MAITASUNIK HANDIENA
Wilfred Owen

euskaratzailea: Gotzon Barandiaran
armiarma.eus, 2014

 

Ezpainen gorria ez da

gure hildakoek musukatzen dituzten

harriak bezain bizia.

 

Auhendariaren aiene gozoak

lotsa baino ez dakarkio

bere maitasun aratzari.

Oi, Maitasun, zure begiek

xarma galtzen dute

itsutu ditudan begiei so degiedanean.

 

Zure gorputz lirainak ez du dar-dar egiten

Jainkoari bost axola zaiola

dirudien lurrean erori eta

barruan daroan maitasun basatiak

hilotz artean estutzen duenean

sastakaturiko gorputzen antzera.

 

Zure ahotsa ez da, teilatuetan xuxurlaka ari den

haizearen antza duela onarturik ere,

maite dudan arren,

lurpeak eztula isilarazi dielako,

inork entzuten ez dituen gizonena

bezain zoli eta hauskorra.

 

Bihotz, bihotz, ez zara egundo

tiroa jasotzen duena bezain ikaragarria izan.

Eta, zure eskua zurbila bada ere,

are dira hitsago

sugar eta garrasi artean

zu antzeman nahian ari direnak.

Egin negar, bihotz, ukitzea ezinezko baituzu.

 

MAITASUNIK HANDIENA
Wilfred Owen

euskaratzailea: Gotzon Barandiaran
armiarma.eus, 2014