ADEN ARABIE (zatia)
Paul Nizan

euskaratzailea: Koldo Izagirre

 

I

 

      Hogei urte nituen. Ez diot inori esaten utziko bizitzaren adinik ederrena dela.

      Oro dauka hondagarri gazte batek: maitasuna, ideiak, familia galtzea, helduen artera sartzea. Gogorra da nork bere zatia ikastea munduan.

     Zeren antza zeukan gure munduak? Grekoek unibertsoaren sorrerako fabrikazioaren anabasan kokatzen zuten kaos batena. Azkenaren hasiera ikusi uste genuen ordea, egiazko azkenarena, eta ez hasiera baten hasiera den hori. Lekuko bakan batzuk gakoa atzematen saiatzen ziren eraldaketa akigarri hauen aitzinean, nahasmenak bizirik zen guztiaren heriotza zekarrela besterik ezin igarri. Eritasunak bururatzen dituen nahaspilaren antza zeukan denak: gorpu guztiak ikusezin bihurtzen dituen heriotza baino lehen, haragiaren batasuna suntsitzen da, anizte horren zatiek zein bere alde tiratzen dute. Berpizterik ez daukan ustelduran du honek azkena.

      Arras gizon gutik ikusten zuen bere burua aski argi ustelki handien atzetik lanean ari ziren indarrak erakusteko.

     Ez genekien deus ere jakin behar genukeen hartaz: axaleko zimurrak besterik ezer ulertzeko sobera konplikatua zen kultura. Mehekeriatan higatzen zen arrazoiez sailkaturiko mundu batean, eta haren profesionaletarik ia inor ez zen gauza komentatzen zituzten testuak hitzez hitz esateko. Errakuntza beti da sinpleagoa egia baino.

      Benetan garrantzizkoa zenaz osaturiko ABCak behar genituen. Baina irakurtzen ikasi ordez, noiztenka arrangura zintzo batek loa galarazten zien haiek endekatzeen alderaketan oinarritzen ziren ondorioak idurikatzen zituzten: basatien inbasioa ondorio, makinen garaitza, Patmos uharteko liluraldiak, helegiteak Genevara edo Jainkoari. Zeinen inteligenteak ziren guztiak.

      Baina maltzurtxo hauek ikusmen motzegia zeukaten naufragioez haratago behatzeko beren betaurrekoen gainetik. Eta konfiantza zieten gazteek.

      Errekurtsurik gabeko kondenak, aginduzko baieztapenak: "Heriotzara zoazte". Nire adinekoek galde egiten zuten, arnasa ezin harturik, burua urpean eduki dituzten biktimak bezain zapalduak, airerik ba ote zegoen inon oraino: beren itotako familiekin batzera igorri behar zituzten hala ere bi uren artean.

      Intelektualetan sailkatzen baininduten, baliabiderik gabeko teknikariak besterik ez nuen ezagutu inoiz: ingeniariak, abokatuak, bibliologoak, irakasleak. Ez ninteke oroit ere egin pobrezia honetaz.

      Eskolako halabeharrek, aholku zuhurrek Eskola Normalera eta filosofia esaten zaion ariketa ofizial horretaraino eraman ninduten: batak eta besteak hartzen ahal nuen higuindura guztia eman zidaten laster. Galdetzen badidazue zergatik iraun nuen bertan, nagitasunez, zalantzaz, lanbiderik jakin ezaz, eta Estatuak ematen zidalako hazkurria, bizilekua, liburuak doan maileguz eta ehun libera hilaren buruan.

      Eskola Normala nazioek Errepublikari jelosten dioten erakundea dugu: Frantziaren buruetarik bat da, ugazabez hornitua hidra bezainbeste. Formatzeko ordaintzen dutenek Elitea esaten dioten mago multzo harroaren zati bat hezten da bertan, herria konplazentziaren eta errespetuaren bidean mantentzea du helburu, Ongia diren bertuteak izanik. Apeztegi eta erregimentuetako talde espiritua da jaun eta jabe bertan: erraz sinetsarazten zaie gazte haiei norberaren ahultasunak harrotasun kolektibora daramatzala, Eskola Normala izaki erreala dela, arima bat daukana —arima ederra—, egia, justizia eta gizakiak berak baino maitagarriagoko pertsona morala. Entitate gardenak bizi diren leku horretan, hala nola Larrosaren Lorategian, hipokrisia da nagusi. Normaltar gehienek Elitearen partaide direla frogatzen duten iritziak bakarrik daramatzate beren bizkar: elite kristaua, askok maite dute meza. Elite unibertsitarioa: ikusten ahal dira karrera eder baten etapak bidaia luze baten gisan prestatzen dituztenak eta hogei urteren bururako ezkontzak proiektatzen dituztenak irakasle ospetsuen alabekin: Eskolako Boletina-k genealogia fier eta barregarriak argitaratzen ditu. Elite politikoa: batzuek arrain zaharren trebetasunarekin egiten dute igeri alor sozialisten, liga erradikalen ur zikinetan. Baina Espirituaren eliteak beti. Pentsamendu handigose hauek murriztu egiten dituzte gizakien balioaren gaineko gogoeta gehienak.

      Aitzindari ospetsuen eredua proposatzen zaie bertan Lizeo urteek unatu, humanitateek, beren familien moral eta sukalde burgesek usteldutako nerabeei: Pasteur, Taine, Lemaitre, Giraudoux, François-Poncet. Ohorezko Gurutzea agintzen zaie abere-itzuliaren buruan eta Frantziako Institutua hil aitzin: baina inork ez die kontatuko Evariste Galoisen bizitza.

      Bazen oraino gizon bat 1924an: Lucien Herr. Ikusten genuelarik erraldoi hura liburu meta baten gainean makur, lausorik gabeko begi haiek kopeta hanpatu baten, gogoeta zorrotzen labar baten azpian, entzuten genuelarik haren ahotsa iritziak ematen helburu justu hau baizik nahi ez zutenak: itzul zekiola bakoitzari zor zaiona, bagenekien ez zela arriskutsua egoitza higuin hartan bizitzea. Baina hil egin zen: Eskola Normala besterik ez zen geratu, irri eragingarri eta maizago hastiagarri, agure abertzale, hipokrita eta boteretsu txipi bat lehendakari, begirunea ziena militarrei.

      Urteetan entzun ditut Ulm karrikan eta Sorbonako aretoetan Espirituaren izenean mintzo ziren gizon inportantak.

      Jakinduria aldizkarietan irakatsi, erreferentziako lanak eta arrazoi zintzoak idatzi ohi dituzten filosofo horietarik ziren. Elkargo jakintsuetan sartzen dira, kongresuak antolatzen dituzte Espirituak zenbat aitzinatu duen urte betean edo egiteko dauzkanetan erabakitzeko. Xingolak dauzkate mahuka petraletan jendarme zahar erretretatuak iduri.  Marmolezko oroitarriak musten dituzte jaiotetxetan, hiletxetan, karrefur holandarretan. Urteurren hauek herrialdea ikustera ekartzen dituzte. Gutiz gehienak bizi dira Paris sartaldeko auzoetan: Passy, Auteuil, Boulogne: auzo lasaiak, zarata guti, gizon guti, neskatxek ez dute urte beteko berandua sarian. XVIgarren arrondisemaneko Jakintsuak dira.

      Halarik ere, ongi taxutu ideiak aurkezten dituzte, haginak psikologiaren, moralaren, aurrerapenaren gainean limatu dizkieten teoremak: abstrakzio horiek ongi xaretuak zeuden Jules Simon edo Victor Cousinen garaietan; baliagarriak dituzte oraino. Gizonttoak ditugu: egia hegan harrapatu behar omen da, txori ergel bat bezala. Bakeaz eta gerlaz, demokraziaren etorkizunaz, justiziaz eta Jainkoaren sorreraz, erlatibitateaz, serenitateaz eta bizitza espiritualaz egiten digute mezu. Bokabularioak osatzen dituzte, garrantzizko proposamena deskubritu baitute orok bat: ez da berriz arazorik egonen baldin terminoak behar bezala definitzen badira. Hauts eginik joko dute lur orduan: ez ikusi ez ezagutu, aipatzea bera konponbide. Filosofoak bokabularioaren atezakurrak izanen dira soilik, eta hitzek zenbait adiera zituzteneko erdi aro hartako historialariak. Anartean pentsamendu arriskutsuak alde batera kokatzen ikasten dute, pozoia galduko duten egunaren aiduru: arrazoiak badu astirik, kausituko ditu behar orduan, ez baitator bat gizonen orduarekin.    

      Horrela egiten dute filosofia, horretarako, azken finean, txukuntasuna eta ardura behar baita, ohoragarria izan dadin kontabilitateari eta Jesusen konpainiari kendu bizitzak hari ematea.

      Eta nolako hizkera! Hainbeste esaldi on, erran zahar, erretorika, non ez baitakit loaren deklarazio sekretuek agindutako isilaldien, plazetan, kasernetan, tabernetan, lantegietan berandutu bidezkoekin egindako eleketen bortxaz kausituko ote niekeen zentzurik hitz zuzenei eta gizonen asmaketa sotilei.

      Horien artean pentsalari handi bat: Leon Brunschvicg. Jokoa ongi estaltzen zuen, as bat baino gehiago mahukaren muturrean. Ideien erlojugile baten zehaztasuna, lehenik filosofoa esanen litzaiokeen ilusionistaren artea erakusten zuen trebetasuna: baina azken buruan gezurrak zenbatzen ahal zitzaizkion Robert Houdin neurrigarri bat baino ezin genuen ikusi. Sofisma arrasaltzaile honek noizbait sabela eta bizarra janztera baimendutako mahaizain zahar baten itxura zeukan. Maltzurkeria zerion begiertzetarik gidatzen zituen merkatari juduaren esku melenga haien higidura laburrak espazio grisean. Ele onak jaurtiz begi kliskaka arrazoiaren dekretuak bailiran, diskurtso bakoitzean aditzera emanez: utz niri, dena konponduko da, dena moldatzen dut nik arimetan eta zientzietan. Gero parterreari diosala. Nolako gosestalia lekuz, pausaz eta ohorez. Nolako beldur ageria mehatxu dagien egiari, gizon aberats honen dirua, esterako, kordokarazi lezakeenari! Inguruan lerrokatuak zeuzkan dizipuluak prest zeuden idealismo kritikoaren bandera mertzenarioa haren gorpuaren gainetik jasotzeko.

      Bizkitartean gizonek katean egiten zuten lana. Bizkitartean poliziak zebiltzan karriketan, gizonak hiltzen ziren Txinan heriotza bortitzez, Haute-Voltan izurrite batek bezala eraisten zituen Beltzak.

      Beraz, ahalegina egiten zuten gure anaien hezur-mamizko existentzia ezkutatzeko, egiazki arma gintezen destinatuak geunden apezlanetarako. Burgesiak lumaberritzetan galkatzen ditu bere intelektualak, mundua maitatzeko tentaldirik ukan ez dezan. Horrela bizi gara loaren abiadura motelean: orok dakigu abiadura handiak direla garestienak. Itzulika egin behar genuela irakatsi ziguten bezala egiten genuen itzulika, kargulant guztiek irakatsitako eraikuntza jolas txikitan. Nonahi geneukan jendea baserrietan eta aldirietan: baina guk, guk haiek bezala egiteko behatzen genuen, txokoan kokoriko tristeki jarritako geure maisuek eta gure gurasoek bezala, aldian behin altxatzen zirelarik patroiei irria eraginen zien ilusio, argudio edo justifikazio eskabideren bat eramateko. Bufoiak, konplizeak: espirituaren lanbideak. Noiz edo noiz, ukan genezala pazientzia ziguten erregutzen: mundua laster zen salbatzekoa.

 

II

 

      Egizue kontu: hona gu hemen errukirik gabeko mundu batera jaurtiak hogei urte beteta zenbait laket artez horniturik: grekoa, logika, garbi ikustearen ilusioa ere ematen ez digun bokabulario zabala. Gurasoen makinen galerian galduak gaude, non gaizki argiztaturiko bazter guztiek topaketa odoltsuak, kolonietako gerlak, izu zuria Balkanetan, esku frantses guztiek txalotutako erailketa amerikarrak disimulatzen dituzten: boterean diren gizonen hipokrisia beldurgarria ez da iristen ahal ulertzen ez ditugun maluren presentzia estaltzera: hortxe daudela besterik ez dakigu, badela malurik non edo han. Ez esan gure onerako dela. Ez dezazuela patua sala, ez egin beti eta beti Pilatoren keinua. […]

 

ADEN ARABIE (zatia)
Paul Nizan

euskaratzailea: Koldo Izagirre