BESTE KONTU BATZUK
Alvin Pang

Other things
euskaratzailea:Leire Bilbao
armiarma.eus, 2015

 

“Lorategi bat landatzea biharko egunean sinestea da”

Amana Colony, Iowa

 

Lorontzian dagoen landarea erosteak bi gauza uzten ditu agerian, fede falta eta beharrizana. Landarea urezta zenezake, egunero, noizean behin edo oroitzen zarenean, orduan hostoak erortzen hasten direnean, maitasunari hesi bat jartzen diozu.

 

Beste kontu batzuk beste kontu batzuk dira.

 

Lanpara bat piztea iluntasuna loaren armairu berean ezkutatzea da, isiltasuna eta atzoko itsualdiekin batera. Liburu bat irakurtzea bi bakardaderekin ezkontzea da, elkarrizketa bat ezabatzen eta jasotzen den modua, hitzak ez-hitzentzat prest, laino bat eta bere absentzia, udaberriarentzat biluzten den elurra.

 

Logela utzi zenuen lekuan dago, nahiz eta izaretako zimur eta tontortxoek dagoeneko ez duten zure ideia eta mundu-ikuskera partekatzen. Hein batean, denborarik eskaini ezin diezun umeak bezalakoak dira.

 

Eltzeak galdera zailak egiten ditu: zer doa erretzera, zenbat denboran eta ze helbururekin.

 

Telebista deabrutik dator, zeina jainkotik datorren eta joan doan nahi duen gisara. Inoren etxean urrutiko kontrola gordetzea bekatu bat da, baina okerreko euritakoa hartzea guztiz gizalegezkoa.

 

Telefonoa zuriegia da zuri burlaka aritzeko. Itxita utzi zenuen ateak itxita jarraitzen du. Gaua nahikoa arrazoi da goizarentzat, nahiz eta zuk besterik pentsatu.

 

Gogoratu, kotxeko giltzak hor egongo dira dantzaldia eta gero. Hormek bakea adina distantzia eusten dute. Eltze bat ez da malkoentzat nahikoa arrazoi.

 

Ispilu bati eman beharreko erantzuna beti da, bai.

 

BESTE KONTU BATZUK
Alvin Pang

Other things
euskaratzailea:Leire Bilbao
armiarma.eus, 2015