BIDAZTIA
Padraig Mac Piarais

The Wayfarer, 1916-05-02
(fusilatu bezperan)
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016

 

Tristatu egin nau munduaren ederrak

pasatu eginen den edertasun honek.

Aldizka bihotzak dardara egin dit poz betean

katagorria zuhaitzean jauzika ikusita,

edo marigorringoa zurtoin gainean,

edo untxitxoak zelaian ilunabarrez

eguzki etzanaren argitan,

edo mendi berderen bat

non itzalek flotatzen duten mazeletan

non nekazariak, zeruko atetik hurre,

ereindakoa jasoko duen,

edo oinutsik dabiltzan umeak

erretira egindako itsasoren baten hondartzan

edo Connacht-eko herri txikietako kaleetan jostari,

gauza gazte eta zoriontsuak.

Eta gero, bihotzak:

hauek ere pasatuko dira,

pasatuko eta bestelakotu,

hil eginen dira, besterik ez

gauza argi eta berdeak, gauza gazte eta zorionekoak.

Eta bideari lotu naiz

minez.

 

BIDAZTIA
Padraig Mac Piarais

The Wayfarer, 1916-05-02
(fusilatu bezperan)
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016