MATXINOA
Padraig Mac Piarais

The Rebel, 1915
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016

 

Herriaren hazitik, herri zanpatuaren hazitik

altxorrik ez baina esperantza

aberastasun handirik ez baina

antzinako loria baten oroitza daukan herriaren hazitik nator.

Esklabotzan erditu zen ama nitaz, esklabotzan sortu zen ama bera,

jopuen arrazakoa naiz,

jolastu naizen umeek, bazkaldu dudan andra-gizonek,

denek izan dituzte ugazabak, denek ezagutu dute ugazabaren zartailua

eta, zintzoak izan arren, doilorren aginduetara egon dira,

eskuok laztandu dituzten eskuek,

ohikoak nituen laztanen esku zintzoek

burdina zitalak eraman dituzte, ausiki egin diete burdinek eskumuturrean,

esku-burdinetan gogortu dira, eta atzerritarrek ezarri lanean.

Jende apal horren haragiaren haragia naiz, hezurren hezur naiz

sekula apaldu ez naizen  hau

nire herriaren ugazabena baino arima handiagoa dudan hau

ikustun eta profeta eta elokuentziaren jabe naizen hau

bere mendi sakratuaren gailurrean Jainkoarekin solastatu nintzen hau.

Eta herriaren zati naizelako dut herria ulertzen,

dut ezagutzen bere zigorra den zigorra, eta bere desioek naukate gose:

amen malurra daramat bihotzean

haurren negarrez ditut begiak heze

agure nostalgikoekin egin dut hasperen

gazteekin egin dut algara eta madarikazio

horien lotsa da neurea, eta ahalke naiz

ahalke obeditu egin dutelako libro izan behar zutenek,

ahalke goseak zeudelako beste batzuk aseak zirenean

ahalke beldur zirelako legezainez eta presozainez

atxilotzez eta burdinez.

Zikoitzak eta zitalak gizonok!

Apaintzen ahal nintzen xingolaz, nire herriaren ahalke honetaz baino.

Eta jakinarazten dut, neure ikustatean brokatua

jakinarazten diot nire herriari, herriaren izenean, nire ugazabei jakinarazten diet,

jakinarazten diot nire herriari sakratua dela, duintasunez betea dela kateak arren,

bere ugazabak baino handiagoa, indartsuagoa eta garbiagoa dela.

Kuraia besterik ez duela behar, eta gogoan hartzea bere Jainkoa,

ahanzten ez den Jainkoa, herriak maite dituen Jainko ona

herriengatik hil zena biluzian eta ahalkean.

Nire herriaren ugazabei diotsuet: kasu eman,

kasu eman datorrenari. Kasu eman herri matxinatuari,

hartu eginen du zuek eman nahi ez diozuena.

Uste duzue herria menderatuko duzuela?

Uste duzue legea indartsuagoa izanen dela bizia baino,

libro izateko borondatea baino?

Zuei buruz zutitzen gara, zanpatu eta inposatu egin duzuenoi buruz,

lohitu eta usteldu egin duzuenoi buruz,

tiranoak, hipokritak, gezurtiak!

 

MATXINOA
Padraig Mac Piarais

The Rebel, 1915
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016