NOLA USTE DUEN IRAUN NAZIO BATEK?
Min Bahadur Bista

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015

 

Hauxe duzu Machuputxare, jauna!

Eta huraxe Annapurna.

Eta han atzean ikusten duzuna

Dhaulagiriren soslaia da.

Begi bistan dauzkazu hementxe, jauna!

Eta prismatikorik behar izan gabe, sir.

Zuk hiru izarreko hotela behar duzu, jauna!

Diru apur bat utziko zenidake, sir?

 

Jauna! Hauxe duzu Koshi

Hori Gandaki, eta beste hura Karnali.

Zu irakurria egongo zara noski

oso zikinak dauzkagula ibaiak Nepalen.

Baina ez da egia,sir.

Plan bat ere egina daukagu ur hauetan elektrizitatea sortzeko, sir.

Ez zenidake diru apur bat utziko?

 

Hauxe duzu Katmanduko harana, sir!

Nazioaren zentroa da

bere hiru hirirekin: Katmandu, Lalitpur eta Baktapur.

Sumatu duzu usaina, sir?

Hobe duzu zapia musuan ipini, sir.

Egia da ez garela oso trebeak isurbideak eta komunak egiten

baina hurrengo bost urterako planean

indarrean ezarri behar dugu “Zain ezazu hiria garbi” izeneko kanpaina.

Diru apurtxo bat utziko zenidake, sir?

 

NOLA USTE DUEN IRAUN NAZIO BATEK?
Min Bahadur Bista

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015