FOCH HILTZAILEAREN BIZITZA
Benjamin Peret

Le Surréalisme au service de la Révolution, 2.zenb, 1930
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015

 

 

Halako batean zimaurtegitik burbuila bat goititu zen

lehertu zen

usainetik ezagutu zuen aitak

hiltzaile ospetsu bat izanen da

Kukurutxa hazi egin zen mukitsu krakatsu

eta Mendekua hasi zen aipatzen

Mendekua zertaz gurasoeneko gorotzaz

edo gorotza egin zuen behiaz

Sei urteko uzker egiten zuen kornetan

Zortzi urteko mokordoak zituen galoi mahuketan

Halako batean zimaurtegitik burbuila bat goititu zen

Hamar urteko bere buruko zorrien buru zen

Badu antzerik

esanarazten zien hazminak gurasoei

eta horrek bikote ederra zuen egiten

hartarik sortu zen ezproidun bota parea

eta hantxe zen suntsitu kaltzetin zikin bat bezala

 

Ez da deus esan zuen aitak

kakakutxatik sortu da bere mariskal makila

lanbideak hala behar du

Lanbidea ona zen eta langilea haren mailako

inon iragaiten zelarik goitikako geiserrek egiten zuten jauzi

ziliportatuz

alor horretan egiten den onena ukan zuen

medaila militarren behazunen potakarrak

eta emeki handitzen hasi zen

ohorezko legioaren arno mindua

 

Txahal barruki sufle hau hedatu egin zen

eta iragaileek gerla garaian:

Bulartsua da paparrean daramatza birikak

 

Dena ongi joan zen bere emazteak

etxezainaren katua jaso zuen arte

Ez alferrik ordea

katua txahal barrukiari oldartzen zen

azaltzen zen aldi oroz

eta azkenekoz jan egin zion ondikotz

Txahal biriki gabe Foch ez zen Foch

eta harakina iduri hil zen hilotz baten zauriz

 

FOCH HILTZAILEAREN BIZITZA
Benjamin Peret

Le Surréalisme au service de la Révolution, 2.zenb, 1930
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015