gerritik erauzia dauka ia-ia.  Erratza luzeagoa balitz, ez luke hainbeste makurtu beharko. Baina erratza, bera bezalaxe, gero eta makurrago dago. Zoru bustia lehortzeko makurtzen den guztietan, ile latzak aurpegia estaltzen dio. Nuwwarren bizkarra aldaketatik bereizteko zorian dago, baina zorua lehortzen bukatzen duenean, zutik eta irmo egoten da, bere ipurdi argalak bizkarrari eusten diolarik.

      Ura atalasearen inguruan dabil orain, bere hats lurruntsua olioztuz. Nuwwar geldiro-geldiro zutitu da eta odola masaila meharretatik gorputz atal guztietara zabaldu zaio. Ura gora eta behera doa. Nuwwarren bularrak gora egiten duenean, plastikozko oinetakoek ere gora egiten dute. Neskaren bularrak behera egiten duenean, ordea, sandaliek ere behera egiten dute ezinbestean. Erratzaren zurda hautsiak isurbide estuaren inguruan metatzen dira jostari. Ura egon dago neurri batean grabatua dagoen isurbidearen gainean, inoiz gora eginez eta inoiz behera eginez.

      Gero eta ur gehiago dabil gora eta behera eta isurbideak ezin du dena irentsi. Nuwwarrek azkar zabaldu du atea eta urak atalasetik loriora egin du eta handik kalera, baina plastikozko oinetakoek hantxe diraute. Nuwwarrek binan-binan batu ditu, batzuk besteen kontra joz, aurpegia zipriztintzen diotelarik, edo, bestela, oinetakoen zolak bere soinekoaren ertzaz lehortuz. Edozein modutan ere, gero kutxa handi batean sartzen ditu eta lorioaren teilatu gainera igotzen ditu, eguzki izpiek ondo-ondo lehor ditzaten. Hasieran, apur bat gogortzen eta zimurtzen dira, baina, berriz erabiltzen direnean, bigundu egiten dira.

      Orain lorioko isurbide estuan sartu du eskua eta handik lur eta hondar pilo handia atera du. Baita erratzaren zurda tolestu eta okertuen zati txikiak ere. Eskua are barnerago sartu du eta babarrun lekak, okra1 buruak eta ile matazak atera ditu.

      Nuwwar areago makurtu da eta ura isurbidera bidean bere oinen ondotik nola isurtzen den ikusten gelditu da. Neskaren behatzetako azazkalak nahiko hauskorrak dira. Ez dira Umm Xihab ezkontzaginarenak bezain luzeak, hark ez duelako inoiz zorurik garbitzen, eta, hartara, azazkalak behar bezala hazten zaizkio eta berak margotu egiten ditu.

      Ur lohia lorioan zehar zabaldu da eta haren gainean zurda zatituak igerian bezala dabiltza. Nuwwarrek beste behin gogoz kontra makurtu du gorputza, erratz txikiari eutsi ahal izateko. Haren buruak behearen gaina ukitzen du ia-ia. Erratza pasa eta pasa ari da. Bira ezkerretara eta bira eskuinetara; bira hara eta bira hona; jira eta bira, gelditu ere egin gabe. Bere azazkal apurtuekin lurrean itsatsirik gelditu den txiklea erauzten saiatu da Nuwwar.

      — Jainkoak indar handia eman diezazula.

      — Baita zuri ere, andrea.

      Baina Nuwwarrek begiratu ere ez dio egin. Erratza pasatzen segitu du burumakur. Rasmiyyak ere ez du burua bihurtu eta ibiltzen segitu du. Esku batez gona orkatilak baino goraxeago altxatu du eta besteaz buru gainean daraman oilasko erreari gogor eutsi dio, zapian irrista eta lurrera eror ez dakion. Oilasko errearen usaina oso atsegingarria da. Ostegunero, Rasmiyyaren familiak kazola bat oilasko edo gibel erretzen du okindegian. Nuwwarren familiak, ordea, badu bere labea teilatu gainean, garbigela barruan. Nuwwar arduratzen da oilaskoak erretzeaz, baina askotan arreta galtzen du eta kiskali egiten zaizkio. Jo eta ke saiatu arren, haren azazkalek ez dute txiklea behearen gainetik erauzterik lortu.

      Orain ur mordoa dago lorioan. Hainbeste, ezen Nuwwarrek belaunetaraino bildu behar izan baititu prakak. Bere zangoak ikustean, une batez gogora etorri zaio duela bi urte geografian hartu zuen azken irakaspena: sabanako larreak. Orain ohartzen denez, tropikoan ez ezik, bere zangoetan ere erraz eta erruz hazten da belarra.

      Bera igurtzi eta igurtzi dabil, baina txikleak ez du inola ere handik atera nahi.

      — Lehortuko didazu ipurdia?

      — Ekarzu papera.

      — Nondik, baina?

      — Irrati gainean badago egunkari bat.

      Mutiko txikia pixka bat makurtu da eta ipurdia Nuwwarren aurpegirantz luzatu du. Neskak, egunkari papera zimurturik, ipurtzuloa garbitu dio.

      —Urez garbitu duzu lehen?

      —Bai, noski.

      —Ez du ematen, ba!

      — Ondo-ondo garbitu dut! Zin dagizut! Gainera, pitxerraren muturra ipurtzuloan sartu zait eta min handia egin dit!

      — Aizu, mutiko, sei urte badituzu eta oraindik ez dakizu ipurdia garbitzen.

      — Min egiten du, baina!

      — Ondo da. Jantzi prakak.

      — Ez dut nahi.

      — Orduan, zoaz barrura.

      — Ez, atarian egon nahi dut, baina prakak jantzi gabe.

      — Oso heziera txarrekoa da hori. Kalean gaude eta jendea etengabe pasatzen da gure etxe aurretik.

      —Baina nik oso gustukoa dut aire hotza sentitzea. Kili-kili egiten dit.

      Neskak ere oso atsegin du erdi biluzik egotea. Tarte luzeak ematen ditu komunean, atea ondo itxita eta inor makila batez mehatxuka ari ez zaiolarik. «Sabeleko mina», esaten die beti komuneko atea jotzen dutenei.

      Bularraldea eta sabelaldea bere izter biluzietaraino tolesten ditu eta ipurdia orekan bezala ipintzen du, bere ipurmamiek ate azpitik sartzen den haize hotza hauteman dezaten. Orduan, begiak itxi eta bere ipurdia gutxinaka ur tanta hotzak erortzen zaizkion salep salda dela iruditzen zaio.

      Bere burua garbitzen duen guztietan, ur pitxerraren muturraz berariaz kili-kili egiten die izter barrenei, bereziki, bien artetik ateratzen diren eta emakume beltz baten ezpainak diruditen haragi pusketei. Hori egiten duelarik, sorgortze moduko bat zabaltzen zaio gorputzeko atal guztietara. Aspaldi ez dela hasi da horrelako sorgortze kilikagarriak sentitzen.

      Nuwwarrek ez daki xuxen zer den sentipen berri hori, baina hari zuntz baten antzekoa iruditzen zaio, oso urrun, sakoneko tokiren batean, harilkatzen hasten den eta berehala mataza bilakatzen den hari zuntz baten antzekoa, hain zuzen ere. Sentipen berezi hori biziki areagotzen da Ibrahim urrundik hurbiltzen ikusten duen guztietan.

      Nuwwarrek badaki mutila bere atariaren aurretik igaroko dela eta bera, beti bezala, erratz gainerantz makurtuta dago, ur zikina bere oinen inguruan pilatzen delarik. Mutila ikusi ordukoxe, neska zutitu, prakak gorago bildu, soinekoa praken barrutik sartu, mahukak goratu eta buruko zapia atzeraxeago lotzen du, ile xerlo kizkur batzuek bere bekoki zabala apain dezaten. Ibrahim gero eta hurbilago dago.

      Haria gero eta azkarrago harilkatzen da eta sorgortzea gero eta nabariagoa da. Nuwwarrek orduan bizkarrean ezkutatzen ditu bere esku latz ia azazkal gabeak. Umm Xihaben antzera margotu nahi lituzke berak azazkalak, baina ezin du inola ere! Hark gorriz margotzen ditu bere azazkal luze gogorrak. Umm Xihab sarri askotan egoten da Ibrahimekin eta sarri askotan hitz egiten du haren amarekin. Dirudienez, Ibrahimen ama emazte bila dabil bere semearentzat. Eta emakume sendo, garai eta maratza izatea nahi luke berak. Eta bai emakume ederra eta etxekoandre bikaina ere, Ibrahim ez baita nolanahiko mutila. Izan ere, Ibrahim —Jainkoak bedeinka dezala— eraikuntzan aritzen da lanean eta, porlan zaku astunak lepo gainera jasotzen dituenean, bularreko giharreak nabarmen antzematen zaizkio kotoizko alkandoran.

      Ibrahim hurbiltzen ari da eta neska oso urduri dago. Mutila zenbat eta hurbilago egon, orduan eta nabariago eta azkarrago sentitzen du Nuwwarrek sorgortzea.

      — Jainkoak indarra eman diezazula, Nuwwar.

      — Baita zuri ere, Ibrahim.

      — Jainkoak zuri ez dizu deus ere eman, neska! —esan dio amak garrasika etxe barrutik.

      Amaren hitzak entzun ordukoxe, erratza eskuetatik askatu zaio, haria osoki eten zaio eta sorgortzea bere oinen inguruan dagoen ur zikinera erori da deblauki.

      — Zertan ari zara hor kanpoan? —amak berriz ere.

      Nuwwar berriz makurtu eta erratza pasatzeari ekin dio. Eta bira ezkerretara eta bira eskuinetara; bira hara eta bira hona. Ibrahim urruntzen ari da. Jira eta bira, gelditu ere egin gabe.

      — Ataria garbitzen ari naiz.

      — Hainbeste denbora behar duzu ataria garbitzeko? Noiz bukatuko duzu, ba? Bihar, akaso? Neska alfer arraioa!

      — Teilatura noa.

      Nuwwar teilatu gaineko terrazara igo da, baina, hori egin baino lehenago, oinetako berrietako bat atari ondoko lokatzetan sartu du. Lorioan bada teilatura igotzeko eskailera bat. Handik goitik ederki ikusten da haran osoa. Kolore nahasien anabasa are nabarmenagoa da eguneko ordu honetan, egunsentiaren eta eguerdiaren arteko orduetan. Auzoko teilatuetan —haiena baino gorago dauden teilatuetan, alegia— biziak bor-bor diraki. Emakumeek lanean gora eta behera eragiten diete buruei etengabe. Hormetatik zintzilik kolore laranja eta beixeko tapiz txikiak ageri dira. Haien ondoan burusi grisak eseki dituzte, bardako hezetasuna egurasteko. Haizeak gogor inarrosten ditu gernu orbanez zikindutako izarak.

      Nuwwar garbigelara joan da, han bakarrik egongo delakoan. Prakak erantzi ditu eta soinekoa kuleroen barrutik sartu du.

      Barre egin du, bat-batean bere sabela lehengusinarena bezain handitua ikustean. Lehengusina haurdun dago eta haren sabela kono baten itxurakoa da. Nuwwarrek orduan bere sabela ukitu du eta bere arterako pentsatu ez dela lehengusinarena bezain biribil eta gogorra, kotoia bezain biguna baizik.

      Oinaz bazter batean dagoen galtzontzillo mordoa garbigela erdiraino bultzatu du eta orduan ostiko gogor bat eman dio, futbolean ariko balitz bezala. Badaki berea jokaera zentzugabea izan dela. Beraz, galtxoinak banan-banan bildu eta plastikozko konketan utzi ditu. Orduan, behearen gainean eseri, hankak zabaldu eta haiekin galtzontzilloz beteriko konketa inguratu du, hormaren beheko aldean dagoen iturriaren azpian ipini baino lehen.

      Amak beti esaten dio garbigarri gehiegi erabiltzen duela. Zergatik gutxiago erabili, ordea? Zertarako? Nork zenbatuko ditu zenbat Surf pakete erabiltzen duen? Egia esateko, berak begien itxi-ireki batean xahutzen du pakete bat. Aitak zortzi piatre ordaintzen ditu pakete bakoitzeko, hots, dendan baino lau piatre gutxiago, armadan duen lagun baten bitartez lortzen dituelako. Armadan dena da merkeagoa. Horregatik, badira hiru urte hornigai guztiak armadan erosten dituela: txitxirioak, babarrunak, tomate poteak, dilista osoak eta zatituak, pastak, sesamoa, sardina poteak, pospoloak, bizkotxoak —nahiz eta ez duten oso zapore onik—, eta beste.

      — Mutiko bihurria, gero! Alferrik da berarekin saiatzea!

      Nuwwar igurtzi eta igurtzi ari da galtzontzillo txikietan itsatsita dagoen kaka lehorra. Mutikoak ez du inoiz ipurtzuloa garbitzen ikasiko. Ez du ikasi nahi, bistan denez! Neska igurtzi eta igurtzi ari da. Apar zuria gero eta handitzenago ari da eta ur gainean gelditu da igerian bezala. Aparrak laster gainez egin du eta neskaren izterretaraino iritsi da. Aparraren burbuila garden eta gorrindolak izterretan behera irristatzen dira, harik eta kuleroen ertzeraino eta are barneraino ere heltzen diren arte. Neskari betazalak ezustean itxi zaizkio. Aurren-aurrenik, freskotasun amiñi bat nabaritu du eta, gero, gozotasun luze bat. Azkenean, mutikoaren galtxoinei itsatsiriko kaka lehorra desagertu egin da.

      Aitaren galtzontzilloak handiak dira, benetan. Goma galdu dute eta brageta ikaragarri handia da. Neskak ukitu egin ditu. Hain handia ote da? Garbitzen jarraitu du. Galtzontzilloak. Hiru, lau, bost, sei, ... bederatzi. Guztiek brageta ikaragarri handia dute.

      Bere kuleroak ere ez dira batere errazak garbitzen. Haietan izaten den muki likatsua hantxe itsatsirik egoten da, harik eta urak, xaboiak eta bere eskuek orbana erauztea lortzen duten arte. Berari kuleroak gerriraino heltzen zaizkio eta zilborra estaltzen diote. Umm Xihabek behinola parpailak eta bihotz brodatuak apaingarri zituzten kulero batzuk erosi zituen bere alaba ezkondu berriarentzat. Eta hain txikiak ziren, ezen ukabil barruan sartzen baitziren.

      Amaren garrasiak berriz entzutean, bihotza itzulikatu egin zaio. Aita berehala etortzekoa omen da. Nuwwarrek orduan aitaren galtzontzilloak xukatu eta bertako esekitoki txikian zabaldu ditu. Behetik baratxuri frijituaren eta albahakaren usaina heldu zaio. Bihotza pilpiraka dauka Nuwwarrek. Handik ordu erdira, Ibrahim berriro igaroko da atariaren aurretik, etxera bidean, eguneroko lana amaiturik. Mutilak sendo lan egiten du eraikuntzan eta dagoeneko gizonduta dago! Haria berriz hasi da harilkatzen. Nuwwarrek argiro nabari du nola gorpuzten ari den bere baitan sentipen guztiz atsegingarri hori. Hariaren kilimak barren-barrenetik datozkio eta geroago eta handiagoak dira. Amak hots egin dio behetik:

      — Nuwwar! Ekarri pitxerra, aita etorri da eta!

      Zorionez, ordu erdi dauka oraindik, Ibrahim atari aurretik igaro orduko. Ur zikina terrazako zoruaren gainean isuri du eta eskaileretan behera joan da, goiko konketa aldean eramanez. Zenbait minutu igaro dira geroztik. Bainugelara joan da. Han pitxerra hartu eta txorrotaren azpian ipini du, apurka-apurka bete dadin. Zain gelditu da eta urak laster gainezka egin du. Nuwwar zain gelditu da eta minutuak aurrera doaz etengabe.

      Azkenean, Nuwwar kokoriko jarri da aitaren aurrean.

      — Jainkoak indarra eman diezazula, aita.

      — Baita zuri ere, Nuwwar.

      Neskak aitaren prakak jaso ditu, oinak konketan sartzen lagundu dio eta ura isuri du haien gainean. Geroago, behatzei masajea ematen, haien artean ondo garbitzen eta orpoak eta orkatilak gogor igurzten hasi da. Minutuak aurrera doaz. Ibrahim orain haranera sartzen ari da. Berehala atari aurretik igaroko da. Eta sorgortzea berriro hasi da. Nuwwarrek atarian egon nahi du, noski, mutila igarotzen denerako.

      Alaba ohi baino masaje bigunagoa ematen ari zaiola iritzi dio aitak eta esan dio:

      — Igurtzi gogorrago, Nuwwar.

      — Ondo da, aita.

      — Horrela ez. Gogorrago.

      — Ondo da, aitatxo. Ondo da.

      Neska aitaren oinei masaje gogorragoa ematen ahalegindu da. Gero eta gogorrago igurzten dizkio behatzak, gorputza aitaren oinen aldera zeharo makurtu duelarik. Hala eta guztiz ere, ura oso astiro isurtzen da pitxerraren muturretik. Ibrahim gero eta hurbilago dago eta Nuwwarrek gero eta hari mataza lodiagoa dauka.

      Pitxerra azkarrago bete nahi luke neskak, baina iturritik ur xirripa mehe bat besterik ez da irteten orain. Gehiago ezinean, Nuwwarrek pitxerra lurrean utzi eta lasterka bizian irten da bainugelatik, etxeko atarira joateko asmoz. Egunero bezala, hantxe egon nahi du berak mutila pasatzen denean.

      — Nora zoaz, ba?

      — Oinetako bat utzi dut lorioan. Hura jaso eta berehalaxe nator zuregana, aita.

      — Orain ez; geroago joan zaitezke haren bila.

      — Bai, baina beldur naiz han ahaztuko zaidan edo baten batek lapurtuko digun.

      — Nork lapurtuko du, ba, oinetako bakar bat? Mesedez, ez zaitez tuntuna izan.

      — Aita, baina...

      — Geroago joateko esan dut eta kito!

      — Ondo da, aita.

      Nuwwarrek berriz hartu du pitxerra. Bere sabelaren kontra estutu du, muturra zilborrean sartuz. Gero, bestela baitakoan, apur bat beheraxeago irristatzen utzi dio. Pitxerraren muturra izterren artean behar bezala kokatu eta begiak itxi ditu. Baina orduan haria eten egin da eta sorgortzea plastikozko konketara amildu da. Zoritxarrez, minutuak agortu egin dira. Ibrahim atariaren aurretik igaro da eta etxera bidean urrundu da.

      Eta Nuwwar ez dago han, mutila agurtzeko.

      — Aski da, neska! Jakin al daiteke zer daukazun gaur buruan? Hor zaude, erabat geldirik, tuntuna bazina bezala!

      —Ondo da, aita.

      Nuwwar berriz makurtu da aitaren alderantz, haren oinei masajea ematen jarraitzeko. Igurtzi eta igurtzi dabil. Sakatu eta sakatu. Gogor sakatzen eta igurzten ditu aitaren behatzak.

      — Gogorrago, Nuwwar.

      — Ondo da, aita.

      — Are gogorrago, neska.

      — Ondo da, aita. Ondo da.

 

Huzama Habayeb

 

Huzama Habayeb Kuwaiten jaio zen. Golkoko Lehen Gerraren garaian Jordaniara alde egin zuen eta egungo egunean kazetari lanetan dihardu Abu Dhabin. Ingeles Literaturan lizentziatua da eta egundaino lau ipuin bilduma argitaratu ditu. 1993an Al Quds deritzan sormen lehiaketan lehen saria irabazi zuen ipuinen sailean eta handik urte batera, 1994an, Mahmoud Seif El Din Al Irani saria bereganatu zuen.

 

QISSAT. Palestinako Emakumeen ipuinak
Huzama Habayeb

euskaratzailea: Xabier Monasterio
Erroa, 2016
armiarma.eus, 2017