ZUBIA
Alvin Pang

The bridge
euskaratzailea: Leire Bilbao
armiarma.eus, 2015

 

Ezkongai nuen andrea zubian zegoen, hiru zubietako batean, ez dut gogoan zeinetan, baina soineko gorri bat zuen asteetako lansaria balio zuena. Hala zela dakit, berarentzat erosi nuelako eta jantzita zeramalako, maiteminduak ginen seinale. Loreak eman nizkion -krabelinak ziren- bere eskua hartu eta musukatu ahal izateko, zerua gure gainean marmarka ari zen urrun zegoen bere aita mozkortia bezala, berrogeita bost urterekin ginebra merkeak hila. Autobusen istiluen urtea izan zen, egun berbera izan ere, polizia kotxe bat sutan, laguntza jaso ezinik, urruti zegoelako, neska ezpainetakoaren azken ukituak ematen ari zela gertatu zen bi eta erdi bidegurutze harago. Hurrengo goizean milioika gizonen lana galduko zen, aitaren ordainsariarekin batera eta gerra osteko familia-ondasun eta harrotasun guztia lurperatua. Ama gazte sendo bat borrokan ari zen erosketekin, aterkia eta seme-alaba bikiekin. Banekien ordua iritsi zela. Eraikinean sartu ginen, zaratotsa gero eta handiagoa zen, kafea eta ogi xigortua eskatu nituen eta eragin gabe zurrutada bat eman nion, zorte apur baten bila. Izerdia estalkiraino heldu zen baina ez barruraino, beraz, izenda nitzakeen arbaso guztiengatik egin nuen otoitz. Ezin izan zidan entzun lehenengo aldian, ezta bigarrenean ere, metalezko uztai txikia eman nion orduan, hogei hilabeteetako aurrezkiak horra, hortz-marka bat ere egin nion izkina batean egiazkoa zela frogatzeko. Orain ikus ditzaket ikasleak odoletan eta hezur hautsiak, kale hutsak hiri osoan zehar, ez zatekeen errealago izan, bere aurpegian hats leun bat niregandik urrun, gorri eta ilundua. Zerbait mugitu zen bere begiradan. Bat-batean munduko giroa bestelakotu zen, notiziak nonahi erortzen ziren. Ez nuen sekula eraztuna aurkitu, ezta ere buztinez zikinduriko kaxa, bere gorputz beti bezain kuzkurtua erauntsitik urrun zihoan. Euriak ederrago bihur zezan abagunerik balego, ez dut ezagutzen.

 

ZUBIA
Alvin Pang

The bridge
euskaratzailea: Leire Bilbao
armiarma.eus, 2015