ZORIONTSUA ZARA, ADISKIDE?
Bimal Nibha

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015

 

Kolore guztiak

loretan

erleak eztitan

txoriak txioka.

Zerua urdin

ura xirripetan.

Baina barka ezazu, adiskide

barka ezazu lana etetea

zoriontsua zara?

 

Mendiak harro goraino

iturriek marmar eztia

haizeak laztan leuna

eta urrunean

xirula baten doinua.

Baina barka ezazu, adiskide

barka ezazu galdetzea

urdaila, betea daukazu?

 

Ilargia eder

gaua lurrintsu

espiritua bare

gorputza lasai.

Baina barka ezazu, adiskide

barka ezazu berriro galdetzea

jaitsi da arrozaren prezioa?

 

Jaitsi da arrozaren prezioa?

Urdaila, betea daukazu?

Zoriontsua zara?

 

ZORIONTSUA ZARA, ADISKIDE?
Bimal Nibha

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015