JO DUGU BUDAPEST
NoViolet Bulawayo

Hitting Budapest, 2010
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2018

 

 

 

      Budapesteko bidean gaude: Sasiko eta Txipo eta Jainkoakdaki eta Sbho eta Stina eta ni neu. Mzilikazi Road-etik harantz joatea debekatua izanagatik ere, bagoaz, Sasiko bere arreba txiki Fraction zaintzen ari dela uste izatekoa den arren, amak jakingo balu hilko banindu ere: bagoaz. Guaiabak daude Budapesten lapurtzeko moduan, eta justu orain guaiaba batzuen truke, edo antzeko beste zerbaiten truke, lepoa emango nuke. Norbaitek pala batez sakatu eta hustu balu bezala daukat urdaila.

      Paradisetik irtetea ez da hain zaila, amak ile-apainketekin eta hizketarekin lanpetuta daudelarik. Haien aurretik ilaran pasatzean begiratzen gaituzte, eta kitto gero. Jakarandapean dauden gizonekin ez dugu kezkatu ere egin behar, zerbeza-upeletatik at ez baitute egiten haien begiek. Ume txikiek baino ez gaituzte ikusi eta jarraitu nahi gaituzte, baina Sasikok ukabilez jo du narrubixi buruhandi hauetako bat kopetaren erdian, eta atzera egin dute.

      Sastrakadia jotzean korrika hasi gara; Sasiko buru, gaur herriko lehiaketa irabazi duenez uste duelako agintzen duela, eta atzetik ni eta Jainkoakdaki, Stina eta azkena Txipo, zeinak Paradisen edonor gainditzen baitzuen korrika, baina ez aitonak haurdun utzi duenetik. Mzilikazi iragan ostean beste sasialde baterantz egin dugu herresta, Hope Street igaro dugu arrapaladan, sekula eseri ez garen jarleku izandakoen aztarnak dituen estadiotik haratago. Budapest jo dugu azkenik. Behin geratu behar izan dugu Txiporen zain.

      “Zera, umea noiz edukiko duzu?” esan du Sasikok. Haren zain geratu behar izana ez du maite Sasikok. Saiatu ere egin da harekin batera gehiago jolas ez gintezen.

       “Egunen batean izango dut.”

      “Zer da egunen batean? Bihar? Ostegunean? Datorren astean?”

      “Ez al duzu ikusten sabela txikia dela oraindik? Umeak hazi beharra dauka.”

      “Umea kanpoan hazten da. Horregatik jaiotzen dira. Eta gero hazten dira.”

      “Tira, oraindik ez da garaia. Horregatik da oraindik sabel bat.”

      “Mutikoa da ala neska?”

      “Mutikoa da. Lehen umea mutikoa izan ohi da.”

      “Baina zu neska zara eta aurrena jaiotakoa zara.”

      “Ohi esan dut.”

      “Aizu. Isil zaitez, ez da-eta zure sabela.”

      “Neska dela uste dut. Ez dut ostikoka sumatzen.”

      “Mutilek ostikoak eta ukabilkadak eta burukoak ematen dituzte.”

      “Mutikoa nahi duzu?”

      “Ez. Bai. Agian. Ez dakit.”

      “Zehazki nondik irteten da ume bat?”

      “Sabelean sartu den bide beretik.”

      “Eta zehazki nola sartzen da sabelera?”

      “Lehenik, Jainkoak jarri behar du hor.”

      “Ez, Jainkoak ez. Gizon batek jarri behar du, Musa lehengusuak esan zidan. Ez al zizun aitonak jarri barruan, Txipo?”

      Baiezkoa egin zuen hark.

      “Beraz, gizon batek jartzen badu barruan, zergatik ez du berak ateratzen?”

      “Emakumea delako erditzen dena, buruhandia. Horregatik dauzkate bularrak umeei esnea emateko.”

      “Baina Txiporen bularrak txikiak dira. Harri-kozkorrak bezalakoak.”

      “Haziko dira umea etortzean. Ez al da hala, Txipo?”

      “Ez dut bularrak haztea nahi. Ez dut umea nahi. Ez dut ezer nahi, guaiabak baino ez”, esan du Txipok, eta alde egin. Atzetik joan gatzaizkio eta justu Budapesten zentrora iristean, gelditu egin gara. Budapest herrialde diferente bat bezalakoa da. Gu bezalakoa ez den jendea bizi den herrialdea.

      Baina ez herrialde arrunta —irudi luke mundu guztia iratzarri zela egun batez eta itxi zituztela atariak, ateak, leihoak, jaso zituztela pasaporteak eta herrialde hobeetara alde egin zutela—. Airea ere hutsik dago; ez erretako trasterik, ez sukalde edo erre-usainik, aire garbia baino ez, esku hutsik.

      Budapest handia da, lorategi harlegarreko etxe handiekin, harresi garaiak dituztenak, eta zurezko hesiak, eta loreak eta arbola berdeak gure zain dauden frutez zamatuak, gure zain hemengo inork ez baitirudi dakienik bakoitza zertarako den. Fruta da gu adoretzen gaituena, bestela ez ginateke hemen egotera ausartuko. Kaleak zaintzen nago, txistu egin eta txabolara itzul gaitezen abisatzeko.

      Txiporen osabaren arbolatik osten genuen, baina hori ez zen erabat lapurtzea. Orain hango guaiaba guztiekin amaitu dugu eta arrotzen etxeetara jo dugu. Askotatik ebatsi dugu, ezin ditut zenbatu. Jankoakdakik erabakitzen du zein kale aukeratu eta han irautea etxe guztietan ibili arte. Segidan hurrengo kalera. Hartara ez dugu nahasten non izan garen eta nora goazen. Patroi bat bezalakoa da, eta Jainkoakdaki esaten du bide horretatik lapur hobeak izango garela.

      Gaur kale berria hasi dugu eta beraz kontuz dagigu miaketa. SADC kalea igaro dugu, non duela hiru aste bildu genuen guaiaba-arbola guztien uzta. Hegadun ume txizalariaren estatua duen krema koloreko etxeko leihoan errezel txuri zati bat eta kolore bereko aurpegi bat ikusi ditugu. Begirada finkoz, zain geratu gara aurpegiak zer egingo: bat-batean leihoa zabaldu eta ahots txiki batek geldi gaitezen oihu egin digu. Han geratu gara geldirik, ez oihuak geldi gaitezen esan digulako, ezpada inor ez delako korrika hasi, eta ahotsak ez duelako oso arriskutsua ematen. Leihotik musika isurtzen da kalera; ez da kwaito, ez da dance erritmoa, ez da ezagutzen dugun ezer.

      Atea ireki eta kalera irten du emakume garai ihar batek. Zerbait jaten ari da, eta kulunka eginez dator guregana. Emakumearen argaltasuna medio, artean esan genezake ez dugula korrika irtengo. Zain geratu gatzaizkio, eta ikus dezakegu zeri edo zertaz egiten duen irribarre; Paradisen guri ez digu sekula inork irribarre egiten. Hezurren Andreak izan ezik, hark edozeri egiten baitio irri. Atariko atean geratu da emakumea, kisketa emanda dauka eta ez du irekitzeko giltza ekarri.

      “Jeez, ezin dut beroa jasan, ezta lurraren astuna ere, zuek gazteok nola moldatzen zarete?” galdegin du emakumeak bere ahots ez-arriskutsuaz. Eskuan duen zerbaiti hozkada kendu dio, eta irribarre egin. Kamera polit, arrosa bat dauka lepotik dilindan. Denok begiratu diogu emakumearen oinei, gona luzearen petik ageri direla. Oin polit eta garbiak dira, haur batenak iduri. Oin puntak mugitzen ari da. Ez ditut nire oinak oroitzen halako itxurarekin, akaso jaio nintzenean.

      Orduan gora so egin dut emakumearen aho gorri, mastekariari. Lepo alboko zainari eta ezpain handiak nola milikatzen dituen erreparatuta, gauza goxoa jaten ari dela esan dezaket. Zorrotzago begiratu diot haren esku luzeari, jaten ari den gauzari. Laua da, azal aldea kurruskatsua. Muturrak krematsua eta leuna dirudi, eta txanpon-itxurako gauzak ditu, arrosa ilunekoak, erretako zauriaren kolorekoak. Zipriztin gorri, berde eta horiak ere ikus ditzaket, eta azkenik koxkor marroiak, pikorrak bailiran.

      “Zer da hori?” galdetu du Txipok, esku batez gauza seinalatuz, eta besteaz bere sabela igurtziz. Orain haurdun dagoela, Txipok maite du uneoro sabelarekin jolastea, hizketan egiten duenean. Futboleko baloi baten neurrikoa da sabela, ez handiegia. Denok begiratu diogu emakumearen ahoari, zer esango duen.

      “O, hau? Kamera bat da?” esan du emakumeak, bagenekiena bestalde. Eskua garbitu du gonan eta kamera ukitu. Orduan gauzatik geratzen zaiona atearen ondoko zakarrontzira jaurti du, huts egin, eta barre, nik ezer dibertigarririk ikusi ez badut ere. Emakumeak begiratu egin digu, bera barrezka dagoenez guk ere barre egin dezagun agian, baina guk begiak gauzagan jarriak ditugu, airean hegan txoria lurra jo aurretik bezala. Ez dugu inor sekula ikusi janaria botatzen. Zeharka so egin diot Txipori.

      “Zer adin duzu?”, esan dio orduan emakumeak Txipori, inoiz haurdun dagoen inor ikusi ez balu bezala”. Baina Txipo ez zaio entzuten ari, okupatua dago lurrean datzan gauzari begira.

      “Hamar urte”, erantzun du Jainkoakdakik Txiporen ordez. “Guk biok bederatzina ditugu, bikiak bagina bezala” esan du Jainkoakdakik, bera eta bioi buruz. “Sasikok hamaika ditu eta Sbhok zortzi, eta Stinak ez dakigu”.

       “Uau,” esan du emakumeak, kamerarekin jolasti.

      “Eta zuk zer adin duzu?”Jainkoakdakik galdetu dio. “Eta nongoa zara?” Jainkoakdakik gehiegi hitz egiten duela pentsatzen ari naiz.

      “Nik? Tira, 33 ditut, eta Londreskoa naiz. Lehen aldia da aitaren herrialdea bisitatzen dudala.”

      “Londresko goxoki batzuk jan nituen behin. Osaba Dotorek bidali zituen lehenengoz hara joan zenean, baina aspaldi izan zen. Orain ez du inoiz idazten”, esan du Jainkoakdakik. Emakumearen aho bihurriak mastekatzeari utzi dio. Harekin batera egin dut irenstearena.

      “Hamabostekoa dirudizu, neska baten adinekoa” esan du Jainkoakdakik. Zain nago emakumeak Jainkoakdakiri muturrean zaplaztekoa eman diezaion, esan duenagatik, baina orduan emakumeak barre egin du harro egoteko zerbait esan izan baliote bezala.

      “Eskerrik asko” esan du. Begiratu egin diot berari zer-dago-eskertzeko tankeran, eta gero besteei, eta badakit haiek ere pentsatzen dutela arraroa dela emakumea. Ile-adatsera eraman du esku bat, ilea trinkoa eta zikina ikusten da; ni Budapesten biziko banintz, egunero garbituko nuke gorputz osoa eta ilea orraztuko erakusteko benetako pertsona naizela benetako toki batean bizitzen.

       “Inporta zaizue, gazteak, argazki bat egiten badizuet?”

      Ez gaude ohituta helduak guri ezer galdetzen, eta ez diogu erantzun; soilik begiratu egin diogu emakumeari, pauso batzuk atzera egiten, haren ile latzari, pausoak ematean lurra erraztatzen duen haren gonari, haren oin barrandari ederrei, haren bitxi bikainei, haren begi handiei, bizirik dagoela erakusteko inongo orbanik behar ez duen haren azal ezti nabarrari, haren sudurreko arrakadari, “Darfur bizirik” dioen haren elastikoari.

      “Ea ba, esan gazta, gaztaaa, gaztaaaaa”, grinatsu emakumeak, eta denok esan dugu “gazta”. Nik berez ez dut esan, gogoratu nahian nagoelako zer esan nahi duen zehazki gazta hitzak, baina ezin dut oroitu. Atzo Hezurren Andereak Dudu txoriaren istorioa kontatu zigun, zeinak ikasi eta kantatu zuen kantu berri bat hitzak ulertzen ez zituena, eta bota zuten, hil zuten eta afaltzeko kozinatu zuten kantuak hain zuzen ere jendeari eskatzen diolako hil eta kozinatu dezatela.

      Emakumeak ni seinalatu nau, buruaz markatu, eta esan dit “gaztaaaaaa” esateko, eta esan egin dut bera barrezka so neukalako benetan ezagutuko banindu bezala. Hasieran poliki esan dut, eta orduan “gazta” eta “gazta” esan dut, eta “gaztaaa, gaztaaaaaaa” esaten ari naiz eta denak ari dira “gaztaa gaztaa gaztaa” esaten eta denok ari gara hitza kantatzen eta kamera klik egiten ari da eta klik eta klik. Orduan Stinak, inoiz hitz egiten ez duenak, altxa eta kanporantz egin du. Emakumeak argazkiak egiteari utzi eta esan dio, “Ongi zaude?”, baina Stina ez da gelditu. Orduan Txipok alde egin du Stinaren atzetik, sabela igurtziz, eta orduan denok egin dugu martxa haien atzetik..

      Han utzi dugu emakumea, zutik, argazkiak egiten. SADCko kale-izkinan geratu da Sasiko eta hari irainka hasi da orroaz, eta gauzaz akordatu naiz eta nola jaurti duen nahi genuen galdetu ere egin gabe, eta ni ere garrasika hasi naiz, eta denak batu zaizkigu. Garrasi egin dugu eta garrasi eta garrasi, hura jaten ari zen gauza jan nahi dugu, zarata egin nahi dugu Budapesten, goseak alde egin diezagun nahi dugu. Emakumeak begiratu egin digu, zurtuta, eta korrika batean sartu da barrura, eta guk garrasika eutsi diogu. Ahotsa galdu dugu garrasika. Eztarriak erretzen digu. Atea itxi eta emakumea desagertzean, gelditu, eta pixkanaka aldendu egin gara guaiaba bila.

      Sasikok dio hazten garenean guaiabak lapurtzeari utzi eta etxe barruetan gauza handiagoak ebatsiko ditugula. Hori datorrenean, ni ordurako ez naiz hemen izango, Ameriketan bizitzen izango naiz Izeba Fostalinarekin, gauza hobeak egiten. Orain, ordea, guaiabak. IMF Streetean egin dugu aukeraketa, mendi baten kontrako etxe txuri batean. Igeritoki handi bat dauka aurrean, aulki hutsak inguruan.

      Etxe eder honen gauzarik onena da mendia etxearen atzealdean dagoela, eta gure guaiabak berriz eskura, bagentozela entzun eta gurekin biltzera atera balira bezala. Aise igo gara hesira, zuhaitzera, eta gure plastikozko poltsak idi-guaiabaz bete. Handietakoak dira, gizon baten ukabilaren neurrikoak, ez dira horitara heltzen guaiaba arruntak bezala, kanpoaldetik berde jarraitzen dute, arrosa eta samurrak barruan. Hain goxoak dira, ezin baitut adierazi ere egin.

      • • •

     

      Paradiserako bueltan, ez goaz korrika. Harro goaz oinez, Budapest gure herrialdea balitz bezala, bidean goazela guaiabak jaten eta azalak edonon tu eginez lekua zikinduz. AU kalearen kantoian Txiporen zain geratu gara, gonbitoka egin dezan. Gaur haren gonbitoak txiza ematen du, baina trinkoagoa. Han utzi dugu, agerian.

      “Halako etxe batean biziko naiz egunen batean”, esan du Sbhok, guaiaba lodi bati hozkada emanez.  Ezkerretara begiratu du, eta etxe urdin handi bat seinalatu, eskailera luzea daukana, dena lorez inguratua. Zertaz ari den jakingo balu ematen du haren ahotsak.

      “Nola lortuko duzu?” galdetu diot.

      Azal zatiak tu egin eta esan dit, begi handiez, “Badakit”.

      “Ametsetan egingo du”, diotso Sasikok eguzkiari, guaiaba bat Sbhoren etxearen harresirantz jaurtikiz. Hormaren arrosa zikinduz lehertu da guaiaba. Guaiaba gozo bati hozka egin diot. Idi-guaiabaren haziak murtxikatzea ez zait asko gustatzen, gogorrak izanik, luze jotzen baitu, eta hortaz kontuz xehatzen ditut, eta batzuetan osorik irentsi ere, nahiz eta jakin zer gertatuko den.

       “Zergatik egin duzu hori?”. Bere etxearen harresi zikindu berriari begiratu dio Sbhok, eta gero Sasikori. Irri egin eta beste guaiaba bat bota du Sasikok. Horma ez, baina atea jo du. Ateak ez du benetako ate batek egin beharko lukeen zaratarik egin.

      “Ahal dudalako. Nahi dudana egin dezakedalako. Eta gainera, zer axola du?”

      “Bada justu entzun didazula esaten etxea gustatzen zaidala, eta beraz uste izatekoa da ez diozula ezer egingo. Zergatik ez duzu aukeratu niri inporta ez zaidan beste etxe bat?”

      “Tira, baina horrek ez du etxea zure bihurtzen, ala?”. Sekula kentzen ez duen txandal-galtza beltza darama, eta “Cornwell” dioen elastiko laranja maiztu bat. Cornwell elastikoa  kendu, buru gainean lotu eta ez dakit itsusi ala eder dagoen, gizon edo emakume ematen duen. Jiratu eta atzerantz hasi da, Sbhori aurpegia emanda oinez ibiltzeko. Berari begira nahi izaten du inorekin xextran ari denean. Guztiok egurtu izan gaitu, Stina izan ezik.

      “Eta gainera, Budapest ez da edonor sar litekeen komun bat. Zu ezingo zara inoiz hemen bizi.”

      “Budapesteko gizon batekin ezkonduko naiz. Paradisetik aterako nau, txaboletatik eta Heavenwaytik eta Fambekitik eta guzti horretatik”, esan du Sbhok.

      “Ha, ha. Uste duzu zulako hortzik gabeko batekin ezkonduko dela gizon bat? Ni neu ez nintzateke sekula zurekin ezkonduko” esan du Jainkoakdakik, sorbalda gainetik garrasi eginez. Gure aurretik doaz bera eta Txipo eta Stina. Jainkoakdakiren galtza motzei erreparatu diet, atzealdea tarratatuta, ipurmasail ikatza baino beltzagoak oihal zuri zikinaren artetik begi arraroak bailiran ageri direla.

      “Ez naiz zurekin ari, buruhandia!” Sbhok orro egin dio Jainkoakdakiri. “Gainera, hortzak atzera haziko zaizkit.Amak dio oraindik ere ederragoa izango naizela!”

      Jainkoakdakik, zer esan ez dakiela, eskua luzatu du “edozer” keinua eginez. Denek dakite Sbho polita dela, gu guztiok baino politagoa, Paradiseko haur guztiak baino politagoa. Batzuetan harekin jolasteari uko egiten diogu, hori jakingo ez bagenu bezala berriketari uzten ez badio.

       “Tira, ez zait axola, ni neu irtengo naiz herrialdetik. Diru mordoa irabaziko dut eta etxe bat erosiko dut txit Budapest honetan edo Los Angelesen, are Parisen” esan du Sasikok.

      “Dirua egiteko hezkuntza behar duzula, hori esaten zigun Gono jaunak eskolara joaten ginenean, hori zioen nire benetako irakasleak”. Txipok sabela igurtzi du, eta Gono jauna izena harro asko esan, bere aita balitz bezala, zerbait berezia balitz bezala, sabel barruan dagoena akaso hura balitz bezala.

      “Eta nola lortuko duzu, eskola ez goazelarik?” erantsi du Txipok.

      “Ez dut eskola behar dirua irabazteko. Hori zein Bibliatan irakurri zenuen, e?”

      Sasikok garrasi egin dio Txipori, bere aurpegia harenaren kontraraino eramanez, sudurra hozkada batez kentzera joango balitz bezala. Sabela laztandu du Txipok, eta geratzen zaion guaiaba zatia jan, lasai. Azkartu du pausoa, gugandik aparte.

      “Izeba Fostalinarekin bizitzera joango naiz Amerikara; laster, ikusiko duzue”, esan dut ahotsa ozenduz, denek entzuteko moduan.  Guaiaba berri bati ekin diot; oso goxoa da, ozta hiru hozkadatan amaitu dut. Haziak mastekatzea ere ez zait inporta.

      “Amerika oso urruti dago”, esan du Sasikok, gogaituta. “Hegan joan behar den inora ez dut joan nahi. Eta ataskatuta gelditzen bazara, itzuli ezinik? Hego Afrika edo Botswanara joango naiz ni, hartaka, gauzak okertzen badira, bidean jar naiteke inorekin hitz egin behar izan gabe; erraz itzultzeko aukera eduki behar duzu edonora zoazela.”

      Sasikori begiratu diot, zer esango diodan pentsatuz. Guaiaba hazi bat geratu zait oia eta azken haginaren tartean, eta mingainaz saiatzen ari naiz hura ateratzen. Hatza baliatu dut, azkenik. Belarriko argizariaren gustua dauka.

      “Amerika oso urruti dago”, esan du Txipok, Sasikorekin bat eginez. Gelditu egin da une batez, eskua sabelpean duela, eta harrapatu ahal izan dugu. “Eta hegazkinari zerbait gertatzen bazaio barruan zaudela? Eta terroristak?”

      Pentsatu dut Sasiko aurpegi-itsusiaren mesedetan esan duela hori Txipo aurpegi-leun  futbol baloi sabeldunak, garrasi egin diolako. Hizketarako begirada egin diot, baina ahoa mastekatze hutsari eutsi dio.

      “Ez dit axola, ni banoa,” esan dut, eta pausoa bizkortu Jainkoakdaki eta Stina harrapatzeko, bai baitakit berriketa zertan amaituko den Txipo eta Sasiko nire aurka elkartzen badira.

      “Ondo da, segi Ameriketara, segi, eta egin lan etxeko neskame eta kaka garbitzaile. Zuk uste duzu istorioak ez ditugula ezagutzen!” Sasikok bizkarrera garrasi egin dit baina nik oinez segitu dut.

      Pentsatu dut buelta erdia hartu eta Sasiko jotzea nire Amerikaz hori esateagatik. Masailekoa emango nioke, kopetan kolpatuko nuke eta muturrekoa emango nioke eta hortzak hautsi. Urdaila sakatuko nioke jandako guaiaba guztiak gonbitarazi arte, eraitsi egingo nuke. Belaunekoa emango nioke bizkarrean, eskuak bizkarrera doblatu eta burua atzerantz bultzatuko nioke bizirik utz nezan erregu egin arte. Baina isildu egin naiz eta aurrera segi. Badakit inbidiaz baino ez dagoela. Ameriketan inor ez daukalako. Bera Sasiko delako eta ni Laztana.

 

      • • •

     

      Paradisera iritsi garenerako guaiabak amaitu ditugu eta bete-bete eginda gaude, justuan ez gabiltza lau hanketan. Gauerako ura edango dugu, Hezurren Amaren istorio bat entzun eta lotara joango gara. Sasi artean kaka egiteko geratu gara. Komeni da ilundu aurretik egitea, bestela ez zaitu inork laguntzen; hilerria iragan behar duzu sasitara iristeko eta mamuren batekin topo egin dezakezu.

      Guztiok bilatu ditugu tokiak, eta ni neu haitz baten atzean makurtu naiz. Hauxe da guaiaben alderik makurrena, hazi horiek denek erabat lehortzen zaituzte. Sabelustea tokatzen denean, min handia jasaten dugu, herrialde batez erditzean bezala. Minutuak eta minutuak eta minutuak igarotzen dira eta inork ez du oihu egiten “Ni listo naiz, mugi zaitezte”.

      Denak gaude kokoriko, bakoitza bere tokian, eta ni izterra ukabilaz kolpatzen ari naiz karranpa bat baretzearren, bat-batean norbaitek garrasi egin duenean. Ez da indartsuegi bultzatu eta guaiaba-hazi batek uzkia ebaki dizunean egiten duzun garrasia; “etorri ikustera” esan du,  beraz bultza egiteari utzi, kuleroak igo eta haitza utzi dut. Eta han, makurtuta eta garrasika, Jainkoakdaki dago. Zuhaitz sarriak seinalatzen ere ari da, eta ikusi dugu, gauza luze bat zuhaitzetik dingilizka.

      “Zer da hori?” xuxurlatu du norbaitek, ez dakit nork. Inork ez du erantzun, guztiok ikus dezakegulako orain zer den. Emakume bat soka berde batetik zintzilik. Eguzkia hosto artean estutzen da dena kolore berezi batekin margotuz, eta emakumearen azal argiari distira ematen dio, barruan sugar goriak balitu bezala.

      Albotan bigun dauzka emakumeak beso meheak zintzilik, eta eskuek eta oinek lurra seinalatzen dute, norbaitek hura marraztu balu bezala, lerro zuzen bat airean zintzilik. Begiena da alderik beldurgarriena, oso zuri ageri dira, eta ahoa erabat zabalik du. Soineko hori bat darama eta belarrak zapaten punta musukatzen du.

       “Goazen bizkor,” esan du Stinak. Stinaren lehen hitzak dira herrialde-jolasaz geroztik. Stina mintzo delarik badakizu zerbait garrantzitsua dela, eta korri egiteko prest jarri naiz.

       “Beldurti, ez al duzu ikusten bere burua urkatu duela eta orain hilda dagoela?” harri bat hartu eta jaurtiki du Sasikok, emakumea izterrean joz. Zerbait gertatuko dela espero dut, baina ez da ezer jazo, emakumea ez da mugitu.

      “Ikusten, esan dizut hilda dagoela”. Nagusia nor den gogorarazi nahi digunean erabiltzen duen ahotsaz esan du Sasikok.

      “Jainkoak zigortu egingo zaitu horregatik,” esan du Jainkoakdakik.

      Beste harri bat bota du Sasikok. Zangoan jo du emakumea khu zarata eginez. Emakumea ez da orain ere mugitu. Izututa nago, iduri zait so daukadala bere begi zuri lehertuekin. Begira, ez dakidan zerbait egiteko zain..

      “Jainkoa ez da hemen bizi, ergel halakoa” esan du Sasikok. Emakumearen soineko horia gainukitu duen beste harri bat bota du, eta poztu nau ez asmatu izanak.

      “Banoa eta amari esango diot,” esan du Sbhok, eta negar egin nahi duela ematen du. Stina abiatu egin da, eta Sbho eta Jainkoakdaki eta neu atzetik joan gatzaizkio. Sasikok atzean eutsi dio une batez, baina sorbalda gainetatik begiratu dudanean gugana zuzen ikusi dut. Badakit ez dela gai sasian bakarrik gelditzeko hildako emakume batekin, nahiz eta Paradiseko lehendakaria bailitzan egiten duen. Oinez elkarrekin egin dugu berriro, baina Sasikok gure aurrera jauzi egin du.

      “Itxaron, nork nahi du ogia?” esan du, Cornwell elastikoa buruan estutuz. Sasikoren bularreko zauriari begiratu diot, ezkerreko bularraren azpian justu. Arrosakara da, guaiaba baten barrua bezala.

      “Non da?” esan dut.

      “Entzun, ohartu zinen emakume haren zapatek berriak ziruditela? Eskuratu ahalko bagenitu, gero saldu eta ogi bat erosi ahalko genuke, agian bat eta erdi. Zer diozu?”

      Buelta eman eta sasian barrena jarraitu gatzaizkio denok Sasikori, bizkortzen ari gara, korrika hasi gara, korrika hasi gara eta barrez eta barrez eta barrez.

 

JO DUGU BUDAPEST
NoViolet Bulawayo

Hitting Budapest, 2010
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2018