GARRASI EGITEKO POEMA
Cosmin Perta

Poem de urlat
euskaratzailea: Leire Bilbao
armiarma.eus, 2015

 

Nire izena inurri tontor baten izena da

haginka egin didaten intsektu guztietan idatzia izan dena.

Herri txiki baten kanpoaldean bizi naiz

janari eskasa janez, lo gutxi eginez.

 

Bizitzak ez du esan nahi luze edo labur bizitzea,

bizitza heriotzaz harago doa.

 

Kulunkatu eta zabunkatu egiten dut,

erizain baten besoetan banengo lez,

nire bizitza negar eta eskerronez hasten da.

 

Gauean berandu, pozez zoratzen, nire aitona meategitik

itzuliko zen. Berdin zion zer egin zuen, zenbat lan egin zuen,

berdin zion norentzat eta nola zeramatzan hankak arrastaka

elur gainetik.

Bizirik zegoen eta amona eta niregana itzuli zen

eta, etorri eta gero, orduak eta gero, gauean zehar

urteetan ikusi ez bagina bezala jostatuko ginen elkarrekin.

Gu eta gure gaineko hodei beltzak.

 

GARRASI EGITEKO POEMA
Cosmin Perta

Poem de urlat
euskaratzailea: Leire Bilbao
armiarma.eus, 2015