AZALGORRI IZATEKO NAHIA 
Leopoldo Maria Panero

euskaratzailea: Josu Goikoetxea
Tarzán traicionado, 1967
armiarma.eus, 2014

 

Lautada infinitoa eta zorua haren isla.

Azalgorri izateko nahia.

Aire gabeko hirietara noizean behin iristen da hosgabe

basastoaren irrintzia edo bisontearen trosta.

Azalgorri izateko nahia.

Sitting Bull hil da: danborrik ez

Larredi Handietara iritsi dela esateko.

Azalgorri izateko nahia.

Burdinazko zaldiak beldurrik gabe zeharkatzen ditu orain
isiltasunak kiskalitako basamortuak.

Azalgorri izateko nahia.

Azken zaldizko batek zeharkatu zuen lautada

infinitoa, alferreko hautsa harrotu zuen

gibelean, haizeak ezereztu zuen.

Azalgorri izateko nahia.

Erreserban ez dago kriskitin

sugearen habiarik, abandonua baizik.

AZALGORRI IZATEKO NAHIA

(Sitting Bull hil da, danborrek deiadar egiten

diote; ez dute erantzunik espero)

 

AZALGORRI IZATEKO NAHIA 
Leopoldo Maria Panero

euskaratzailea: Josu Goikoetxea
Tarzán traicionado, 1967
armiarma.eus, 2014