KATUEK BAI ZORTE ONA
Ludmila Petruxevskaia

euskaratzailea: Josu Zabaleta
armiarma.eus, 2016

 

      Behin batean neskatila batek esan zuen:

      — Katuek bai zorte ona! Pasieran ibiltzen dira, eskolara joan gabe! Horixe nahiko nuke neuk ere!

      Eta azti baten bila hasi zen, katu bihur zezan.

      Eta, hain zuzen, azti bat igaro zen ondotik eta A esan orduko bete zion neskatilak eskatu ziona.

      Hantxe bertan geratu zen lurrean eta fu eta fu hasi zen.

      Aztiak, neskatilaren itxura hartu, katuari ostiko bat eman eta esan zuen:

      — Ez dut nahi honelako katurik, uf, nazkagarria da.

      Gurasoak harrituta zeuden; neskatilak ezkutuan etxera katu bat ekarri zuela uste zuten.

      Baina neskatila-aztiak neskatila-katuari heldu, eskaileretara atera, eta atetik kanpora bota zuen.

      Kalean luzaro entzun ziren bihotza urratzeko moduko miau-hotsak (hotz egiten zuen), baina neskatila-aztiak egoskor jarraitzen zuen telebista aurrean eserita, gozokiak jan eta jan, eta ziplo jan zituen etxean zeuden gozoki guztiak, gainera; gurasoek ezin izan zuten ezer egin, berandu ohartu ziren-eta.

      Baina hurrengo eguneko arratsean gertatu zen ustekaberik handiena, aita eta ama lanetik itzuli zirenean.

      Kontua da aztia, neskatilaren itxuran, asper-asper eginda zegoela eta lagunak gonbidatu zituela etxera, eta haiek ez zirela bakarrik etorri.

      Labur esateko, gurasoak etxera sartu zirenean, ke-laino bat zegoen han: alaba mozkor-mozkor eginda zegoen mahaian, kantuan, adin oneko emakume bekain-beltz, musugorri, itsusi bat besarkatzen, eta apartamentuan han eta hemen gizon eta emakume talde ondo bitxiak zeuden kokatuta, eskuetan aitaren botilak eta ezpainetan amaren zigarroak zituztela.

      Aitak ederki kostata bota zuen jende hura handik kanpora; alabak garrasika eta ostikoka ekin zion, esanez bakoitzak bere lagunak izan behar dituela, gurasoak zeken hutsak zirela eta horrelakoak; batez ere alabak ez zuen nahi, ezta inondik ere, bere lagun zahar gizen hark alde egiterik, garrasi batean esanez hura gabe ez zuela lo egingo eta jendea ezin dela hala eta hola kanpoko hotzetara bidali.

      Alabak negar egiten zuen, amak kalentura hartu zion, aitak ontzi puskatuak bildu zituen; hitz gutxitan, lan horietan eman zuten gau osoa.

      Neskatila ez zen joan eskolara, ama ere ez lanera; baina alaba temosa jarri zen ama botila baten bila bidali nahiz; bien artean edango zutela proposatu zion, eta erretzeko tabakoa ere eskatu zion.

      Katuari dagokionez, elurrez estalitako auto baten azpian igaro zuen gau hura, goizean postariaren atzetik sartu zen atarira eta miauka hasi zen gurasoen ate aurrean, baina irratia piztuta zegoen, telebista burrunbaka, magnetofoia martxan eta norbait zarata haren guztiaren gainetik oihuka.

      Katua, otsoa baino goseago, kalera atera zen berriro postariaren atzetik, eta ondoko zaborrontzi batera igo zen; han, ordea, guraizeak bezalako moko erraldoiak zituzten bele gaizto batzuek gogoak ematen ziena agintzen zuten, eta autoaren azpian geratu beste erremediorik ez zuen izan, gaua etorri arte.

      Gauean ere beste katu batzuek jipoia eman zioten, zaborrontzitik ogi puska izoztu bat hartzen saiatu zenean.

      — Ederra kontua —pentsatu zuen katuak, autoaren azpian gogoeta eginez (oro har, katuak gogoeta-zaleak izaten dira berez), ederra kontua.

      Eguna argitzean, agure-hanka batzuk ikusi zituen zaborrontziaren ondoan.

      Hanka ondoan, bi arrain-hezur zeuden paper puska batean.

      Katu bat, gaueko txandako liskartiena, hezurraren gainean zegoen dagoeneko, eta burua astintzen zuen, hortzetan hezurtxo bat trabatu zitzaiolako.

      Gure neskatilak tximista batean jauzi egin eta beretzat harrapatu zuen arrain-hezurra, gazia eta batere gustukoa ez bazen ere.

      Katu hura, janariari jaregin gabe, ahoa beterik zuela, oihuka hasi zen, poliziaren autoa bailitzan.

      Agure adeitsu bat zegoen begira, bizkarrean zaku handi bat zuela.

      — Janaria —pentsatu zen gure neskatilak, hezurtxo lehor, gaziak hara eta hona astinduz—, bada jende jatorra oraindik! Biba!

      Agureak usain txarreko beste gauza bigun bat bota zuen elurretara, eta elkarri marruka hasi ziren bi katuak, hortzetan zeukatenari eutsiz.

      Orduan, agureak, zozoei begira egon gabe, lepazamarretik heldu eta zakuan sartu zituen biak.

      Eta etxerantz abiatu zen, oinak arrastaka eta katutxoak besapean gehiegi estutuz. Bi zoritxarrekoek ez zuten ezer ulertzen, itsututa zeuden, ito beharrean, izututa. Agurea behar zuen lekura iritsi, katuak bera bizi zen apartamentuan lurrean utzi, sukaldera joan eta sukaldeko ontziekin zarata ateratzen hasi zen.

      Gure neskatilak ingurura begiratu eta, horman iltze batzuetatik zintzilik, larruzko buruko txano berri-berriak ikusi zituen, grisak, arrastodunak (tigrearen azalaren gisakoak), zuri-beltzak, gorriztak…

      Txano haiek bazuten oso ezaguna iruditzen zitzaion zerbait. Lurrean zehar larru-muturrak zeuden han eta hemen, eta batzuei kirats izugarria zerien. Ohe azpian beste hiru katu zeuden, makurtuta, eta haien begiek hara-hona begiratzen zuten, gogoetatsu; esan dugu katuek asko pentsatzen dutela beren zoriaz.

      Gure sufritzaileak lehenengo abagunean alde egin, aztia aurkitu eta hari neska itxura kentzea erabaki zuen.

      Eta pentsatzen hasi zen nola bihurtu zen katu, nola, goiza baitzen, ez zuen jaiki eta eskolara joan nahi, amak aitari nola deitu zion eta biek batera nola erregutzen zioten alabatxoari, eta bera nola tematu zen, negar eginez, burua estaliz, nola sartu zen ohe azpian, nola heltzen zien haren hankei eta nola esan zien bat-batean bere barren-barrenetik: “Katuek bai zorte ona! Nolako inbidia ematen didazuen!”.

      Eta bi aldiz jo zuen buruaz lurra, aztia gogoratuz. Eta han, ohe azpian katu itxuran lurrean lauhankan zegoela, bere barren-barrenetik esan zuen:

      — Gizakiek bai zorte ona! (aztia gogoratuz).

      Eta zoritxarreko katuak bi bider jo zuen buruaz lurra.

      Ez zen ezer gertatu, jakina.

      Neskatilaren apartamentuan ere nahiko aurreratua zen goiza, ama zalaparta batean atera zen lanera joateko, ez zegoen zer eginik, nabarmen-nabarmen gaixo zegoen alaba hura lotan utzi zuen gau ekaiztsu baten ondoren, eta gaixo zegoena zigarroa erretzen hasi zen segituan, aitak ezkutatuta zeukan botilatik azkeneko koñak-tanta edan zuen, haren bildumatik geratzen zen guztia, eta seko erori zen ohe gainean, ezpainetan zigarroa zuela.

      Eta, askotan gertatzen den bezala (ez da lo hartu behar zigarroa piztuta duzula), errautsa erori eta maindirea alderik alde zulatu zuen, kea ateratzen hasi zen, zabaltzen hasi zen, eta gaixo zegoen neskatila gaixoak lo jarraitzen zuen, botilari lepotik gogor helduta.

      Oheak su hartu zuen, eta neskatila (ile kizkurtuzko aingerutxoa) zurrunka, zerri gizena bezala; ametsetan ari zen lagunek, neska eta mutil, baina neska batzuek batez ere, gogotik erretzen zutela lagunartean, txinpartaka egiten zutela eta hozka ari zitzaizkiola eskuetan eta hanketan, geroz eta biziago; lagunak omen, gero; neskatila marmarka hasi zen: “Ederki hozka egiten duzue, putakumeak halakoak”.

      Eta orduan bere betile luzeko begi pollitak zabaldu eta, eztulka eginez, sua eta kea zegoela ikusi zuen.

      — Hostia —esan zuen neskatilak zakar, erdi lotan, eta ederki kostata altxaturik, botilatik azkeneko tragoa jetzi eta leihora atera zen handik salto egiteko.

      Baina salto egiteko zortzigarren solairua altutxo, kalkulatu zuen neskatilak. Ateraino ere ez zegoen pasatzerik, armairua sutan zegoen.

      Bi maindire hartu, korapilatu eta berogailuari lotzea erabaki zuen neskatilak; hala leihotik beheko solairura jaisteko modua izango zuen.

      Eztulka eta juramentuka, sutan zeuden maindireak ohetik kendu, eta bere haur-eskutxoez nola edo hala baliatuz, elkarrekin lotzen ahalegindu zen; horretarako, ordea, gizon baten indarra behar zen.

      Une horretarako, jendea lasterka eta oihuka ari zen kalean, eta kaleaz beste aldeko auzokoren batek suhiltzaileei deitu zien, eta ezagun batek aitari eta amari telefonatu zien lanera.

      Neskatila juramentu eta maldizioka ari zen, isildu gabe, eta berriro bihurtu zen lehengo aztia eta, hori egitean, lehertu egin zitzaion soinean jantzita zeukan pijama.

      Aztiak maindireak behar bezala lotu eta, arnasestuka, gauza hura berogailuaren hoditik lotzen saiatu zen, baina botila bere atzapar iletsuetatik askatu gabe, horratik.

      Aztiak bazuen edozer gauza bihurtzea, baina, mozkortuta zegoenez, ezin behar bezala pentsatu eta ez zitzaion bururatu bele bihurtzea, esate baterako; bestela, bele bihurturik, eztulka, bazuen sutan zegoen leihotik hegan ateratzea, galtzarbean botila eta guzti.

      Baina ez zen belerik hegan atera, suhiltzaileak behean zeuden dagoeneko; haien auto gorriaren gaineko eskailera luzagarria, ordea, urrun zegoen oraindik zortzigarren solairutik.

      Une hartan bertan, katua, aztikeriatik askatuta, atzeko hanken gainean zutitu zen ustekabean, bizkarraz ohe-sarearen kontra jo zuen eta arrastaka atera zen agurearen ohepetik.

      Lehen bezalaxe zegoen, bere etxeko bata urdina jantzita; eskerrak.

      Neskatilak txanoarekin batera iltze batetik zintzilik zegoen agurearen zakua hartu eta trebezia handiz lau katutxoak harrapatu zituen; ez zioten aurka egin, gainera; gogoetetan murgildurik zeuden, nonbait; eta zapatila hutsetan atera zen apartamentutik elurretara eta etxerantz abiatu zen korrika; katutxoak zaku barruan oinazez mugitzen ziren batera eta bestera, elkarren buru gainetik igaroz, eta zorte oneko katutxoak zirela jakin gabe.

      Horrela bada, hotz handia eginagatik, bata hutsetan joan zen neskatila etxeraino korrika, bidaztien arreta erakarriz; eta orduantxe gauza harrigarri-harrigarri bat gertatu zen bere etxean; aita eta ama iritsi berriek, jende artetik gorantz begira, suhiltzaileek alabaren leihoaren kareletik gizon iletsu bat nola jasotzen zuten ikusi zuten, eta haren jantzietatik alabaren pijamaren lepoa eta dindirri batzuk baizik ez zirela geratzen.

      Gizonak, ordea, jendea ikusi zuen behean, aita eta ama konortea galdurik ikusi zituen; koñak botilari jaregin, izuturik besoak astindu, suhiltzailearen besarkada zabaletik askatu eta gorantz hegan eginez, ke artera jo zuen, eta ke artetik kalekoen antzeko txolarre lodi bat atera zen eta hantxe bertan pausatu zen teilatuan, garbitzeko.

      Eta alabatxoa, bata hutsetan, aitari eta amari begira zegoen belauniko eta behin eta berriro esaten zien:

      — Ama, aita! Ama, aita!

      Baina ez zen horretan bukatu; azken buru gisa konta daiteke nola sartu ziren hirurak oraindik ere kedar malutak hegan zebiltzan keak belztutako beren apartamentuan eta alabatxoak bat-batean eta irmo nola esan zien:

      — Katutxo bat ekarri dut, zer iruditzen?

      — Baita bi balira ere —erantzun zioten aitak eta amak, pozaren pozez negarretan.

      — Ederki, orduan lau —erantzun zien alabatxoak, eta zakutik bere altxor guztia atera zuen: Moxo, txuri-beltxa, Bixar, gaztaina-kolore ilunekoa, Piztu, papar zuriko ile-leun grisa, eta Atxapar, beltz iletsua baina lepo-zurikoa.

 

KATUEK BAI ZORTE ONA
Ludmila Petruxevskaia

euskaratzailea: Josu Zabaleta
armiarma.eus, 2016